“Zeruan eguzki argi gozoa agertzean bera aurreratzen zaigu diosala egiñaz guk arengana gure begiak itzultzerako. Zeruko Argia ere, bera izan nai zuan euskaldun guztioi diosala eta agur egitean aurrenekoa”. Agur lerro hauekin ekin zioten aita Damaso Intza aita Buenabentura fraide kaputxinoek Zeruko Argia deitu zioten hilabetekariaren lehenengo aleari, 1919ko urtarrilean. Korapilorik eta ia apurtzerainoko estualdirik falta ez dituen 100 urteko hari luze batek lotzen ditu orduko eta egungo Argia.

Astekariaren azken zuzendaria izandako Xabier Letonak azaldu moduan, “XX. mende hasieran, gizarte mailan eta orokorrean Europan, bazen korronte laiko handi bat, eta horri aurre egiteko kristautasunak eta Eliza Katolikoak, lehenago inprentak eta liburuak erabili izan zituen bezala, masa komunikabideak erabiltzen hasi zen, hau da, prentsa. Kaputxinoek Zeruko Argia sortzea erabaki zuten ikuspegi erlijiosoa zabaltzeko, baina euskaraz”. Izan ere, garai bertsu horretan euskal kulturaren berpizkunde bat ematen ari zen: Lore-jokoak han eta hemen ospatzen ziren, Eusko Ikaskuntza urtebete lehenago sortu zen eta horren ondorioz baita Euskaltzaindia ere. Euskara, beraz, oinarrizkotzat jo zuten aita kaputxinoek.

Euskal kulturaren loraldia indarrean zegolaren seinale, bi urte beranduago Argia Astekaria sortu zen Donostian, Eusko Alderdi Jeltzalearen ingurumariako aldizkaria, informazio orokorra jorratzen zuena. Hori izan zen egun ezagutzen dugun Argia astekariaren bigarren iturburua. Ramon In-tzagarai Elurmendi eta Bittor Garitaonandia jesuitak, Gregorio Muxika, Ander Arzeluz, Antonio Lizarraga, Anbrosio Zatarain edo Ricardo Leizaola izan ziren, besteak beste, sor-tzaileetako batzuk, eta proiektuak indarra hartu zuen, 7.000 harpidedun izatera ailegatuz.

Lehenengo garai haietan sortutako kazetak ezer gutxi ikustekorik zuen, noski, egungo Argiarekin, oinarrizko eta, akaso, garrantzizkoenean izan ezik, Letonak azpimarratu bezala: “Haiek (kaputxinoek) ikusi zuten euren pentsamoldea euskaraz barreiatu behar zutela euskaldunen-tzat eta, guk ere, argi dugu egungo kazetaritza eraldatzailea euskaraz barreiatu behar dugula, eta euskaldunentzat. Hori behintzat argi dago eta ez da gutxi”.

1936ko gerra eta frankismoaren urte ilunak Gerraren lehenengo urteetan, Zeruko Argiak landatutako hazi horretatik eta aitzinetik egindako saiakera batzuren ondoren, lehenengo egunkari euskalduna sortu zen, 1937an zehazki, hilabete batzuk besterik iraun ez bazuen ere. Argiari dagokionez, erbestetik heldu zion biziraupenari. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan 15 ale inguru plazara-tzea lortu zuten proiektuari heldu ziotenek, “batzuk Venezuelatik eta beste batzuk New Yorketik. Exilioan nor zegoen egitura eta diru nahikoarekin aldizkariarekin jarraitzeko? Eusko Alderdi Jeltzalea, haren magalean egiten ziren, eta ikuspegi politikoak indarra hartu zuen”.

1960ko hamarkadan errotu zen proiektua, lehenengo hilabetekari gisa eta ondoren astekari formatuan, gaur arte ia etenik izan ez duen jario etengabeari ekinez. “1963tik aurrera, Agustin Ezeiza kaputxinoak proiektuaren zuzendari bezala eman zion bultzadari esker, euskal kulturan izen handiak izango ziren pertsonak hasi ziren kolaboratzen”, gogoratzen du Letonak, “Txillardegi, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Ramon Sarasola, Mari Karmen Garmendia... Idazten zituzten gauzak euskal gizartearekin bete-betean zerikusia zuten”.

Garai nahasiak izan ziren 1960ko eta 1970eko hamarkadak, eta diktaduraren errepresioari aurre egiteko mugimendu andana sortu ziren Euskal Herrian, euskal kulturaren bigarren berpizkunde batean. Miren Jone Azurzaren zuzendaritzapean ezarri ziren euskal kazetaritzaren zimenduak, 1970eko hamarkada hasiera hartan, Donostiako Okendo kaleko erredakziotik frankismoaren zentsurari aurre egiten zioten bitartean: Lemoizeko gertakaria isaltzen zuen azala edo Anparo Arangoak jasandako torturen koloretako argazkien argitalpena garai horretan kokatzen dira, besteak beste. Letonak adierazi bezala, “pil-pilean zeuden gaiei heltzen zieten, beldurrik gabe eta ausardi askorekin”.

80 eta 90eko hamarkadetan, krisiei aurre egiten Frankismo ondorengo trantsizio garaia, nolabait, aldaketa garaia izan zen ere Argian. Izan ere, lerro editorialak hartu zuen ku-tsuak kaputxinoekin eragin zuen tentsioa tartean, proiektua irauli eta kooperatiba gisa eratu zen: langileak egin ziren aldizkariaren jabe. Une horretan lurreratu zen guztiz astekaria, “zeruko” adberbioa alde batera utzi eta Argia izena behin-betiko finkatuz. Euskarazko kazetaritza egitea erakutsi zuen astekariak, eta euskarazko lehen egunkaria sortzeko haziak birlandatu zituen, aitzineko hamarkadetan egin bezala.

Egunkariaren sorrerarekin, alta, Argiak azken garaietan bizi izandako atakarik larriena igaro behar izan zuen, sortu berria zen kazetak eta tokian-tokiko hedabideen sorrerak eragin zuen talde odolustea, krisi ekonomikoa eta enpresa ereduaren krisia medio. Aurrerabidea, hasieratik bezala, garaietara egokitzeko gaitasunean eta bildutako langile taldearen indarrean aurkitu zuen astekariak, bere eredua finkatuz. “Euskal gizartean zegoen borbor ikaragarri hori, bere tentsio eta guzti, aldizkarian ere islatu zen garai hartan”.

Garaiari lotuta, aitzindari Garaiak garai eta zailtasunak zailtasun, ezbairik gabe euskal komunikabideen arloko erreferente izatea lortu du Argiak gaurdaino, izandako egokitze eta eraldatze gaitasunari esker, Letonak azpimarratu bezala. “Euskal gizartean, euskarazko komunikazioaren iturri nagusienetako bat izan da Argia, eta indar horri gaurdaino eustea izan da garrantzitsuena. Horrez gain, euskarazko kazetaritzaren arloan garaian garaiko aitzindari izatea lortu duela uste dut”.

Aitzindari izateko gaitasun horren erakusle izan zen, halaber, 1990eko hamarkada akabailan emandako Interneten sorrerak ekarri zuen iraultza abantaila bezala ikusteko izan zuen gaitasuna, mehatxu bezala ikusi beharrean, multimedia proiektu bat martxan jarri zuen lehenengo hedabideetako batean bilakatuz. Egun, Letonak azpimarratu bezala, garai gozo batean dago Argia. “Medio ez oso handia izanik ere, euskal prentsan lortzen du nor izatea, baita aitzindaritza maila mantentzea ere”.

Mendeurrenaren ospakizunaren harira aukeratutako lemari jarraiki, 100 urte txikitik eragiten aritu da astekaria. Bide luze honetako lorpenik garrantzitsuena? Letonak argi dauka: “Euskarazko prentsa egitea posible dela erakustea”.

jatorrira bidaia, gaur, iruñean

Txango historikoa. Jatorrira bidaia izenburupean, Argiaren sortetxea izandako Kaputxinoen komentutik astekariaren historian murgilduko den txangoa ospatuko da gaur, Iruñean, goizeko 11.00etan hasita. Bigarren geldialdia Arrotxapeako Arga Jatetxea izango da, auzoaren 1960ko hamarkadako langile mugumenduaren arteko harremanez hitz egiteko aitzakiarekin. Handik, Iruñean barna egingo den ibilaldi gidatua eskainiko da, Iruñea, gakoa den hiria euskara eta nazioarentzat gaia ardatz nagusitzat hartuta. Txangoari otordu batekin emango zaio amaiera, Iruñeko alde zaharreko Zaldiko Maldiko elkartean.

“Euskarazko komunikazioaren iturri nagusienetako bat izan da Argia, eta indar horri gaurdaino eutsi dio”

“Bizi izan dituen zailtasun guztiekin, egun bere historiako une gorenetako batean dagoela uste dut”

“Euskarazko prentsa egitea posible dela erakustea izan da egin duen ekarpenik garrantzitsuena”

xabier letona

Argia aldizkariko zuzendari ohia