Publizitatea, iragarpenek indar estetiko eta etiko garbia dute pertsonen jarrerak, sentimenduak mugitu eta astintzeko. Zuzen zuzenean bihotza mugitzeko gai dira eta pentsakor uzteko gaitasuna dute. Horietako batean, hori garbi geratzen da, adineko hainbat helduei galdera sinple eta ozen batek mutu utzi zituelako. Kirolari, artista, zientzialari famatuak, mutu, sokarik gabe lotuak, “zu nor zaren esaiguzu” eskabide xumearen aurrean.

Zeren adinekook, nor zaren galderari, normalean, zer egiten dugun, zer egin dugun, gure curriculum edo ridiculum vitae kontatuz erantzuna ematen diogu. Azken finean, egin dugunak babesten gaitu, izen bat eraikitzen lagundu digulako. Gure gizarteak arrakasta duelako bere idolo edo jainkotxo boteretsu eta erakargarri nola beldurgarria. Porrota ez behintzat, nik halako titulua lortu dut, nola hala, baina espediente zuritu eta ponpoxoa hauxe duzu.

Haurrak ordea, galde bide honen aurrean, naturaltasunez azaltzen dira iragarki horretan, neska bat edo mutil bat naiz erantzun zehatzarekin. Pozik jaso nuen mezu fresko eta polita. Gauza da, publizitatea gero ondoren zetorrela, eta oraindik ez dut ulertu elkarren lotura. Ideologia kontuan sartu gabe, nortasuna eta ekin-tzek, nolako hartu eman dinamikoa duten pentsatzeak berebiziko garrantzia dute bizitzarako.

Badakit eta ez dakit nor naizen, pixkanaka agertzen baitzait nire izate misteriotsua, bidea aurrera ematen dudan neurrian, sentitzen dudan horri behar duen erantzuna nire kabuz ematen diodanean, kanpoko zaratak liluratu gabe, politikoki egokitasunaren diktadura alde batera uzteko ausardia badut, ondoan ditudanen iritzia jasoz, nire alderdi ilun eta anbiguoak argitara ateraz, azken finean, nire mugak besarkatuz, errua onartuz, bekatua aitortuz, pozak aldarrikatuz, altxorra elkarbanatuz?

Pertsona pertsonaia baino sakon eta ederrago da beti, maitatua izateko eta maita-tzeko dugun grina delako gure azken izaera. Maitasuna, agortu ezineko iturri eta egarri, hor da gure maisu eta laguna den Jesus, Nazaretekoa. “Egarri naiz” zioen bere azken unetan gurutze batetik zintzilik, hor azaldu zigun misterioa, Jainkoarena eta bere sorkari garenon nortasuna. Ur bizi horren iturria ezagut bagenu?

Egilea Euskal Pastoraltzako zuzendaria da