z nuen espero Euskadiko Auzitegi Nagusiarengandik euskarari buruzko erasorik. Aspaldi esana nion neure buruari ez geniela jaramonik egin behar euskaldunok geure zilborrari begira bizi ginela esaten zuten gutxi batzuei; gaindituta genuela osagile onak behar zirela eta ez osagile euskaldunak esaten ziguten sasijakintsuei azaldu beharra profesional egokiak eta, aldi berean, euskaldunak izatea kontzeptu osagarriak direla -kasu batzuetan gauza bera- eta ez kontrajarriak. Halere, euskararen biziberritze bidean lanik -eta kezkarik- ez dakigun falta, XXI. mendean aurrera goazela, premiazkoa zaigu hausnartzea zergatik euskaldun askori errazago zaion eskola-gaietan euskara erabiltzea lagun arteko solas edo jai giroan baino.

Burutazio hauekin nenbilela etorri da epailea adieraztera nahikoa izan daitekeela aguazilen artean bitik batek euskara jakitea. Honaino ailegatuta, agian laster esango digu norbaitek berba erdiak euskaraz egitea nahikoa dela azterketak gainditzeko. Eskerrak animoa jasotzen dizkiguten euskaraz modu egokian eta ongi egituratuak entzun eta irakurtzeko aukerek. Horien artean daukagu Ana Urkizaren azken idazlana. Urteak igaro dira Zortzi unibertso, zortzi idazle argitaratu zuenetik. Garen hori da oraingoa, zortzi euskal sortzaile eta beste horrenbeste komunikatzaile euskal hizkuntza eta kulturaz solasean jartzen dituena. Erraz eta naturaltasunez irakurtzen da eta hori -egileari ahalegin berezia eskatzen badio ere- asko eskertzen dugu irakurzaleok.

Garen hori ez da saiakera filosofikoa, ezta eleberri historikoa ere, hauek denak estimatuak zaizkigun arren literaturazaleoi. Hainbat adituren berariazko uste eta iritziak jasotzen dituen elkarrizketa sorta honekin interesa pizten asmatu du Urkiza andreak. Tradizioaren eta etorkizunaren arteko tartea bilatzen egin du egileak ahalegina, baita aurkitu ere. Halaxe nabaritzen dute sortzaileek egiten dituzten ekarpenek eta komunikatzaileen joan-etorriko iragazkien balio erantsiek.