Euskarabideak sortutako “Euskara aleka” podcastaren 25. kapituluak XX. mende hasieran ireki ziren lehen euskal eskoletako andereñoak eta maistrak ditu protagonista. Izan ere, 1930eko hamarkadan hiru euskal eskola sortu ziren Nafarroan: Iruñean, Lizarran eta Elizondon. Iruñekoan Maite Saizar tolosarra, Katalina Astibia leitzarra, Felisa Almandoz eratsundarra eta Miren Elizondo nahiz Albertina Azkarate iruindarrak aritu ziren maistra lanetan. Lizarrako euskal eskolan Petra Azpirotz leitzarrak irakatsi zuen eta, Elizondokoan, Pilare Alba Loiarte goizuetarrak jardun zuen.

Iruñekoa 1931ean ireki zen Bigarren Zabalguneko Karlos III-aren etorbidean, 30 ikaslerekin, Euskararen Adiskideak elkartearen eskutik. Ikasturtetik-ikasturtera ikasle kopurua handitu zenez, ikastetxea Eskolapioen eraikinera aldatu zen. Podcastak aditzera ematen duenez, “baliteke 150 ikasle izatera iritsi izana, 3 urtetik 9 urte bitartekoak”.

Lizarrako euskal eskola 1933an sortu zen, Foruen plazan. Petra Azpirotz izan zen lehenengo irakaslea eta 30 ikasleko taldearekin abiatu zen lehenengo ikasturtea. Proiektu hartan buru-belarri aritu zen Azpirotz. Azkenean, 1935-36an 52 ikasle izatera iritsi zen.

Hirugarren ikastola Elizondon sortu zen 1935ean, eta Baztan osoko haurrak hartu zituen. “Euskara aleka” podcastaren kapitulu honetan Pilare Alba ikastola hartako lehenengo irakaslearen testigantza biltzen da, eskola hartako lehen urratsak gogoratuz: “Nahiz eta ilun samarra izan, mahaiak eta aulkiak argiak ipiniz gauza polita sortu zen. Handi-handia ez zen, baina hasteko ongi”. Ez hori bakarrik: “Giro nahiko ona, eragozpenik ez nuen izandu, lagunak genituen denak eta eskolaren aldetik erraztasun guztiak eduki nituen”.

1936ko altxamenduaren ondorioz, agintari berriek Euskal Eskola guztiak itxi zituzten. Une latzak izan ziren irakasleentzat. Zorionez, gerra amaitu eta 16 urtera beste ikastola bat zabaldu zen Iruñean: 1965ean, Alde Zaharrean, Mikela Gastesi andereño gorritiarrarekin.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.