Nork bere burua zaintzeko hautua
Erabilera digitala aztertu eta bizitzako hautuak jomugan jartzeko proiektuan parte hartzen ari dira ikasleak
Lizarra Ikastolak ikasturte honetan abian jarri duen proiektu berritzaile batek argi uzten du zer ulertzen dugun ikastolan hezkuntza integrala esaterakoan. Hezkuntza ez baita soilik gaitasun akademikoak garatzea; bizitzaren erronkei aurre egiteko prest egotea ere bada. Eta horietako bat, gaur egun, pantailen erabilera da. Gaur egungo gazteen bizitzan pantailak funtsezko tresna bihurtu dira: komunikatzeko, ikasteko, jolasteko edo deskonektatzeko. Baina erabilera horrek arriskuak ere baditu, batez ere erabilera horren gaineko kontzientziarik eta kontrolik ez dagoenean. Pantaila batek, sekula izan duen argirik bizi eta erakargarriena izan arren, ez du beti bere atzean dagoena argitzen. Eta horixe da, hain zuzen, Lizarra Ikastolak martxan jarri duen prebentzio-programak azaleratu nahi duena.
Ikasleak, erdigunean
Programa honetan protagonismo osoa ikasleek dute. Proiektuaren lehen fasean, galdetegi anonimoak erabili dira ikasleen eguneroko erabilera digitalaren inguruko informazioa jasotzeko: zenbat denbora igarotzen dute pantailen aurrean? Zein ordutan? Zertarako? Baina ikasleen kontakizun subjektiboa baino gehiago, erabilera errealaren datuak ere bildu dira. Datu horien aurrean, ikasle askok harridura eta kezka adierazi dute: “Ez nuen uste hainbeste denbora pasatzen nuenik”, esan zuen ikasle batek tailer batean. Kontzientzia sortzea izan da lehen urratsa. Izan ere, Lizarra Ikastolan martxan jarri dugun proiektu hau ez da ekimen isolatu bat; gure hezkuntza proiektuaren parte da. Ikastolen hezkuntza marko orokorrak helburu argia du: curriculum akademikotik haratago, pertsona osoa heztea, bere dimentsio guztietan. Hau da, ikasle bakoitzari bere gaitasun kognitiboak, emozionalak, sozialak eta etikoak modu integralean garatzen laguntzea.
Marko horren baitan kokatzen da Pertsona Eredua, ikastolen sareak partekatzen duen erreferente pedagogikoa. Eredu honek hainbat ezaugarri zehazten ditu: euskal hiztun osoa, barne sendotasuna duena, erabakitzaile eta ekintzailea, kooperatiboa, edo eraldatzailea, besteak beste. Guzti horien artean, proiektu honek zuzenean lantzen du “bere ongizatea zaintzen duen pertsona” izateko gaitasuna. Eta hori ez da soilik kontu teorikoa: ongizatea zaintzea erabaki kontzientea da. Horretarako, ezinbestekoa da nork bere errealitatearen berri izatea, ohiturei begiratzea eta horien atzean dauden beharrak identifikatzea. Pantailen erabilera aztertzea, beraz, ez da teknologiarekin arazo bat izatea; nork bere buruari begiratzeko ariketa da, bizitza osasuntsuago eta orekatuago baten aldeko lehen pausoa.
Hausnarketa ekintza bihurtzen denean
Ikasleekin egindako tailerretan, adikzioen inguruko hainbat galdera landu dira: zer da adikzio bat? Zer sentitzen dut pantailarik gabe nagoenean? Noiz bihurtzen da erabilera arriskutsu? Tailerrak ez dira teoria hutsera mugatu; esperientzia partekatuak izan dira, non ikasleek beldurrak, ohiturak eta errutinak mahaigaineratu dituzten. Horietako batean entzundako beste adierazpen bat: “Askotan, nekatuta edo urduri nagoenean, mugikorrera jotzen dut, eta konturatu gabe bi ordu pasa dira”. Horrelako testigantzek agerian uzten dute erabilera digitalak sarritan emozioen kudeaketarekin zerikusi zuzena duela. Eta hortik abiatzen da garapen emozionala ere: heldutasun afektiboa garatzeko bidean, barne askatasuna eta autoerregulazioa funtsezko dira.
Talde motorra: norabide partekatua
Proiektu hau ez da irakasle talde txiki baten ardura izan. Talde motor bat osatu da (irakasleak, orientatzailea, zuzendaritzako kideak…), eta maiz elkartu dira hausnarketa estrategikoa egiteko: nola egokitu ekintzak gure ikasleen beharretara? Zer erronka ditugu gurasoekin komunikazioari dagokionez? Zein dira hurrengo urratsak? Elkarlan horretan islatu da kooperatiboa eta erantzunkidea den pertsona sustatzeko gure apustua.
Etorkizunari begira
Lizarra Ikastolan garatzen ari garen programa hau ez da aparteko ekintza bat, ezta unean uneko kezkari erantzuteko sortutako jarduera hutsa ere. Aitzitik, gure hezkuntza proiektuaren norabidean txertatutako ekimen sendoa da, eta gure hezkuntza marko orokorraren baitan kokatzen da: ikasleen garapen integrala helburu duen ikuspegi pedagogikoa, non ongizatea, autonomia eta kontzientzia hartzea funtsezko ardatzak diren. Aldi berean, proiektu honek ez du soilik ikasgelan garatzen den dimentsioan eragiten; abiapuntua da, eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa eskatzen du. Etorkizuneko urratsak izango dira: familientzako prestakuntza-saioak, ikasleen proposamenetatik abiatutako ekimen berriak eta herri mailako ekarpenak. Izan ere, prebentzioa ez baita ikastolaren ardura bakarrik; komunitate osoaren konpromiso partekatuaren emaitza baizik.