Korrikaren 23. edizioak Iruñerriko kaleak hartu ditu larunbat honetan, milaka eta milaka lagunek parte hartu duten lasterketa kolektiboa euskararen aldeko aldarri bihurtuz.

Lekukoak Agoitzaldea zeharkatu du goizean eta atzerapenarekin ailegatu da Iruñea ingurura, Eguesibarrera, zehazki. 13:15ean heldu da Ibirikura, hortik Eguesera egin du eta udalerritik atera da Uharte zeharkatzeko, berriro ere sartu eta Olatz eta Sarriguren alaitasunez betetzeko.

Korrika 14:50ean sartu da Iruñeko Mendillorri auzoan bizilagun andanak lagunduta, eta hortik Sadar aldera jo du, Lezkairu eta Arangurenetik igarota. Osasunaren partidaren zain zeuden makina bat zalek harrera beroa egin diote euskararen aldeko lasterketari.

Mendillorrin Nafarroako Gobernuko lehendakariodeak hartu du lekukoa, exekutiboko hainbat kidek lagunduta; Arangurenen Aranzadi Zientzien Elkartearen txanda izan da; eta Osasunaren kilometroan, Patxi Puñal eta Josune eta Maite Valero, besteak beste, izan dira lasterketaren buru.

Arrosadia, Azpilagaña eta Iturrama zeharkatuta, hiriburuan sartu eta ordubetera, 15:50ak alldera, heldu da Korrika Iruñeko erdigunera, Nafarroako Parlamentuak esleituta zeukan kilometroa, Sarasate pasealeku bete-betean.

EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdietako zenbait parlamentarik hartu dute lekukoa, baina Unai Hualde ganbarako presidenteari egokitu zaionean protestak izan ditu inguruan, “Nafarroako Gobernua, euskararen etsai” zeritzon pankarta zabalduta eta zonifikazioaren amaieraren alde.

41

Unai Hualde parlamentuko presidentea, pankartarekin atzean. Javier Bergasa

Korrika, orduan, Alde Zaharrera sartu da Iruñeko Peñen Federazioaren eskutik, eta haren presidente berriak, Rakel Arjolek, lekukoa pasa dio hiriburuko alkate Joseba Asironi jendez lepo zegoen Udal enparantzan.

Minutu batzuk lehenago, komunikabideen aurrean adierazi du Korrikan parte hartzea Udalak euskararen alde egindako apustuaren erakusle dela. "Bizikidetza hizkuntzekiko errespetutik ulertu behar da. Iruñeak bi hizkuntza ditu, eta gaur egun euskarari babesa erakutsi behar zaio, eta jendea hori erakusten ari da", gaineratu du.

AEK-k antolaturiko ekimenak auzoko kaleak zeharkatu ditu, eguraldiagatik eta jendetzarengatik, Sanferminetako entzierroa zirudien lasterketa batean, eta Gaztelu Plazari ere egin dio bisita.

Segidan, Zabalguneko kaleak euskaraz bete ditu Korrikak, Beloso aldapa hartu eta Burlatara jaitsi den arte. Ibilbidearen zati batean, Berta Arizkun alkateak eraman du lekukoa.

Atarrabia guztiz zeharkatu du ere Korrikak, hamaika kolektibok eraman dute lekukoa, baita Mikel Oteiza alkateak ere, eta hori gutxi balitz, Ezkabarteko bizilagunek ere haien unea izan dute ondoko udalerrian, aurten, ekimenak ez baitie bisita eginen.

Jarraian, Iruñera egin du berriro ere, Txantrea auzora zehazki, eta Antsoainen barrena ibili ondotik, Iruñerriko Mugimendu Feministak kilometroa zuen bertan, Artika, Arrotxapea, Berriozar (Iker Mariezkurrena alkateak lekukoa eraman du), Buztintxuri, Sanduzelai eta Donibane aldarrikapenez josi ditu Korrikak.

Zizur Nagusia aldera joan da lasterketa ondoren, Noainera bidean, Barañain igaro eta gero. Galarko Zendean makina bat Palestinako bandera erakutsi dituzte korrikalariek, hain zuzen ere, BDZ mugimenduaren kilometroan.

Larunbatetik iganderako gauean, Gares (23:22), Artaxoa (00:55) eta Tafalla (2:03) bezalako udalerrian zeharkatuko ditu, eta igandean bertan Erriberan barrena ibiliko da.