Bai, 47 urte eta 47 ordu fusilatu zintuztela, bai. Malkorik gabe eustea oso zaila zaidan emozioz lerro hauek idazten dizkizut, berriro, aldi baterako distantzia eta hurbiltasun pertsonala nostalgia korapilatsuan nahasten zaizkidala eta nautela suma-tzen dudalarik. Dena galdu zenuen Jon Paredes Manot, Txiki, dena, izateko ahalmen guztia, bizitza osoa tiroka lapurtu baitzizueten. Ez zaitut ahazten, ez dut nahi, ezina zait lagun eta burkidea, karikaturazko epaiketa baten ostean frankismoaren hondarrean fusilatua izan zinena, jada duela 47 zazpi urte eta 47 ordu, 1975eko irailaren 27ko egunsentian hain zuzen. Eta ipar haizearekin, euri busti eta kresala zaharraren usain sarkorrarekin, inoiz baino gehiago irrikaz desio dut geure Euskadin gizaki izateko eskubidea behin betiko eta betirako gailentzea beste edozein, bai, beste edozein konturen gainetik. Txiki beste gizaki baten bizitza, eta izatea, ezberdin pentsatzeagatik lapurtzea ez zen inoiz zuzena izan. Hasieratik oker geunden. Hasieratik. Hura akats tragiko izugarria izan zen, akats hilgarri erradikal, etiko, politiko, tragiko eta izugarria, erabateko hondamendi batean eratorri, deskonposatu eta gupidagabeki usteldu zena. Gaur aldiz etorkizuna erronka bilakatu zaigu, bakea, adiskidetzea eta bizikidetza behin betiko konkistatzeko betebeharra den erronkarekin ados zarelakoan nago. Lortzen ari gara, nahiz eta oraindik urratsak eman behar. Batzuk bereziki. Egunsentian, Auteren letrak dioen bezala, ilargia bere segaren ertzean odolusten denean tiroz tiro jo zintuzten frankismoaren sikarioek. Eusko Gudariak abestuz azken hatsa eman arte. Gogoan zaitut Txiki. Zenbat euri, zenbat malko. Eta egunsentian desio dut, etzanda zauden euskal lurra arina eta leuna dakizula. Gaur, ia mende erdi geroago egunsentian, eta indarkeria politiko ororen ukazio etiko erradikalean zutaz gogoratzen zait bihotza. Agur Txiki, beti arte Jon Paredes Manot. Eternitatean ziur elkar ikusiko dugula ostera. Ez adiorik, ordurarte baizik. Zurea. Bixar.