Urteak daramatzagu eskolako metodologien inguruan hausnarketa prozesuan murgilduta.

Horrekin batera, Hezigarri programan lau urteko formakuntza jasotzeaz gain beste eskola batzuk bisitatzeko aukera izan dugu. Guzti honen ondorioz, gure eskolak izaera propioa izan dezan lanean jarraitzen dugu.

Begirada konstruktibista batetik, ikuspegi plurimetodologikoan oinarritzen gara eskolako etapa guztietan modu koherentean jarduteko. Metodologia desberdinak uztartzeak, eskolaren izaera propioa definitzea eta auzoko errealitatera egokitzea ahalbidetzen du.

Hau horrela, eta eskolako ildo pedagogikoari jarraituz, Haur Hezkuntzan, metodologia aktiboen aldeko apustua egin dugu eta hainbat korronte pedagogikoren hausnarketatik abiatuz, gure hezkuntza praktikan aldaketak burutu ditugu, metodologia zehatz bati bide emanez. Urte pare bat daramatzagu Haur Hezkuntzan, GIROEN lan metodologiarekin hasi ginela. Modu honetan, goizeko ordutegiaren barruan haurrei giroetan eta zirkulazio librean aritzeko aukera eskaintzen zaie eta 3, 4 eta 5 urteko haurrak elkarrekin aritzen dira. Gela irekiak dauden saioetan, ikasleek bere erreferentzia gela denaz gain, gainontzeko gelak ere erabiltzeko aukera dute, askatasunez eta errespetuz. Haurren beharrak eta interesak abiapuntu hartuta eta gaitasun guztiak garatzeko bidean, gela bakoitzean, giro/espazio/proposamen ezberdinak eskaintzen dira, jolas eta lan aukera anitzekin: ikerketarako espazioak, manipulaziozkoak, lasaitasunezkoak, eraikuntzakoak, artistikoak… Espazio hauetan, ikaskuntza esanguratsua, kooperatiboa, eta bibentzialaren aldeko apostua egiten da.

Loris Malaguzziren ikuspegiarekin bat eginez, giroa hirugarren hezitzaile gisa ulertu eta estetikoki espazio zainduak, esanguratsuak eta lasaiak eskaintzeko eraldaketan murgildu gara metodologia honen baitan. Espazio hauetan, material egituratu eta ez egituratuak, material sentsorialak, material naturalak, erabilpen kolektiboa eta banakakorako materialak, ezaugarri psikoebolutiboetara egokitzen diren materialak, gaitasun guztien garapena sustatzen duten materialak, autonomia eta ekimena sustatzen duten materialak… aurkezten zaizkie.

Haurrak, euren garapenaren eta ikasketen protagonista gisa ulertuta, irakasleok ikaskuntza prozesuetan bidelagun jokatzen dugu, jarrera afektiboz eta laguntza eskainiz akonpainamenduan. Betiere, haien inguruarekiko, materialarekiko eta gainontzekoekiko errespetua oinarri izanik.

Eraldaketa guzti hauen aurrean, irakasleoi dagokigu gaitasun kritikoa eta autokritikoa izatea eta etengabeko hausnarketa eta autoebaluazioa gure lanaren parte garrantzitsu gisa ulertzen dugu. Irakasle guztiak talde baten parte garela onartuz, koordinazioa eta lankidetza oinarrizko irizpidea da guretzat.

Horregatik, Haur Hezkuntzako metodologia oinarri hartuta, Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan ere giroetan oinarritutako metodologian murgilduta gaude: egunero 2 saiotan zehar lehenengo zikloko haur guztiak nahastu eta matematika, musika, hizkuntza, proiektua, bizitza praktikoa eta artea oinarri diren giroetan lan proposamen ezberdinak burutzeko aukera izaten dute.

2. eta 3. zikloetan ere ildo honi eutsi eta astean saio batzuk egitura berdina mantenduz, proposamen desberdinak aurrera eramaten dituzte. Erdiko zikloan irratia, ipuina eta supermerkatua eta goi zikloan, mahai jolasak, artea, eta Scratch.

Ilusio eta ardura haundiz daramagu aurrera gure jarduna eta ikasleak ardatz izanik, aurrera goaz.