Pozik atera omen dira elkarrizketatik bai Sánchez, bai Torra. Azken buruan elkarrizketa izan dutenez, badugu motiborik. Poz inpostatuagoa izan arren Sanchezena, eszeptikoagoa Torrarena.

Espainiak Katalunian sorturiko auzian (ezin ahaztu garaiko bai PPk bai PSOEk nola bota zuten paperontzira Estatut-aren erreforma), ikasgai ederra eman zigun Kataluniak, hango ordezkarien gehiengoak, independentzia aldarrikatzeko bidea nola edo hala adostu zuenean, bakean eta zibikoki jorratzeko, erreferenduma barne. PP, PSOE eta bertze batzuen erantzuna ez zen izan batere zibikoa ez bakezkoa, euren legearen indarrez oztopatu eta itxi zuten edozein bide, euren aldebakarretik. Kataluniako gobernukideek maisuki prestatu eta kudeatu zuten erreferenduma, espainiar su eta ke artean.

Eredugarri izan zen ordura arte Kataluniako alderdi demokratikoek jorraturiko prozesua. Azken hauteskundeetan, ditxosozko 155. artikuluaren pean, sendotu zen subiranisten pisua, baina manu militari gauzak kudeatzeko eskatzen zuen Ciudadanos izan zen boto gehien lortu zituena, ez aski, halere, gobernua osatu edo bertze inorekin adosteko. Kataluniatik kanpora joan zen haren liderra, Espainiara, hortik aiseago segurtatuko zuelakoan bide errepresiboa, kode penala eskuan. Gaizki atera zitzaizkion kalkuluak Espainian ere jarraian izaniko bi hauteskunde prozesuetan: lehenbizikoan ez zuen lortu PP ordezkatzea eta bigarrenean hutsaren hurrengoa izatera heldu zen.

Baina korapilatu ziren gauzak procés-ean. Gobernua osatu ahal izan zuten subiranistek, bai, baina ez gehiengo nahikoa, absolutua alegia, aginduriko independentzia aldarrikatzeko. Higatzen hasi zen hortik aurrera ERC eta JxCat arteko adostasuna. Independentzia aldarrikatzearen alde JxCat, poliki eta politikoago joatearen alde ERC subiranismoak katalan hautesleen gehiengo absolutua lortze aldera.

Ordura arteko bide eredugarriak bere baitako defizitak erakutsi zituen. Orain, espainiar gobernu berriarekin, Sanchezekiko mesfidantzaren despit izanik ere, aukera berriak saiatzen ari da ERC, bere horretan jarraitzen duelarik, aldiz, JxCat-ek. Gauzak horrela, badatoz etorri hauteskunde berriak Katalunian. JxCat eta ERC arteko lehian, nor aterako da hobe? Behera joko du Ciudadanosek, berak sorturiko kataklismoaren ondorioz, baina horrek ez du PPren pizkunde nahikorik ekarriko, aurreikus daitekeenez. Noraino berreskuratuko da PSC? Euren pisua gordeko ote dute CatComú-Podem eta CUPek?

Ezezagun asko, baiki, ekuazioan. Bizirik jarraituko du, ordea, Espainiak Katalunian duen arazoak. Sanchezen gobernuaren jarrera aldatzen hasi da, baina askoz gehiago aldatu behar, auzian beharrezko oreka gordeko badu. Oraingoz subiranistak gehienak izan ala ez, katalan gehiegik jarraituko du independentziaren alde, gehiegi Espainiak gorrarena egiten jarraitzeko. Autodeterminazio eskubiderik ezean, gora jo dezakete subiranistek goiz ala berandu, ERCren apustua indartuz eta berriro ere bide bakar gisa baina zoru sendoagoaren gainean aldebakartasunaren irtenbidea diseinatuz.