16 urte besterik ez nuen. Ni baino zaharragoko lagun batek eskatuta, Bizkaiko herri batera joan nintzen, gudari bati bertso pare bat kantatzera. Nire iruditerian gure aitona zenaren adin bertsuko gizon baten omenaldia irudikatu nuen, Francoren altxamendu militarrari aurre egiteko armak hartu eta gerran eraitsi zituztenetakoren batena. Haiek etortzen zitzaizkian burura gudari hitza aipatu orduko; familia, lana eta zeukaten dena utzi eta, herriaren eta askatasunaren defentsan, kolpe militar bati aurre egitera joan zirenak. Aldiz, hilabete gutxi lehenago atentatu ahalegin batean hildako etakide baten ohorezko monolitoaren aurrera eraman gintuzten. Shockean geratu nintzen. Etakide haren memoriak ere mereziko zuen agian bertsoren bat; bihotza erdibitutako guraso eta senitarteko haiek beharko zuten ausaz zauriak goxatuko zizkien aleren bat. Ondo nekien, baina, nik sentitu eta pentsatzen nuena ez zela hara bildutakoek entzun nahi zutena, haien barruak behar zuena. Neure ikuskera bazter utzi eta xehatutako senide haiek behar zuten hori kantatzera makurtu nintzen, ahal bezain?neutro?

Herriak inoiz ez du ahaztuko,

gudari, zure oroitza.

Neure baitan sentitzen eta onartzen ez nuen adiera bat eman nion gudari hitzari. Hori kantatu nuen, aitortzen dut. Hura ez zen nire lekua baina han nengoen, eta ez nintzen beste ezer egiteko gai izan.

Ezker Abertzalearen ingurumaritik maiz entzuten ari gara azken boladan batzuen eta besteen arteko alderaketak. Hiltzea bidezkoa izan ez zela aitortzeko eskaeraren bat egiten zaienean, Francoren kolpe militarrari aurre egitera joandakoak jar-tzen dituzte demokrazia garaian -halamoduzko demokrazia, baina ez orain dugunetik oso urrunekoa- militarrak, guardia zibilak, ertzainak, sukaldariak, epaileak, abokatuak, enpresariak, hautetsiak, irakasleak edo kazetariak hil zituztenen parean. Bakoitzak ahal bezala ohoratu beharko ditu bere hilak, baina gutariko askoren kontakizunean ez du lekurik izango alderaketa faltsu eta bidegabe horrek. Azken batean, jokabide hori ez dago oso urrun Ortega Smith-ek 13 larrosen gainera jaurti nahi izan duen simaurretik. Eta ez, hori ez. Kontakizun ofizial edo politikoez harago milaka norbanakorena dago, eta hor, norbere zama eta lotsez landa, idazketa oso aurreratuta doa.