Beti soinean daraman kamerarekin azken urteotan egindako argazkiak bildu eta forma eman die Irantzu Yaldebere artista bilbotarrak. Erakusketa batean antolatu ditu, baina ez edonola. Narrazio bat osatu du eremu pribatuan ateratako 80 argazkirekin. Zehazki, 10 minutuko proiekzio batek, errebelatutako zenbait argazkik eta collage batek osatzen dute Yaldebereren azken erakusketa. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Barriek programaren baitan osatu du, arte plastiko eta bisualetako artistentzako beka, hain zuzen ere.

Izenbururik ez zion jarri nahi, hitzekin zaila baita deskribatzea irudiekin aski ondo azaltzen dena, baina, nolabait deitzeko, 'Violets' deitu du. "Violets for your fur. Bioletak zure azalerako. Edo, laburrago esanda, Violets", iradokitzen du aurkezpen gutunaren lehen errenkadak.

Hau aurkeztu arte, artistak, gutxienez, bi urte zeramatzan lanik erakutsi gabe. Barne gogoeta betean eman du azkenaldia. Bere burua non kokatu jakin gabe, galduta sentitzen zen, jakin gabe zergatik gauza batzuk egiten zituen eta beste batzuk ez, edo erreferentziak nondik hartzen zituen eta zergatik. "Instituzio bati erantzun behar nionean niretzat arazo bat zen, ez nekielako nola ematen nion erantzuna, nigandik ateratzen zen edo enkajatuko zuen emaitza bat bilatzen nuen", azaldu du. Adierazitakoaren arabera, azken lana 2020an erakutsi zuen eta geroztik ez du bekarik eskatu, "naturalki" iristen zitzaizkion gauzak baino ez ditu egin. Oraingoan, ordea, erakusketarekin "presio batetik askatu" dela sentitu du, berak hartu dituelako erabakiak.

Saiatzeko gogoak eraman zuen lana argazki erakustaldi forman antolatzera. Eremu intimo edo pribatu batean kokatzen diren argazkiak publiko ezezagunarekin nola funtzionatzen duten aztertu nahi zuen. Arrazoia argia da: "Gogoa nuen probatzeko zelan funtzionatu zezakeen eta probatu gabe ez nuen jakingo". Proposamenaren arriskuaz jakitun, denbora guztian zalantzati egon dela azaldu du, eta oraindik ere, erakusketa martxan eta zabalik dela, dudak dituela dio. "Beste zerbait baino arriskatuagoa iruditzen zitzaidan. Barriek bekarekin egindako aurreko hiru erakusketak pintura eta marrazkiak izan dira, ordena propio batekin eta begiratzeko modu jakin batekin. Nirea, ordea, gela ilun bat da, proiekzio batekin", azaldu du bere buruhaustea.

Argazkian, Irantzu Yaldebere Bilboko Rekalde Aretoan duen erakusketan. Beatriz Casares

Hain zuzen ere, hamar minutuko proiekzio bat da erakusketaren muina. Segidan jarritako 80 argazkik osatzen dute, zazpi segundoka. Ez dago diapositiben igarotzeak egiten duen soinutik harago. Iluntasuna eta argia, hori da dena. Eta, tartean, zenbait istorio.

Horrela egin du argazkien aukeraketa: narrazio baten bitartez eta argiaren arabera. Etxe barruan zein kalean ateratako argazkiak daude, eta gehienetan pertsonak agertzen dira. Pertsonarik ez badago, beti ageri da figuraren bat. Narrazioa era sinple bezain artikulatuan osatu du: "Pixkanaka, argazki bat hurrengoarekin lotzen". Argazkiak pertsonalak dira, baina kontatzen dituzten bizipenak "unibertsalak". "Denok sartu gaitezke edo konektatu dezakegu uneren batean, beste batzuen momentu intimoa izanda ere, denoi egiten zaizkigu pixka bat familiarrak", gaineratu du egileak.

Bitxia da, zelan asmo jakin batekin egin ez ziren fotografiak, bata bestearen alboan jarrita, istorio bat kontatzeko gai diren; denboran eta espazioan oso bananduta egonagatik ere. Argazki gehienak azken hilabeteetan egindakoak badira ere, duela bost urtekoak ere badaude. "Ilusioa egiten zidan azken urteetan argazkitu ditudan guztiak batera ikustea, beste batzuekin", jarri du azpimarra.

Hamar minutuko diapositiba proiekzioaz gain, laborategian zuri-beltzean errebelatutako zenbait argazki eta collage bat daude aretoan. Yaldebere beraren argazkiak ere badaude, nahiz eta argitu duen hori ez zela bere hasierako asmoa. Nolabait, bere irudiarekin distantzia bat hartzen saiatu da, zeukan materialarekin gerturatzen.

Beti kamera soinean

Yaldeberek egunero egiten ditu argazkiak, ezinbesteko tresna du argazki kamera. Marrazkiak egiteko ere, argazkietatik abiatzen da. Argazkien bitartez, gainera, hainbat gogoeta bideratu izan ditu. Esaterako, zergatik momentu eta gauza onen aurrean bakarrik sakatzen dugun makinaren botoia, eta momentu txarretan ez. Berak dena erretratatzea du gustuko: gauza onak, txarrak, erdipurdikoak… eta gero beste forma bat ematen die, edo beste ikuspuntu bat.

"Violets, zenbait pertsonaren oroitzapena da, mito bilakatuta eta argitaratua", jarraitzen du erakusketaren aurkezpen testuak. Horrela irudikatu nahi izan ditu argazkietan agertu dituen lagunak, kondaira bat bezala, eta bisitariek berak nahi duen bezala ikus ditzaten nahi du. Zentzu horretan, erakusketa "oso ebidentea" eta "erraza" dela uste du egileak, pertsonaiak ezagutu gabe ere, edonor sar daitekeelako istorioan, eta, nolabait, bere egin proiektatuta ikusten duena. "Uste dut erreza dela sartzea eta ikustea, eta hori gustatzen zait", argitu du.

Egunero egiten ditu argazkiak Irantzu Yaldeberek, ez soilik begien parean duena gordeta geratu dadin, baizik eta errealitatea aztertu eta hobeto ezagutzeko. "Nik kamera beti eramaten dut gainean eta egunero ateratzen ditut argazkiak. Beti egin izan dudan zerbait da eta beti geratu da beste plano batean, ez nekielako oso ondo eremu publikorako edo pribaturako ziren".

Loturarik gabe

Lan egiteko modu geldoa duela dio artistak. "Errealitatean dagoen mugimenduarekin harremantzen" sortzen du, hortik harago ez omen ditu gauzak ulertzen. Marrazkiarekin beti lotura handia izan du, oso "identifikatuta" sentitu da, baina argi utzi du argazkietatik abiatu izan dela marrazteko ere.

Nolanahi ere, zehaztu du ez duela lotura esturik sentitzen diziplina zehatz batekin. Gauzak zein medioren bitartez egin momentuan bertan erabakitzen du artistak. Esan beharra dago, beti egiten duela lan irudiarekin, baina inoiz ez zaio gerturatzen aurrez erabakitako bide batetik. "Bilatzen dudana da gauzekin harremantzeko beste bide batetik gerturatzea, oso lotuta ikusten dut bizitzarekin. Hortik kanpo ez ditut gauzak oso ondo ulertzen, ondo enkajatu behar ditut".

Lanerako estudioa Deustuko Erriberako Bizinahi Auzo Gunean du Yaldeberek, beste zenbait kiderekin batera. Espazioa autokudeatuan estudio autokudeatu bat muntatu dute, eta diziplina artistiko ezberdinetan ari diren hainbat kide elkartu dira bertan. Irudia, burdina, argazkigintza, margogintza, soinua... hainbat espazio dituzte arteari bide desberdinetatik heltzeko. Yaldeberek argazki laborategia du bertan, eta han errebelatu ditu erakutsi dituen argazkiak. Horregatik daude zuri-beltzean, ematen duten efektua bereziki atsegin ez badu ere. Izan ere, estudioan dituzten baldintzekin ezin dituzte argazkiak koloretan errebelatu.

Hamar minutuko proiekzioa da erakusketaren muina.

Hamar minutuko proiekzioa da erakusketaren muina. Beatriz Casares

Beste pertsona batzuen ondoan lan egitea gustuko du, nahiz eta bakoitza berera egon. Lehendik, nor bere etxean edo estudioan ibiltzen zen sorkuntzan, eta espazio hortik atera nahia zuten denek. "Azkenean, zu bakarrik zaudenean zu zure kontuekin geratzen zara. Motibazioa da besteekin lan egitea. Denok konpartitu nahi genuen espazioa".

Argazkiak modu analogikoan egitea gogoko du, baina gorroto du emaitza analogikoa. 2021eko amaieran argazkiak errebelatzen zituen laborategiko kideak diapositiba karrete bat opari egin zion. Geroztik, liluratuta dago makina berriarekin eta diapositibak erabiltzen hasi zen bere lanetan. Horregatik egin zuen erakusketa forma horretan. "Argia pasada bat da, ez dauka ezer. Izugarrizko diferentzia dago proiekzio digitalaren eta analogikoaren artean. Sentitzen duzu ukitu dezakezula, nitidoa da, koloreak oso saturatuak dira, oso potentea da".

IRANTZU YALDEBERE

Geldiuneak geldiune, lan ugari eta askotarikoak egin ditu Irantzu Yaldeberek. 1994an jaio zen Bilbon, eta bertan egiten du lan. Arte Ederrak ikasi zituen eta hainbat tokitan erakutsi ditu bere lanak. Hala ere, horien artean gutxi dira amaitutzat ematen dituenak, kostatu egiten baitzaio zenbat lan edo zeintzuk egin dituen azaltzea. Bat aipatzearren, 2019an Eremuak aldizkariko kontrazala marraztu zuenekoa du gogokoen. Besteak beste, Okela Sormen Lantegira, Bizkaiko Batzar Nagusietara eta Bilboko Aire Galeriara eraman ditu bere lanak. Horrez gain, Hiru begirada mintzaldiko partaide izan zen 2020an eta 2022an Bartzelonako Eremuak-Halfhouse egonaldirako hautatua izan zen.

ERAKUSKETA

Yaldebereren 'Violets' erakusketa bisitatu nahi duenak asteartetik larunbatera egin dezake Bilboko Rekalde Aretoan, goizez zein arratsaldez, eta igande eta jai egunetan, goizez. Aretoaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:30ak arte. Astelehenetan itxita egoten da.