Duela urtebete Ipar Euskal Herriko kultur munduan mugitzen ziren LGTBIQ+ komunitateko zenbait euskaldunek zerbait egin behar zutela erabakita, afari batean mahai bueltan bildu ziren. Sentipen batek batzen zituen: beraien herrietan aski lasai bizi ohi izan dute beraien LGBTItasuna, baina eremu batzuk faltan zituztela antzematen zuten, kezkak eta bizipenak elkarbanatzeko espazio seguruak, besteak beste. Hori horrela, Altxalili ikuskizuna sortu zuten. Ipar Euskal Herri barnealdean, baserri gunean, sortua den euskarazko lehen queer kabareta.

Euskal nortasunetik abiatuta, hainbat kontu galdekatzen dituzte Altxalili ikuskizunean: generoa, identitatea oro har, edota LGBTIQ+ identitatea, zehatzago. Horrez gain, lodifobia edota gorputza bezalako gaiak ere zeharka aipatzen dira. “Kabaret forma nahiko modu naturalean etorri da, berez ez genuen anbizio berezirik emanaldi bat sortzeko”, azaldu du Oihan Panty Twerke - izen artistikoa da- kolektiboko kideak. Kantua, marrazkia, an-tzerkia, mugimendua zein dantza biltzen ditu kabaretak. Nolabait, kultura eta folklorea beraien eremura eramatea lortu dute. “Hasierako helburua familia sentsazioa sortzea bazen ere, hori bizi arte ez ginen ohartu zenbat bota-tzen genuen faltan”, azaldu du Panty Twerkek.

Askatasuna arnastea

Zuberoa eta Nafarroa Behereko biztanleek osatzen dute Altxalili kolektiboa; denak ere LGTBIQ+ familiakoak. Batzuek arte munduan lan egiten dute lanbidez, beste batzuk bestelako esparruetatik datoz. Azpimarratu dutenez, nolabait “sexilioak” ere ba-tzen ditu, taldekide askok Euskal Herritik kanpo deskubritu behar izan dutelako haien LGBTItasuna. “Bizipen horiek Euskal Herrian bizi nahi genituen”, azpimarratu dute. 

‘Altxalili’ ikuskizuna. Myriam Boye

Hain zuzen, proposamen kulturalak Ipar Euskal Herrian gehienetan kostaldera muga-tzen dira, eta horregatik, herri txikietako biztanleek herrira joan beharraren sistematizazioa hautsi nahia ere badago Altxaliliko kideen artean. “Interesgarria ikusten genuen barnealdean ekoiztea”. Horrez gain, nabari zuten identitatearen gaiak ez duela ikusgarritasun berezirik herri txikietan. “LGBTItasunaren kon-tzientzia hartu dugun momentuan, euskal munduan bakarrak izatearen sentsazioa izan dugu”. Hala, kabaretaren bitartez, aukera izan dute Hego Euskal Herriko jendearekin harremanak sortu eta saretzeko ere. “Biziki aberasgarria da hori”. Lehen emanaldia egin zutenean bereziki “gogorra” izan zela aitortu du Panty Twerkek, beraien identitatea osoki euskaraz eta Euskal Herri osotik joandako jendearekin bizi ahal izan zutelako.  

Emanaldietan, norberaren askatasuna, dibertsitatearen erakustea dute gaitzat. Sorkuntza prozesua, berriz, indibiduala izan dela azaldu dute; alegia, nork bere gogotik eta fantasietatik abiatutako performancea egin du. Beharrezkoa ikusten zuten espazio bat izatea bakoitzak bere barrenean egin nahi duena egin ahal izateko. Askatasun osoz sortzeko eremu bat bilatzen zuten, orain arte sekula esperimentatu gabeko ideia pertsonaletatik abiatuta. Bestalde, emanaldi osoaren egitura taldean gauzatu dute, modu “oso natural, arin eta errazean”. Eszenan, esperientziaz gain, bakoitzak bere “harri txikia” jarri dio proiektuari; hartara, performance laburrez osatutako kabaret estiloko emanaldi bat sortuz. Panty Twerken arabera, “biziki osagarria” izan da denen arteko kolaborazioa.

Udaberrian berriz

Altxalili kabaretak une goxo eta polit bat igarotzeko parada eskain-tzen du, eta plazerraz gain, aukera dago modu komunitarioan momentu bat hartu eta “gizarteak inposatzen dituen askatasunarekiko harremanak” galdekatzeko. Taldekideak ohartu dira emanaldiak on egiten diela LGTBIQ+ familiakoei, baina aitortu dute “hetero” definitzen diren pertsona anitzek esan dietela ikuskizunak nolako onura eragiten dien haiek haien askatasunarekiko duten gogoeta mailan.

Hala, lehen mailako garrantzia eman nahi izan diote erreferentzialtasunari. “Guk duela hamar urte halako ikuskizun bat ikusi izan bagenu gure herrietan, gure identitatearen sorreran hamar urte irabaziko genituzke”. Ondorengo belaunaldietan izanen diren LGTBIQ+ familiakoei ikusgarritasun hori ematea garrantzi-tsua iruditzen zaie. “Gu bizi izan garen herrietako belaunaldi guztiek ikus dezaten, eta gogoetei eta elkarrizketei paso emateko”.

Urtarrilaz geroztik hainbat emanaldi egin ostean, joan den larunbatean, azaroaren 4an, Elizondon (Nafarroa) egin zuten, momentuz, aurreikusita duten azken emanaldia. Orain atsedenaldi txiki bat egitera doazela aurreratu dute, hilabete hauetan gertaturikoa eta bizitako emozioak talde osoarekin balioan jar-tzeko. “Neurria hartu behar diogu eta guztioi erosoa izango zaigun formula bat berrasmatu”. Argi dute udaberrian berriz oholtzetara itzuliko direla. “Orain arte bezala edo agian ezberdin, ikusiko da”. Dinamikarekin jarraitu nahiko lukete, sarea garatu, galdekatuz zein forma emanez, eta antolakuntzan indarra jarriz beraiek nahi duten toki guztietara iristeko gaitasuna izan eta askatasuna hedatzeko.