116111 laguntza eskatzeko telefonoa

Zeuk esan, haurrei eta nerabeei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak sekulako arrakasta izan zuen 2018an

 843  harreman ezarri eta 979 kontsulta sortu zituen pasa den urtean

09.02.2020 | 05:54
Muchos menores utilizan Zeuk Esan para expresar sus sentimientos y dudas.

 843  harreman ezarri eta 979 kontsulta sortu zituen pasa den urtean

BILBO. Zeuk esan, haurrei eta nerabeei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak sekulako arrakasta izan zuen pasa den 2018an.  843 harreman ezarri eta 979 kontsulta sortu zituen, hain zuzen, gehienak 116111 laguntza eskatzeko telefonoaren bitartez. 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte  Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, Zeuk Esan haurrei eta erabeei informazioa, orientazioa eta aholkua emateko zerbitzua  zabaltzeko bidean dago, eta 2018an 843 harreman ezarri eta 979 kontsulta  sortu zituen. Harreman eta kontsulta gehienak (%90) telefono bidez  egin ziren 116111 zenbakian, eta gutxiago (%10) zerbitzuko  postontziaren bidez iritsi ziren. 

Ostegunean ospatuko den Haurren Tratu Txarren aurkako Nazioarteko  Egunaren harira eman ditu datuok Artolazabalek. Bere iritziz, datuek  egiaztatu dute finkatu egin dela Zeuk Esan zerbitzua eta 2018 izan  zela 2010ean abian jarri zenetik kontsulta gehien izan den bigarren  urtea, bai eta lau lauhilekoen arteko oreka handieneko urtea ere.  Zerrendan lehenengo lekuan 2011 dago, sustapen kanpainak 1.436  kontsulta artatzeko bidea eman baitzuen; 2017an 621 kontsulta artatu  ziren, 2018an baino 222 gutxiago. 

"Familietara edo inguruko helduengana jo nahi ez duten edo jo ezin  duten eta arazo txiki edo handi baten irtenbiderik aurkitzen ez duten  neska-mutilentzat benetan baliagarria da zerbitzua. Psikologian edo  gizarte hezkuntzan prestatuta dagoen eta adingabeekiko tratuan  esperientzia duen pertsona bat telefonoaren beste aldean izatea  laguntza lortzeko beste aukera bat izaten da beti", esan du. 

Artolazabalek zehaztu duenez, kontsulten %58 adingabeek egin  zituzten (489), eta %42 helduek (354); helduen kontsulten artean,  gurasoek egindako kontsultak %56,2 izan ziren. Gainerako kontsultak  honela banatu ziren: profesionalek %25,4, bigarren edo hirugarren  mailako familiartekoek %7,3 eta adingabearekin familia harremanik ez  duten helduek %11,1. 

"Adingabeen artean, nerabeak dira zerbitzua gehien erabiltzen  dutenak, eta kezkatzen eta planteatzen dituzten gaiak harremanekin  zerikusia dutenak dira: berdinen arteko harremanak, harreman  afektibo-sexualak eta familia harremanak", adierazi du  Artolazabalek. 

Zehazki, 12 eta 18 urte arteko gaztetxoek egin zituzten 2018an  adingabeek egindako kontsulten %94,5. Generoen arabera, neskek  gehiago deitu zuten: deien %74 neska adingabeek egin zituzten, eta  mutil adingabeek %26. 

Horrez gain, Zeuk Esan zerbitzuak 804 argitalpen egin zituen iaz  gizarte sareen, blogen eta aldizkarien bidez, "prebentzio,  sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza lanaren baitan". Lan  hori egiten da lehen mailako hartzaileekin, hau da, adingabeekin, eta  bigarren mailakoekin: familiekin, eskolarekin, haurren eta gazteen  arloko profesionalekin eta helduekin, oro har. 

IRUDI BERRIA 

Bestalde, Beatriz Artolazabalek adierazi du aurten berritu egingo  dela zerbitzuaren irudia logotipo berri batekin, eta material berriak  sortuko direla "adingabeek zerbitzuaren berri izatea sustatzeko",  hala nola posterrak, pegatinak, liburu markatzaileak, liburuxkak eta  bideoak. "Zeuk Esan zerbitzuaren erabiltzaile izan daitezkeenak  etengabe berritzen dira eta gure ahaleginak iraunkorra izan behar  du", gaineratu du. 

Zeuk Esan zerbitzuko 116111 telefono zenbakiaren atzean dagoen  profesional taldeak egiten duen orientazio, aholkularitza eta  informazio lana nabarmendu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako  sailburuak, eta gogoratu du zerbitzua konfidentziala dela, 116111  zenbakira egiten diren deiak doakoak eta anonimoak baitira eta ez  baitute arrastorik uzten fakturan. 

Telefonoarekin batera, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio-bide  batzuk ere eskaintzen ditu: gizarte sareak (@Zeukesan Twitter,  Facebook eta Instagram bidez), www.euskadi.eus/zeukesan webgunea,  Youtubeko kanala (https://www.youtube.com/user/Zeukesan) eta  adingabeen bloga (http://zeukesan.blog.euskadi.eus).