stotik jausi” lokuzioa erabiltzen dugu euskaraz gaztelerazko “caerse del guindo” adierazteko. Gazteleraz ere esaten da “caerse del burro” nahiz eta hizkuntza honetan iruditzen zait lotuagoa dagoela esanahia burugogorkeriarekin eta azkenean amore ematearekin. Baina bi kasuetan ordura arte ikusten ez zen zerbaitez jabetzea da kontua.

Biblian jasotzen den San Pabloren konbertsioaren kontakizunetik omen dator “astotik jausi”. Damascorako bidean zihoala Jainkoak zerutik argi itsugarri bat bidali zion eta argiaren bristadak astotik bota zuen lurrera, eta kolpearen ondorioz, kristautasunera bihurtu omen zen.

Beno, kontua da, urte dexente ditudan arren, oraindik ere ni astotik jausten naizela noizean behin. Azken aldian hainbat esperientzia izan ditut zentzu horretan. Eta nire lehen erreakzioa beti izaten da neure buruaren kontra egitea eta pentsa-tzea: Baina nola izan zara hain inuzentea? Baina nola ez zara lehenago konturatu? Baina nola ez duzu ikasi honezkero? Baina gero, denborarekin, pentsatzen dut: eskerrak oraindik noizean behin gerta-tzen zaidan, horrek esan nahi baitu nire barnean gordetzen dudala munduak oraindik kutsatu gabeko espazioren bat, eta honek uzten didala pertsonengan konfiantza izaten jarraitzen edo une latzenetan ere itxaropenen bat izaten. Alegia, oraindik mantentzen dudala nire barnean mundu hobe batekin amets egiten zuen neskato haren itzalen bat.

Hala ere, ez da erraza ikusten duzunean zure munduan agintari baten botere-nahia pertsona errugabeen bizitzen gainetik jartzen dela, adibidez. Edo auzo lotsa sentitzen duzunean Ayusoren Gobernuko bozeramaileak Madrileko pobreziari buruzko txosten baten emai-tzen aurrean esaten duenean, modu ustez barregarri batean, berak ez dituela hainbeste pobre ikusten, ea non dauden, eta horrelako txostenak kaltegarriak direla hiriaren irudiarentzat.

Ez, ez da erraza, baina ezin dugu amore eman. Egunero astotik jausten jarraituko dugu. Nahiago dut hori gero eta gutxiago gustatzen zaidan mundu honetara ohi-tzea baino.