Simpsons zaleak zaretenok agian gogoratuko duzue kapitulu hura non Bartek anaia siamdar bat zuen: Hugo. Jaiotzean, Hibbert doktoreak esan zion familiari bata ona zela eta bestea maltzurra, bereiztu behar zituztela. Banandu eta familiak erabaki zuen anaia gaiztoa izkutatzea, Hugo ganbaran giltzaperatuz, inor haren existentziaz jabetu ez zedin.

Bada, erdaldun zintzoentzat euskara Hugo da, itzalpean mantendu behar den munstro izugarri bat. Gaztelera, ordea, Bart, familiaren seme kuttun eta jatorra. Hori da ulertzera eman dutena azken boladan Nafarroako hainbat herritako UPN, PSOE eta PPko zinegotziek egindako adierazpenek. Xuriñe Peña (UPN) Eguesibarko alkatea izan zen lehena, “euskara hutsezko jarduerak baztertzaileak zirela” esanez. Aldera dezagun Hugo eta Barten kasuarekin:

Xuriñeren ustetan, ezin diogu Hugori utzi bere kabuz ibiltzen. Ezin da etxeko jostailuekin jokatu, Bartenak direlako. Bart aspertzean agian tarteren bat izan dezake jolaserako, baina beti Barten begirada pean.

Ezin da mahaian eseri Bart bezala, bestela berari ez dagokion janari platerra jango duelako. Agian, Bartek amaitzean otapurrak utzi diezaizkiokegu, behintzat platerra garbitu dezan.

Eskolari dagokionez, ezin da normaltasunez joan Bart bezala bere kabuz ikastera ezta beste umeekin jolastera ere. Gehienez, Barten konpainian atera beharko da beti, eta Bartek hitz egin beharko du lehenago. Etxean, Bartek bere gela izango du eta Hugo ganbaran biziko da, baina tira, Bart kanpoan dagoenean etxetik ibiltzen utziko diogu, betiere zalaparta handirik sortzen ez badu.

Orkoiengo Alejandro Lopez (PSN) alkatea izan zen hurrengo perla bota zuena, eta urrunago joan zen: “Euskaldunak pribilegiatuak dira, gazteleraz zein euskarazko ekimenetara joan daitezkelako”.

Hau da, Lopezen ustetan, Hugo pribilegiatu bat da, bere ganbaratxoaz gain, etxetik ere ibili daitekelako. Gainera, bere arrain heste platerraz gozatzeaz gain, Barten soberakinak ditu, beraz bi aldiz bazkaldu dezake. Gauzak horrela, ganbaran itxi behar dugu, bere lekuan, hortik mugitu ez dadin eta soilik bere plater nazkagarriak jan ditzan.

Orduan, norbaitek Hugorengatik pena sentitzear zegoenean, Inmaculada Múgica Ustároz (PP Valle de Egüés) azaldu zen, honakoa esanez argi eta ozen: “El euskera me evoca los años de terrorismo, la identificamos con el odio y no es integradora”.

Fobia hitza ezin eta egokiagoa da Inmaculadaren jarrera definitzeko: Hugo izaki nazkagarri bat da, beldurra ematen du eta ez du merezi gizaki normal baten tratua jasotzerik. Gaiztoa da, beraz, ezin da berarekin harreman sanorik egon, ahanzturara kondenatu behar dugu eta ez diogu inori esan behar ganbaran izkutatuta daukagula. Kateatuko dugu bada ezpada, bertatik inoiz ihes egin ez dezan.

Ildo beretik zihoazen Tafallako PSN eta UPNko zinegotziek botatako kexak, Udaleko plantilla organikoaren postu baterako euskarazko C1 beharrezkoa zela konturatu zirenean. “Ez dezagun Hugo ganbaratik atera, etxea Bartena da soilik!”.

Agian orain Voxeko norbait azalduko da esanez Hugo hil behar dugula, bizitzea ere merezi ez duela. Baina tira, nik uste ganbaran kateatuta izatearekin konformatzen direla.

Hori da panorama Nafarroako Simpson familian, baina utzidazue spoiler txiki bat egiten. Kapituluaren amaieran deskubritzen zuten jaiotzean konfunditu zirela eta Hugo ez zela anaia gaiztoa, Bart baizik. Beraz, paperak aldatu eta Bart ganbaran kateatzen zuten, Hugo aske utziz.

Anaia erdaldun maiteok, egon lasai. Gure kapituluaren amaiera heltzean ez dugu mendekurik aldarrikatuko. Ez zaituztegu ganbaran kateatuko, ez gara horren maltzurrak. Hori bai, zin dagizuet berriz kateatuak izaten utzi baino lehen etxeari su emango diogula.