Azkenaldian gero eta ohikoagoa da sare sozialetan (bereziki Instagramen) antzeko narrazioekin topo egitea: abandonatutako eraikin, txabola edo baserri bat berreraikitzen, bere eskuekin, pausoz pauso. Irudiak zainduak dira: gainbeheran dagoen etxea, harrizko hormak, egur zaharra, sukalde vintageak, ortuak eta paisaia zabalak. Edo zure lehengusuak kalean gelditzea mendian txabola bat eraiki behar duela esanez. Joan zait. Hala ere, diskurtsoa argia da: askatasuna, autonomia eta naturarekiko lotura berreskuratua. Baina, zer dago irudi horren atzean?
Lehen begiratuan, fenomenoak badu potentzial interesgarri bat. Eraikita dagoena berrerabiltzea, lur berria ez artifizializatzea eta ondare arkitektonikoa zaintzea gaur egungo testuinguru ekosozialean norabide egokian doazen praktikak dira. Baserriaren kasuan, gainera, ez gara edozein etxebizitzaz ari. Historikoki, ekoizpena, zaintza, familia eta lurraldea uztartu dituen egitura konplexua izan da. Horren berraktibazioak, teorian, bizi-tza-eredu integralagoak irudika-tzeko aukera irekitzen du.
Sareetan agertzen den kontakizunak baditu hainbat elementu problematiko.
Hala ere, sareetan agertzen den kontakizunak baditu hainbat elementu problematiko. Indibidualizazioa, pribilegioak, ofizioen deslegimitatea eta denbora librearen okupazioa. Etxebizitza eta lurraldearekiko harremana norbanakoaren proiektu pertsonal gisa aurkezten da: “nik neuk egingo dut”, “nik aukeratu dut hemen bizitzea”, “nik lortu dut autonomia”. Diskurtso horrek etxebizitza krisia eta lurralde-antolaketaren arazo estrukturalak lausotzen ditu. Ez dira agertzen horren atzean dauden geruza ezberdinak.
Puntu honetan interesgarria da La voz del oráculo lanean Liv Strömquis-tek egiten duen analisia gogora ekartzea. Bertan, egungo subjektibitatearen eraldaketa aztertzen du: nola barneratu dugun gure bizitza proiektu pertsonal gisa ulertzeko logika, eta nola bilakatzen garen geure buruaren etengabeko kudea-tzaile. Orakuluaren ahotsa liburuaren ideiak adierazten du kanpoko erreferentzia kolektiboen ordez barneko desira bihurtu dela gidari. Baina, ahots hori ez da huts-hutsean autonomoa; testuinguru kultural eta ekonomiko zehatz batek modelatzen du. Orduan, fenomeno honetan zer dago?
Horren argitan, Instagramen ager-tzen den eraikin abandonatua berri-tzearen narrazioa beste modu batera irakur daiteke. Ez da soilik etxebizitza berreraikitzeko praktika bat, baizik eta subjektu(klase) mota baten ekoizpena: bere desira propioari jarraitzen dion norbanakoa, autonomia bilatzen duena, bere bizitza proiektu gisa antolatzen duena. Baina, galdera da: zenbateraino da desira hori benetan autonomoa, eta zenbateraino da kulturalki ekoiztutako irudi desiragarri baten emai-tza? Eta, zergatik?
Gainera, fenomeno hau erraz bihurtzen da kontsumo-irudi. Hondamendiaren estetika erromantiza-tzen da: zaharkitutako egiturak, berreraikuntza “autentikoa”, material naturalak, bakardadea. Baina atzean dauden baldintza materialak ia inoiz ez dira erakusten. Zein da berreraikuntza horren kostu ekonomikoa? Zer gaitasun tekniko behar dira? Nola kudeatzen dira baimenak, energia-sistemak edo eguneroko logistika? Galdera hauek guztiak kanpoan geratzen dira, eta horrek autonomia eskuragarri baten ilusioa sortzen du.
Ez da soilik etxebizitza berreraikitzeko praktika bat, baizik eta subjektu(klase) mota baten ekoizpena.
Horrek klase-dimentsio bat badu. Normalean gazte-bikote bat edo hiritik ihesean kapital kultura bat duten pertsonak dira subjektu horren parte. Zeintzuk dira hauek? Zeintzuk dira hauen gurasoak? Zein familietakoak dira? Halako proiektuak aurrera eramateko baliabide ekonomiko eta kultural jakinak behar dira: aurrezkiak, denbora, ezagutza eta kontaktuak. Autoeraikuntza eta DIY(Do it yourself) bezala aurkezten dena, askotan, pribilegio baten adierazpen bihurtzen da.
Bestetik, ezin da ahaztu fenomeno honek landa eremuan duen eragina. Baserriak berreraikitzea, esaterako, lotuta egon daiteke herri txikien biziberritzearekin, baina baita bigarren etxebizitzen hedapenarekin edo turismoarekin ere. Baserria etxebizitza-produktu bihurtzen denean, bere funtzio historikoa eta soziala desaktibatu daiteke.
Azken finean, Instagramen ikusten ditugun eraberritzeak ez dira soilik arkitektura-irudi bat. Autonomia-desiraren, etxebizitza-krisiaren eta lurralde-desjabetzearen arteko tentsioen adierazpen politikoa da. Pertsonak ez mobilizatzeko edo okupatuta edukitzeko estrategia arkitektoniko-espazial-politiko gisa definitu daiteke. Hau da, Zetak (irakurri Guy Deborden La sociedad del espectáculo) eta ETS taldeek edo makrofestibalek sustatzen duten gisan. Lurraldea okupatu eta desitxuratzeko praktika hauek oso arriskutsuak dira, kapitala kolektibotasunaren gainetik planteatzen dute. Eta honek, lurraldearen desorekan eta hegemonien erreprodukzioan eragiten dute. Lurraldeak duen potentzial eraldatzailea kolektibotasunetik eraikiko da edo hilko da.