Etzi, hilaren 24an, aterako dute Franco Los Caidosko mausoleotik. Sanchezen Gobernuak diskrezioa agindu zuen hasieran. Publizitate beharrean dago, ordea. Kamerak eta argazkilariak izanen dira lekuko, mundu guztiak jakin dezan PSOEk bere promesak betetzen dituela eta hitza hitz dela Pedro Sanchezendako. Duela 40 urte albiste pozgarria izanen zen. Baita duela 30 urte ere, Felipe Gonzalez sozialistaren agintaldian. Sevillarra 14 urte egon zen Espainiako gobernuburu, eta geroago bertze sozialista bat ere, Zapatero, 7 urte gehiago. Hala ere, Francok hortxe segitu du gaurdaino, hil ondoan ere itzal egiten. Ortzegunean telebistak ekarriko dizkigun irudiekin caudilloak kartzelan atxiki zituenak edo hilarazi zituenen seme-alabak poztuko ziren gehien. Tamalez, zenduak dira guztiak. Haien ondorengoei beranduak ur-ardotuko die poza. Sanchezek ez du PPren lan-erreforma indargabetu. Ez du Rajoyren mozal legea zakarrontzira bidali. Trukean, Franco aterako du Cuelgamurostik. Oroituko ahal da, azaroaren 10ean, boto-emaile ezkertiarra. Jarduneko gobernuburuak aska guztietatik edan nahi, alabaina. Boto-emaile eskuindarra erakarri nahirik diseinatu zituen Procéseko epaiaren ondokoak, bezeroen segmentu horrendako gordez irmotasun konstituzionalaren oparia. Ongi pentsatua, kontu ttiki batengatik ez balitz: irmotasunaren txapelketan, Estatuko eskaintza politikoak baditu, sobra ere, Sanchezek baino irmoago jokatzeko prest daudenak. Horra, inkestetan, PP eta Vox gora. Azaroan eskuinak irabazten badu baietz independentistei egotzi errua, ezen ez Sanchezen hutsaltasunari. Baina lehenago, etzi hain zuzen ere, bere loria eguna biziko du politikari madrildarrak. Frankista zahar eta berrien haserreak mesede eginen dio oraingoan. Mingorrubio ere sutan ikusiko dugu, Bartzelona bezala? Ea nola portatzen den haiekin polizia espainiarra.