Cannes-eko Kritikaren Astean 'Cuerdas' bere film laburra estreinatzeko hautatua izan zenaren abisuak ezustean harrapatu zuen Laudioko Estibaliz Urresola zinemagilea. Hasieran, sinestu ezinik bazegoen ere, Cannes-eko jaialdian jaso zuen jendearen arretak goxotu eta lasaitu egin zuen arabarra. Saririk gabe zetorrela zirudienean, Ceux du Rail trenbide elkarteak Kritikaren Astean erakusten diren film labur eta luzeei ematen dien saria jaso zuela jakinarazi zioten. Nekatuta, baina oso pozik egin du etxerako buelta.

Ez da egunero Canneseko jaialdian egoteko aukera izaten. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso esperientzia polita izan da. Jaialdiaren antolatzaileek oso ondo tratatu gaituzte hautatuak izan ginela jakinarazi zigutenetik. Zerbait berezia egin genuen, autobus txiki batean talde berezi bat joan ginen Cannes-era: film laburrean parte hartu duten zenbait emakume, talde teknikotik ere ekoizleak joan ginen, eta baita aktore bat ere, Miguel Gardes. Bidaia hori Arabako Foru Aldundiari esker egin ahal izan genuen, eta oso pozik geunden guztiok; batetik, talde teknikokoak, ez genuelako sinesten bertan geundenik, eta baita emakumeak beraiek ere, ez zutelako sinesten bertan zeudenik.

Canneseko Kritikaren Astean izatea sari gutxi bazen, ez zarete, gainera, esku hutsik etxera bueltatu.

Galatik saririk gabe atera ginen, hala ere, guztia ospatuta utzi genuen bertan. Gu ez ginen konturatu, baina momentu hartan mezu bat jaso genuen Ceux du Rail trenbide elkarteak Kritikaren Astean erakusten diren film labur eta luzeei ematen dien saria irabazi genuela jakinaraziz. Hurrengo egunean irakurri genuen mezua, eta poz ikaragarria jaso genuen. Uste genuen saririk gabe buelta egingo genuela, eta sekulako ezustekoa jaso genuen. Sari hori publikoaren sari bezala hartu daiteke.

Erakusleiho bat izaten da Kritikaren Astearen baitan parte hartzen duten film labur zein luzeak ikusteko aukera izan dezan publikoak ere, jaialdian bestela akreditatuek soilik ikus ditzakete lanak. Eta, beraz, publikoaren saria jasotzea oso ederra da; hainbat pertsonak gu bozkatu izana oso hunkigarria egiten zait, horrek esan nahi duelako pertsona horiei gure istorioa heldu zaiela, eta barrenak mugiarazi dizkiegula.

Jaialdian bertan 'Cuerdas' film laburra ikusteko aukera izan dutenen artean, nolakoa izan da harrera?

Oso pozik gaude bertan ikusi genuen harrerarekin; batzuetan, izaten dira zenbait zalantza€ Adibidez, azpitituluak egiterakoan. Film laburrean bi gai jorratzen dira, eta biak ala biak arinak eta biziak dira, beraz, eduki hori guztia azpititulatzerakoan beti izaten duzu mezua helduko ote denaren zalantza. Hizkuntzaren langa hori nola gainditzen den ikustea oso gozagarria izan zen, uste dudalako publikoak jasotzen zuela behar zena. Gainera, proiekzio bietan, momentu berean, barre algarak ere izan ziren. Eta horrek aukera ematen du ikusteko nola funtzionatzen duen zure lanak zure burutik kanpo. Oso harrera ona izan du, hainbat pertsona gerturatu zitzaizkigun zoriontzen, esanez benetan hunkitu egin direla. Eta hori jasotzea oso polita da.

Zer kontatzen du Canneseko jaialdian estreinatu duzuen 'Cuerdas' film laburrak?

Abesbatza baten baitan ematen den eztabaidaren inguruan garatzen den film laburra da. Abesbatza horrek diru laguntza bat galdu du, eta horrekin ordaintzen zuten entseguetarako lokala. Lokala galtzearen arriskuaren aurrean, babesletza pribatu baten eskaintza jasotzen dute. Eta horren harira, eztabaida sortzen da: diru hori onartu ala ez. Iritzi eta ahots ezberdinak daude, eta horien guztien artean Rita dago: film laburreko protagonista. 90 urteko emakumea da eta berarekin egiten dugu bidaia.

Oinarrian, benetako gertakizunak daude. Baina zer dauka fikziotik eta zer errealitatetik?

Dokumentazio prozesu bat hasi nuen hainbat elkarrizketa eginez. Kasu bakoitzean oso xehetasun bitxi eta interesgarriak ateratzen ziren, eta guztiak iruditzen zitzaizkidan aberasgarriak. Hori horrela, fikzioaren idazkerak ahalbidetzen zidana zen geruza horiek guztiak sartu eta kondentsatu ahal izatea; alegia, ez soilik pertsona baten esperientzian geratzea, baizik eta orokortzea, sintetizatzea eta geruza gehiago gehitzea. Eta horrela sortu nuen fikziozko gidoia, baina errealitatetik edaten zuena. Dena den, behin fikzioaren lengoaiara pasatuta, konturatu nintzen ez niola uko egin nahi errealitate kutsu horri. Beraz, atzera buelta egin nuen, eta pentsatu nuen inguru horretako pertsonaia errealekin egitea hori, beraiek bizi izan baitute egoera. Nik uste dut hori izan zela erronkarik handiena, alegia, fikziozko abesbatza hori erreal bihurtzea. Eta zailena izan arren, lortu dugu, eta horrek balio handia ematen dio film laburrari.

Lan horretarako aktore ez profesionalekin lan egitea erabaki duzu. Horrek zaildu egiten al du zure lana?

Zaildu baino, esango nuke beste modu batean egin behar dela lan; txipa aldatzea da. Zuzendariak ezin du guztia berak nahi bezala antolatu eta egin, baizik eta egokitu egin behar da eta bestelako erremintak erabili nahi den hori nolabait zuzentzeko, jakinda ez dela inoiz berak nahi bezala aterako. Bere momentuan konfiantza eskatzen du norbere buruarengan eta hor ere zalantzak sortzen zaizkizu, bai zurekiko eta baita besteekiko ere. Sorkuntza prozesu baten adierazle garbia da, zerbait bizia dagoenean. Prozesuan zehar antsietate handiagoarekin bizi duzu, baina orain atzera begira jarrita, uste dut oso bide polita eta interesgarria izan zela.

Zer diote beraiek? Nolako esperientzia izan da beraientzat?

Guztiak oso pozik daude. Zoragarria izan da beraientzat. Gehienek gai izango ote ziren ere zalantzan jartzen zuten, baina nik esaten nien lasai egoteko, entseatuko genuela. Bi hilabetez egon ginen entseguak egiten. Esaten nien nigan konfiantza izateko, nik gidatuko nituela, jakingo zutela zer egin behar zuten, beraiek soilik zintzoki jokatzeko. Eta polita izan zen hori. Ze abesbatza fikziozkoa da, eta hura osatzeko bi talde batu nituen: batetik, 'Juego de damas' Muskizko emakumeen taldea eta, bestetik, 'La coral de Mujeres de San fuentes'.

Abesbatzakoek antzerkiko lokalera joan behar zuten, eszenaratzea entseatzeko, eta antzerkikoek abesbatzakoenera joan behar zuten abesten ikasteko eta, behintzat, film laburreko bi abestiak ikasteko. Hala, bi talde horien artean harreman berria sortu zen, eta alde biek esaten zuten zein garrantzitsua izan zen bestearengana joatea.

Antzerkikoentzat garrantzitsua izan zen, esaterako, ahotsa kolokatzen ikastea, eta abesbatzakoentzat, aldiz, eszenaratzea. Uste dut oso aberasgarria izan dela guztientzat. Abesbatzako kide batek aipatzen zuen, adibidez, abestera atera orduko antsietate atakeak izaten zituela, baina film laburrean parte hartu ostean, lasaiago ateratzen dela jende aurrera. Eta hori oso polita da.

Zer egiten du 'Cuerdas' berezi zuretzat?

Niretzat 'Cuerdas' berezia da, batik bat, gustatzen zaidalako nola hasi zen guztia. Iruditzen zait, gainera, bizitzak orkestatu eta gidatu duela dena. Bilbon antolatu ziren ekofeminismo jardunaldi batzuetara joan nintzen, modu pertsonalean interesa nuelako. Jardunaldi horietan gauza askori buruz hitz egin zen, eta horietako gauza askok barrutik astindu ninduten. Haiek ingurumenaren aldeko borroka asko kontatu eta gero, derrigorrezko hausnarketa bat egitera eramaten gintuen horrek, hain justu, krisi global bati buruz ari baikinen.

Hainbeste emakume ziren eszenatokian bilduta, irudi oso indartsua iruditu zitzaidala. Gogoratzen dut, gainera, bakoitza bere folklorismoarekin zetorrela. Irudi aberatsa, indartsua, koloretsua eta itxaropentsua nabari zitekeen bertan. Hunkigarria zen hura. Emakume horien guztien artean Sara Ibañez medikua zegoen. Bizkaiko kostaldeko herri batean bizi da bera, eta kontatzen zuen kontakizunak, hurbiltasunagatik bakarrik, bultzatu ninduen hurrengo egunean antolakuntzarekin harremanetan jarri eta bere kontaktua eskatzera. Eta horrela hasi zen bidea.

Bosgarren film laburra duzu 'Cuerdas'. Eroso sentitzen zaren formatua al da laburrena?

Asko maite ditut film laburrak. Nire film labur guztiek 15 minutuko iraupena baino gehiago dute, eta azken biek, 'Cuerdas' eta 'Polvo somos' lanek, ia 30 minutuko iraupena dute. Beraz, mugan daude biak film laburtzat ez hartzeko. Horregatik, uste dut denborarekin nire narratibek edo garatzen ditudan gaiek geroz eta denbora gehiago behar dutela azalduak izateko. Uste dut film luze baten tenpoarekin ari naizela film laburrak egiten, eta horregatik esago nuke badela momentua film luze bati ekiteko.

Eta baduzu film luze bat esku artean: '20.000 especies de abejas'. Horri buruz ba al duzu zerbait aurreratzerik?

Familia baten transformazioa kontatzen duen pelikula da. Familia hori ama eta hiru seme-alabez osatuta dago. Eta uda honetan, amaren jaioterrira bueltatuko dira astebetez, oporrak pasatzera. Tarte horretan, Aitorrek, seme gazteenak, lehenbiziz adieraziko du neska dela. Eta, hala, adierazpen horrek familia arteko harremanak nola eraldatzen dituen ikusiko dugu. Casting-a bukatuta dugu jada, eta hil honetan hasiko gara grabatzen filma.