lesaka - Ikastolan Patxi Zubizarretaren Hiru egun balearen sabelean liburua irakurtzen ari gara. Balearen arrantzaren inguruan gauza aunitz ikasi ditugu; hala nola, lehen, baleak euskal kostalderaino iristen zirela, gaurko estropaden jatorria orduko arrantzaleen harrapaketa dela edo, gerora, baleak urritu, eta balezaleak Kanadaraino, Ternuaraino, joaten zirela. Arrantzaren gaia baliatuz, gure gelako bi ikasleen aitona, Joxe, gurera gonbidatu dugu. Berau, ez zen baleak arrantzatzen ibili, bakailaoaren gibeletik aritu zen gaztetan lau urte luzez. Bakailao arrantzaren historia, balearena bezain ezaguna ez izanik ere, Europa elikatzeko ezinber-tzeko jarduera izan zen non euskaldun ugarik parte hartu zuen, bizimodu gogorrari aurre eginez.

Nola aukeratu zenuen marinela izatea?

-Idorrean ere lanean aritzen nintzen eta lan egiten nuenean, dirua irabazten nuen baina baita gastatu ere. Bestaz-besta ibiltzen ginen eta arrantzara kanpora joatea, diru pixka bat aurrezteko modu egokia izaten ahal zela pentsatu nuen, egun aunitz etxetik kanpo pasatzen baitziren. Animatuta joan nintzen lehenengo aldian eta hala segitu nuen ezkondu arte. Soldaduskatik bueltan, orduan joan nin-tzen lehenengoz Ternuara.

Zenbat denboraz aritzen zineten arrantzan?

-Urtean bi bidai egiten genituen, bortz edo lau hilabetekoak. Itsasontziak bakailaoz bete arte egoten ginen bertan. Itsasontzia arrainaz betetzerakoan bueltatzen ginen. Aunitzetan neguan ere egoten ginen arrantzan, Eguberriak arte.

Nolakoa zen garai hartako itsason-tzi baten eguneroko bizitza?

-Egurrezko kamaina batzuetan egiten genuen lo, beti untzian egiten genuen. Otordu bat behintzat bakailaoarekin egiten genuen baina mota guztiko eltzariak, oilaskoa eta tortillak ere, jaten genituen. Egun guztiak berdintsuak izaten ziren. Lanean ematen genuen egun guztia eta eguraldi txarra zenean, atsedena hartzeko astia izaten genuen. Zenbaitetan ere bestaren bat egiten genuen baina beti ere barkuaren barrenean.

Aspertzeko denborarik izaten al zenuten?

-Inoiz ez, ez ginen aspertzen. Denbora librea genuenean, bakailao buru batzuk garbitzen genituen gero etxera ekartzeko. Bakailao buruak arrunt onak izaten ziren etxean jateko. Itsasoko txoriak ere harrapatzen genituen, martinak eta. Bakailaoen gibelak amu bezala erabiltzen genituen. Haiek bota, eta txoriak hurbiltzen zirenean harrapatzen genituen. Aspertu, ez ginen inoiz aspertzen.

Lagunik egin al zenuen urte haietan?

-Bai, lagun aunitz egin nituen. Nire lagunik onenak nik bezala izena zuen, Pepe edo José, eta galiziarra zen. Euskaldunak eta galiziarrak ginen denak. Gure itsasontzian, marinelen artean, hiru euskaldun ginen. Kapitaina ere erdalduna bazen ere, Euskal Herrikoa zen, gipuzkoarra hain zuzen ere. Itsasoa utzi nuenetik, ez dut haien berri izan.

Nolako eguraldia izaten zenuten Ternuan ?

-Behin termometroak -18ºC markatu zituen. Baina klima hemengoaren an-tzekoa zen. Udan bero aunitz egiten zuen. Arrain aunitz sartzen bazen, agudo mugitu behar ginen bertzela arraina hondatu egiten zen. Uda partea hori zuen txarra. Batean, nahiko gaizki ibili ginelako oroitzapena ere badut. Zikloi bat hurbiletik pasa zi-tzaigun itzulerako bidaian eta larri ibili ginen baina onik atera ginen.

Zer lana egiten zenuten?

-Lan desberdinak zeuden: sarea bota eta bakailaoa harrapatu, arrainari burua kendu, goitik behera ireki, barreneko hezurra kendu, mangerekin ongi garbitu, zesto batzuetan kargatu, bodegara bota, gatzetan sartu, pilatu? Bodegan hiru lagun egoten ziren, haiek gazitzaileak ziren. Portura ailegatzerakoan, arrantzatutakoa deskargatzen zen baina guk ez genuen lan hori egiten. Lortutakoa sailkatzen zuten. Hiru motatako arrainak izaten ziren: handiak, ertainak eta ttikiak. Ondoren, enpresakoek idortegietan jartzen zituzten bakailaoak.

Norentzat egiten zenuen lan?

-Conde izeneko gizon bat zen nagusia, galiziarra zen bera. Baina itsasoan agitzen zuena patroia zen, arrantza patroia. Kapitaina, aldiz, ontzia patroiak eskatzen zion lekura eraman eta ekartzeko ardura zuen pertsona zen. Langile bakoitzak bazekien zer lan egin behar zuen, patroiak ez zuen langileei agindu beharrik. Goizetan, itsasontzia gelditzen zenean, patroiak hiru aldiz jotzen zuen txirrina eta horrek denak lanera joan behar ginela erran nahi zuen. Arraina non zegoen jakiteko, bertze ontziekin hartu-emanak izaten genituen. Lan horietarako ere, bagenituen aparatu berezi batzuk.

Harremanik izaten al zenuten Ternuako biztanleekin?

-Bai, hagitz ongi hartzen gintuzten hemendik itsasontzi aunitz joaten ginelako. Batzuetan portuan sartzen ginen, Saint-Pierre eta Mikelunen uhartedian (Frantziaren menpeko itsasoz haraindiko kolektibitate bat da), Kanadako Saint Johnsen? Nahiz eta hizketan elkar ez ulertu, ongi moldatzen ginen. Gasolioa eta janaria erostera sartzen ginen. Gasolioa batez ere, janarekin ez zen arazorik izaten, bakailao gehiago jan eta aitzinera. Kostatik urruti ibiltzen ginen arrantzan, idorrik ez zen ikusten. Bizpahiru hilabetez egoten ginen lurrik ikusi gabe, ura bertzerik ez. Matxurarik ez bazen, bi hiru aldiz hurbiltzen ginen portura. Zorionez ez genuen matxura edota istripu larririk izan. Barkuan bertan mekanikoak genituen eta arazorik bazen, haiek moldatzen zuten. Portura bi aldiz bakarrik joaten ginen eta eskutitzak bidaltzeko eta hartzeko gainerako itsasontziekin moldatzen ginen. Idorrera joaten zen itsason-tziak, eskutitzak eraman eta hartzen zituen. Aunitz idazten nuen, astean bizpahiru eskutitz.