"Haurrok ameslariak gara. Nola sortu, ametsekin ez bada?" Alazne Armendariz Easo Ederraren hitzek eman zieten ongietorria eguerdia baino pixkat lehenago Alderdi Ederren bildutako 5.000 haurrei. Horietatik askok euririk ez egiteko amestuko zuten (haien guraso gehienek ere bai), eta ametsa ia-ia guztiz betetzea lortu zuten. Tanta batzuk erori ziren, baina normaltasunez (ohi baino azkarrago agian bai) atera zen atzo Haur Danborrada nagusia.

"Jo gogotik", esan zien baita Telmo Ramos jeneralak ere (Jesuitinasekoa, gainerako pertsonaien moduan). "Jaiak arnasa ematen digu", gaineratu zuen, eta atzoko festa egun handian guztiek dutela haien lekua nabarmendu zuen, baita ere, Carla González alkateak udaletxeko balkoitik. Behean zeuden guztien ordezkari, Donostiari bakarrik ez, munduari ere egin zioten oihu hirurek eta hiriaren aldarria zabaldu zuten: "The most beautiful city in the world". "Gu gara eredua", abestu zuen González alkateak.

Eta ardura hori serio hartu zuten behean bildutakoek. San Sebastian Martxa jo, Antzinako Martxa ere bai, eta Hernani kaletik ibilbideari ekin zioten, espaloietan zain zituzten milaka donostiar eta bisitariak adi-adi begira zituztela. Lehen une horietan euri apur bat bota zuen eta abiadura azkartu zuten, baina, egia esan, ez zitzaien gehiegi axola gaztetxoei.

"Ez gara busti, ondo gaude", kontatu zuten zortzi urteko Alazne eta Aialak, Mendiola ikastetxekoak. Zozketa bidez aukeratu zituzten eta estreinakoz atera ziren atzo desfile nagusian, baina errepikatzeko prest agertu ziren. "Ez dio berdin euria egiteak edo ez, guk nahiago dugu ez egitea, baina bestela ere berdin-berdin aterako gara", iritzi zioten Altza Herri Ikastetxeko Luciak, Nereak eta Maialenek. Hamaika urtekoak, hirugarren eta bosgarren aldia zuten Haur Danborradan eta gogoan zuten duela urte batzuk euria gogotik egin ziela. "Txingorra ere bai!", gaineratu zuten. Horren aldean, atzoko eguna polita antzekoa ere izan zitekeen. "Zortzigarren urtea da", onartu zuten beteranoetako batzuek, hamalau urteko Elena, Amaia eta Norak, Salesianos ikastetxekoak. Azken urtea izango da haientzat, baina urte hauetan denetarik jo dute. Atzo, sukaldari jantziak soinean eta barrilak jotzen, penarekin ekin zioten haien azken danborradari.

Azken desfilea "Beste egun batean ez da gauza bera"

Ilusioarekin batera, azken irteera izango dela jakiteak sortzen duen pena hori ere bazuten Claret-Miren Biho-tza ikastetxekoek, hamar urteko Iker, Unax eta Aitorrek onartu zutenez. Ez zen haien lehen esperientzia desfilean, baina bai azkena, Clareteko jantziekin, gutxienez. Eskola itxi egingo dutela eta datorren urtean ez dira Haur Danborradan izango. Haiekin antolatzaile lanetan Nerea Marqués ikasle ohia ari zen lerroak antolatzen eta sekulako pena dutela haiek ere aitortu zuen: "Iritsi garenean haurrak oihuka hasi dira: Ez itxi gure ikastola!".

Haiengandik gertu, aurten 50 urte betetzen dituen Axular Lizeokoak zeuden. Urteurrena dela eta, Haur Danborradaz gain, arratsaldean berriro Etxadin atera ziren gaztetxoak. Hamaika urteko Maddi, Luzia eta Irati gogotsu zeuden Alderdi Ederretik ateratzeko eta barrutik zeramaten arropa kontuan hartuta, hotzak eta euriak zereginik ez zutela uste zuten. Antolatzaile lanetan zebilen Elisak garbi zeukan atzoko eguraldiarekin ere atera behar zutela eta gogotsu zeuden guztiak ikastolan, jantziak jarrita, 10.00ak inguruan Haur Danborrada irtengo zela konfirmatu zietenean. Gogoan du duela zazpi urte gertatutakoa, euriarengatik desfilea atzeratzeko erabakia hartu zutenekoa ikastetxeek eta Festetako arduradunek: "Negarrez hasi ginen denak, guztia prest... San Sebastian Egunean ateratzeak duen xarma ez du beste egun batek, ez da berdina beste egun batean ateratzea", onartu du.

"Beti atera beharra dago, eguna gaur da, ez bihar", bat egin zuen Larramendiko Begoña Berekoetxea antolatzaileak. Haien ikastetxekoa da atzo 5.000 haurrak zuzendu zituen Anne Vicente danbor nagusia eta urte berezia zen haientzat, horregatik, atera behar zutela garbi zeukaten. Gurasoei urteroko aholkuak eman zizkieten eta bazekiten haurrek arropa aproposa zeramatela azpitik, eta euritarako plastikoak ere bazeuzkaten gainetik (beste hainbat taldek ere bai). Atera baino lehen, gainera, hamaiketakoa banatu zieten indarrak hartzeko. Azkenetakoak dira ateratzen Larramendikoak, baina, hala ere, gogotsu zeuden Alderdi Ederren haien txandaren zain. "Ez gara aspertzen", kontatu zuten hamaika urteko Ur, Danel eta Daianak. Hirugarren urtez atera ziren eta atzo barril eta suilak jotzen ari baziren ere, Danelek danborra nahiago duela garbi utzi zuen. "Fuerteagoa da", aitortu zuen.

Egia esan, haien txanda heldu zenerako euria hasi zuen berriz ere, baina ez zeuden oso kezkatuta. Haiek baino, gurasoak zeudela arduratuago euriarengatik onartu zuten Ekintzako Luciak, Anak eta Marinak ere, eta laugarren urtea zutenez, beste behin ere busti zirela kontatu zuten. Eta horrek ez zituen kikildu: "Datorren urtean berriro!".