Aurreko hilabeteotan saiatu gara Pariseko maiatzaren eragina deskribatu eta azter-tzen, eta azkenik gaurkoan kristau irakurketa batez emanen diogu amaiera saio horiei. Frantzisko Aita Santuak konfiantzako eta itxaropenezko begirada eskaintzen dio gure munduari.

“Ohiturak liluratzen gaitu eta zerbait aldatzen saiatzeak zentzurik ez duela esaten digu, egoera honen aurrean ez dagoela ezer egiterik, beti horrela izan dela, eta hala eta guztiz ere, bizirik irauten dugula. Ohikeria honengatik, ez diogu gaitzari aurre egiten, eta gauzak ‘direnak direla’ izaten uzten diegu, edo behintzat, ba-tzuek hori izan daitezen erabaki dutena. Baina utz dezagun Jauna gu esna-tzera etor dadin, astinaldi bat eman gaitzan gure lozorroan, inertziatik aska gaitzan. Ohiturari erronka egin diezaiogun, ireki ditzagun begiak, belarriak, eta batez ere bihotza, gure inguruan gertatzen denak mugi gai-tzan, Berpiztuaren Hitz bizi eta eraginkorraren garraisiaz” (Gaudete et exsultate, 137).

Mendebaldeko Elizaren antzutasuna ezin da marketinaz edo arrakastazko estrategiez erantzun. Fede kristauak berez dituen nortasuna eta erroak berreskuratu beharra dago. Elizak etsaia bikoitza du: barrengoa eta kanpokoa. Barrengoak ahultzen gaitu eta kanpokoak ordea, indartu eta sendotzen. Jazarpenak garbitzen, sendotzen gaitu eta zur eta lur gera-tze soilak, makaltzen gaitu. XXI mendeko Eliza, non da? Jerusalemeko harresien babes lasaian edo Babiloniako erbesteratze bidean? Kristautasuna gai izan zen mila eta bostehun urtez gizarte sendo bat antolatzen Euskal herrian.

Gaurko gure egunetan beraz, alda-tzeko deia ezinbestekoa du kristau elkarteak. Aldaketaren sufrimendua eta nekea, bertan egoera berari eusteak dakarren pisua baino arinago behar du izan. Hargatik ezinbestekoa du Elizak basamorturantz abiatzea, kanpotik ez zaiolako laguntzarik etorriko. Egun, katoliko izateak berez dakar kultura honetan maldaz gora aritzea, hainbestetan korronte orokorraren norantzatik kanpo. Guri dagokigu finkatzea non nahi dugun jardun gizarte honetan. Ideologien programek ezin gaituzte gure norantza inposatu, giroa ezin da inolaz ere gure helbidearen erakusle izan. Historiako zantzuak bai, baina ongi aztertuz zein diren, eta non ari den Espiritua lanean, gizartean, historian, pertsona bakoitzarengan?

Guk egiaz, autoritateaz, obedien-tziaz ari garenean, munduak erabat beste aldera ulertzen ditu garai bateko zutabe nagusiak. Tradizioak sua behar du eraman, ez errautsa. Fideltasuna gaur egun ezin da itsu itsuan obeditzea edo menpetasunarekin nahastu. Eta fede kristauak irautekotan, eskema sinpleegiengandik ihesi beharra du. Paradoxikoa da sinestedunaren pentsamoldea, ustez kontrajarriak dauden hitzak lotzen dituenez kristautasunak.

Legea eta askatasuna Askatasunak sufritzen duen minbizia urrunetik dator. Ockham pentsalariak, gure joerek askatasuna kentzen digutela zioen. Askatasuna berez indiferen-tzia zela, eta soilik legeak markatzen duena zer den ona. Garai hartan jakina, Jainkoaren legeak. Santo Tomasek ordea, grinak, desioak onak direla zioen, gizabanakoa bere isolamendutik ateratzen dutelako eta ederra eta maitagarria denaren bila proiektatzen dutelako. Beraz, pertsonaren sentiberatasuna landu beharra dago, hor jokoan dagoelako gizakia bera.

Askatasuna eta egia Mendebaldea bizimodu burges eta aspergarrian murgildua zebilen azken boladan, eta estimulu gero eta indartsu, bortitzagoak behar zituen biziaren hutsetik ateratzeko. Bertutea ordea, kristau begipean ez da betikoari eustea, zenbait jarrera automatikoki onartzea, aurrez markatuta dagoen aginduari men egitea. Bertuteak originaltasuna eskatzen du, une bakoi-tzean modu berrian interpretatzea egiteko dagoena, sormena beti martxan jartzea, aske izateak, erabateko originaltasunez soilik bizitzea dakarrelako.

Askatasuna eta salbamena Azken boladako filosofien arabera, Sartre adibidez, erabateko askatasuna, salbamen kontzeptuaren aurkari zuzena da: gizakia izaki zoritxarrekoena da, ez dakielako nor den, zertarako existitzen den, zer egin behar duen bere buruarekin. Ezerezaren ozeanoan, lehenengo erabaki behar du zer izan nahi duen, ez baitago berari buruzko ideia zehatzik, eta horren arabera ez delako inolako zentzurik existitzen. Jainkoarekiko erabateko askatasunak, zentzuari buruzko loturarik eza esan nahi du, zentzugabetasuna. Askatasun hori gizakiaren kondena da, gizakiak bere burua eraiki behar duelako, eta hori da hain zuzen infernua: bera bere buruaren-tzat, eta bestearentzat.

Kristau begipean ordea, salbamen ideia bestelakoa da: norbera bestearentzat zerua behar du izan eta ekarri. Bestea erabat maitagarria da, Maitasunezko Jainkoak sortutako senide kuttuna, nire berekoi izatetik ateratzen nauen adiskidea, Jesusen irudi bizi konkretua, zeruko Aitak samurtasunez bizitzera, zoriontsu izatera gonbidatzen duen bide laguna. Salbamena hementxe jokatzen da. Erlijio bat izatekotan, maitasun eta askatasunezko bide bat behar du izan, bestela alienazio txar bat besterik ez zelako izanen.

Erronka beraz, kristau izena daramagunon bizkarrean gelditzen da. Gai izango ote da Eliza Berri On izaten eta proposatzen? Frantzisko Aita Santuak garbi ikusten du, Eliza autorreferen-tzial bat itsu eta mutu dela beste gainerako giza taldeen aurrean.