Aurten, ilusioz gainezka, Zangozako Ikastolak duela urte batzuk hasitako hausnarketari aurre egin dio eta arrazoi asko direla medio, ikaskuntza partekatuarekin lanean hastea erabaki du.

Ikaskuntza partekatua eta ez Koirakaskuntza deitzeko hautua egin dugu. Irakaskuntza hitza ikaskuntzarekin ordezkatzea egokia iruditu zaigu, irakaskuntza irakasleengan zentratuta dagoelako gehienbat eta Zangozako Ikastolan haurra ikasketa-prozesuaren erdigunean jartzen dugulako, ikasleak direlako benetako protagonistak. Partekatuz ikastea nahi dugulako eta irakasleok ere horrela asko ikasiko dugulako.

Hasieran aipatutako hausnarketa pandemiak eten bazuen ere, beste zenbait gauzetaz ohartzeko parada eman zigun ditxosozko itxialdiak eta ondoren etorri ziren lan egiteko modu hertsiak. Ikaskuntza prozesuan haurren arteko interakzio sozial, emozional eta kognitiboa ezinbestekoa da.

Ikasturte berria prestatzen hasi ginenerako garbi genuen ikastolak hartu behar zuen ildoaz eta koirakaskuntzaren itsasoan igeri hasi behar genuela erabaki genuen. Ikaskuntza partekatua modu ezberdinetan eraman daiteke aurrera, beti ere momentu eta leku berdinean bi irakasle badaude. Ikasle taldeak anitzak izan daitezke, adin bereko ikasle taldeak izan daitezke edo gure kasuan bezala adin ezberdinetakoak.

Erabakia hartuta, egungo ikasturtea planifikatzeko momentua iritsi zen, eta eskuan genituen piezekin eta gure errealitatearekin puzzle egonkor eta sendo bat bat eraiki beharra zegoen. Piezak lotu eta ikaskuntza partekatua aurrera eraman zuten ikas-taldeak antolatzea falta zitzaigun. Ezin zen ikastola egun batetik bestera eraldatu, horregatik lana progresiboki egitea erabaki zen. Aurten H.H. eta L.H.-ko 1go zikloan jarri da martxan. Hurrengo ikasturtean, berriz, L.H.-ko 2. zikloaren txanda izango da , eta Lehen Hezkuntzako 3. ziklokoak izango dira bi urte barru bide horretan sartuko direnak.

Nola egiten dugu ikaskuntza partekatua?

Bi maila desberdinetako ikasleek bi irakasle dituen espazio eta une berean lan egiten dute. Horietako bat irakasgai batzuetako gidaria da, eta bestea irakasle laguntzailea. Horrela, behar duten ikasleengan arreta jartzeko aukera izango dute, bai laguntzeko, bai une horretan ikasgelan aurrera eramaten ari dena indartzeko. Era honetan, gelan aurki-tzen ditugun behar eta erritmo ezberdinei modu esanguratsuago batean erantzuteko aukera irekitzen zaigu, ikaslearen prozesu indibidualera egokituz.

Zer ematen digu ikaskuntza partekatuak?

Hezkuntza-bikoteak, pedagogikoki, hezkuntzaren beste ikuspuntu bat ematen du; izan ere, bi pertsonen lanarekin, irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuei buruzko azterketa, gogoeta eta berrikuspen zeha-tzagoak jasotzen dira, eta irakaskun-tzaren hobekuntzaren azterketa sakonagoa lortzen da. Irakasle bat klasea aurrera eramaten ari bada eta bestea laguntzen ari bada, beste ikasle bat indartuz, eta bakoitza nola dagoen begiratuz gero, hobetzeko aukera asko eskaintzen dizkigu.

Zer aukera eskaintzen dizkigu horrela lan egiteak?

Alde batetik, partekatutako ikaskuntzan lan egiteko ikasle-taldeak ez daude beren adinarekin lotuta, baizik eta lortu nahi ditugun helburuak erreferentziatzat hartuta, ikasle bakoitzaren erritmoa errespetatuz. Horrela, hainbat modutan lan egiteko aukera ematen digu, eta helburuen, edo, hala badagokio, interesen edo gai sozialen arabera taldekatzeko.

Eta ikaskuntza partekatuan ikasten ari gara guztiok, bai ikasle, baita irakasleak ere. Egoera berrietara egoki-tzen, erabakiak elkarrekin hartzen eta guztion artean errealitate berriak eraikitzen. l