Joan den larunbatean, bi iruindar Madrilen, Berri Txarrak-en kontzertura joanak. Helbide bat bilatzen ari dira karrikan eta, aurkitzen ez dutenez, parean suertatu zaizkien gazteei galdegin diete. Eskatu, baita eskuratu ere. “Merci”, eskertu die faborea bi nafarretako batek, erdi txantxetan. Sutu dira, orduan, gazte madrildarrak: “¡Esto es España y aquí se habla español!”. Nola edo hala atera dira atakatik gure bi herrikideak. Seguru aski gauzak makurrago joanen ziren “eskerrik asko” edo “moltes gracies” ihardetsiz gero. Espainia gustatzen zait, euskaldun gehienei bezala. Espainia zinez desatsegin jartzen ari zaigu, ordea, espainoltasunaren ortodoxian sartzen ez garen espainol NANdunei. Beharbada egiazki daudenak baino mamu gehiago ikusten ditut, baina ni, harritu eta guzti egin nintzen atzo, Bernardo Atxagari Espainiako Letren Sari Nazionala eman ziotela jakitean. Epaimahaiak, literatur sen zorrotza eta begi zolia ez ezik, ausardia ere behar izanen zuen halako erabakia har-tzeko. Ebrotik beheiti hazten ari den giro mikatzean, ez dirudi arriskurik gabea espainolez idazten ez duen idazle bat horrela goratzeak. Ez, bederen, Vox bozkatu zuen Espainia zabalean, ezta PP edo Ciudadanos aukeratu zuen horretan. Gainerakoan, auskalo. Prentsak, nolanahi ere, ez zuen oraindik iruzkin nahigabeturik eskaintzen, bertze ba-tzuetan gertatu izan den gisan. Hauteskundeen ondoko batu-kenketetan segitzen zuten, nonbait, ohiko iritzi-emaileek. Eta Ebrotik goiti? Lehenagoko denboretan, halako sarien izaera nazional espainolak hazkura eragiten zuen euskal kulturgintzaren sektore kozkor batean. Gaur egun, ematen du sentipen hori apaldu egin dela, edo lotsa handiagoa dagoela adierazteko. Orokorrean, nago Atxagaren saria begi onez ikusi zuela igandean EAJ, Bildu edo Geroa Bai bozkatu zuen Euskal Herri zabalak. Atxagari euskaraz irakurtzen dion Euskal Herri argala gizentzeko balioko du agian.