ESAN barik doa, maite duzuna egiten duzunean denbora konturatu barik pasatzen dela. Horixe gertatu zaie, hain justu, Eraso! taldeko kideei: rock-metal musika jotzen eman dituzten azken hogei urteak oharkabean igaro zaizkie. “Itzela da kantu batzuekiko jendearen erantzuna ikustea, haiekin momentu horiek konpartitzea. Horrek zaila egiten du tren honetatik jaistea”, aitortu dute kide guztiek aho batez. Baina ez da hori bakarrik: elkarrekin lanean “primeran” moldatzeak ere bidea egiten laguntzen duela onartzen baitute. “Taldea bera izan da hogei urte hauetan ilusioz mantendu gaituena; eta musika, berriz, gure kaioletatik irtetzeko aukera eman diguna”, diote.

Kaiolatik ihes izeneko lanarekin, rock eta metal musikaren ildotik jarraitu duten arren, Eraso!-ren azken uzta “emozionalagoa” dela azaldu dute zarauztarrek. “Pausatuagoa da, baina tinkoa eta indartsua era berean”, ziurtatu du Serge Ruiz taldeko abeslariak. Bederatzi kantuk osatzen dute Kaiolatik ihes diskoa. “Bateria eta baxuaren taupada osasuntsuak gitarreren riff indartsuekin nahasten dira bertan. Gainera, orokorrean, soinuak emo puntuak ditu. Azken emaitza oso atsegina iruditzen zaigu, Eraso! bere osotasunean ageri da lan honetan”.

Serge Ruiz (ahotsa eta gitarra), Nestor Urdanpilleta (gitarra), Iñigo Beitia (bateria) eta Ibai Castro (baxua) dira Eraso! taldeko kideak. Musikaren munduan lehenengo akordeak jotzen hasi zirenean barnean zeukaten motibazioa eta gaur egun sentitzen dutena ez daudela urrun nabarmendu dute. Are gehiago, hogei urte eta gero musika sortzen jarrai-tzerakoan, bizkar gainean duten esperientzia “lagungarri” dela uste dute. “90. hamarkadako musika bizi izana abantaila bat dela uste dugu. Garai horietan gauza berri asko egiten ziren, eta orain musika sortzeko eskura dugun kolorezko paleta aberatsagoa egiten du horrek. Gure izaera galdu gabe, gauza ezberdin asko sartzea ahalbidetzen digu aurrez bizi eta egindakoak”, uste du Ruizek.

HITZEN PISUA Bizipen guzti horiek disko berrian ere islatu nahi izan dituzte. Hala, lan berri honetan hitzek garrantzia hartu dute. Besteak beste, galdutako denboari kritika, bidai existentzialak, urteen joan-etorria, etsipena eta ametsak islatzen dira abestietan. “Kantu bakoitzak badu bere historia eta bidea, baina, betiko moduan, pertsona ezberdinen begietatik kontatuta”, argitu du Urdanpilletak. Sorkuntza prozesuan kantuaren bizkarrezurra izango den erritmoa izaten da finkatzen duten lehenengo partea. Horren gainean, melodia eta hitzak pausatzen dituzte. Hala ere, salbuespenak daudela diote, letren egile den Ruizek aurrena hitzak idaztea nahi izaten duelako batzuetan. “Disko honen gestazioan eraldaketa fasea bizi izan dugu, ez musikalki, emozionalki baizik, eta energia guzti hori diskoan islatu nahi izan dugu”, argitu du abeslariak.

Tolosako Bonberenea Estudioan grabatu dute Kaiolatik ihes, Karlos Osinagaren laguntzarekin, Ez gara inoiz hilko aurreko diskoarekin egin zuten bezala. Gainera, Cobra eta Naiz Roxa taldeetako lagunek ere parte hartu dute oraingoan. Kolaboraziorik planifikatuta izan ez duten arren, koroetan parte hartu dute taldeotako kideek. Lan berria CD formatuan ateratzeaz gain, biniloan ere kaleratu dute, taldearen 20. urteurrena ospatzeko. “Zerbait berezia eskaini nahi genuen eta biniloaren barruan CD-a sartzeak beste balio bat eman dio lanari. Guretzat opari bat da, eta gure zaleentzat ere hala izango dela uste dugu”.

Estudioko lanaren emaitza pozik eta beso zabalik hartu badute ere, zuzenekoak dira Eraso!-ren benetako pasioa. “Jendearen erantzuna izaten da beti sari onena, publikoaren eta gure artean sortzen den harremana. Kontzertuetan denbora gelditu egiten da, eta momentu bereziak sortzen dira musikariarentzat, baina baita entzuleentzat ere”, nabarmendu du Ruizek. Hala, diskoa kaleratu bezain laster hasi da kontzertuak eskain-tzen laukote zarauztarra. Ostegun honetan, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dituzte beraien kantu berriak, eta datozen hilabeteetan Iruñea, Zarautz, Oñati eta Hondarribitik ere igaroko dira.