Ernest Hemingway-ren Fiesta eleberritik ateratako esaldia, idazlearen alter ego den pertsonaiaren ahotik aterata: “Euskaldun hauek jende zoragarria da!” Duela ehun urteko sanferminetan izan zen Ernest Hemingway kazetari gaztea estreinakoz –baina zer dira ehun urte? Ehun urte ez dira deus!–. Artean ez zen ospetsua, ez Pulitzer sariduna, ez Nobel sariduna; artean hogeita bost urteko kazetari gazte bat baino ez zen, eta ez erakutsi ohi diguten Ernest Hemingway bizar-zuri estereotipatu eta merkantilista hutsa. Baina kontu jakina da, Hemingway-ren inguruko mitoak anitzak eta askotarikoak dira.

Sanferminetako igandean ekitaldi bat egin dute berritik ezer gutxi duen Nuevo Casino delakoan, giro zaharminduko topaleku zoldatsua den Baile de la Alpargata delakoaren atariko. Atzerritik etorritako idazleak eta hemengo idazle erdaldun batzuk bertan izan dira baina euskaraz Hemingway-ri buruz idatzi duten idazle euskaldunik ez, bat ere ez, gonbidatuak ez izaki. Espero izatekoa zen kunplimenduzko gonbidapen bat egitea guitxienez, batez ere iragan berria den ekainean eta Iruñeko Udalaren babesarekin, Kondestablearen jauregian mahai-inguru ziklo oso bat antolatu delarik, bertan idazle euskaldunak zein erdaldunak egon direlarik.

Gutxi irakurria da Ernest Hemingway, tamalez; hasteko, egunotan hizpidera behin eta berriz ekarri den Fiesta eleberria: These Basques are swell people, eta Estatu Batuetako “slang” hizkuntz erregistrotik ateratako ele hori baliatzen du idazleak euskal jendearen nolakotasuna zehazteko tenorean: mundialak, apartak, primerakoak... Miresmena, goresmena, eskerrona darie Hemingway-ren hitzei euskaldunak nolakoak garen deskribatzeko tenorean; Hemingway-ren alderdi hori, erran gabe doa, ezkutatu egiten da, Edorta Jimenez, Alberto Barandiaran edo Iñaki Sagarna altxatuak izan diren gisa berean.

Nuevo Casino-ko ekitaldian euskarazko hitz bat ere ez omen da entzun. Zaharrak berri, euskaldunon amorragarri, euskal esaera zahar berrituan; euskara eta euskaldunok, beste behin ere, gonbidatu gabeak, baztertuak, ikusezinak, arrotz geure lurrean... Eta ene buruari egiten diot ihardespenik behar ez duen galdera erretoriko bat: ea euskaldunok noiz arte jasanen dugun bazterkeria Nafarroan.

Autorea idazlea da