tafalla - Isabel Arias, Tafallako Ikastolako zuzendaria eta Iñaki Gil, irakaslea, Garabide erakundearen bitartez Guatemalan egon dira, bertako eskoletan Kaqchikel eta Kiche hizkuntzen irakaskuntza ezagutzeko asmoz. Han duela 50 urtetan, Tafallan ematen zen egoeran daudela ikusi dute. Guraso eta irakasleen borondate onari esker maya kultura eta bertako hizkuntzak berpiztu nahi dituzte kalitatezko hezkuntza eskainiz. Isabel eta Iñaki egun horietan bizitu dutena azaltzeko elkarreztatu ditugu.

Zenbat denbora kostatu zitzaizuen hara ailegatzea?

-Denbora asko kostatu zitzaigun, bidai luzea da eta. Hegazkina Bilbon hartu genuen Madrilerano, han ordu batzuk zain eta Madriletik Ciudad de Guatemalaraino. 15 ordu inguru.

Hizkuntzarekin arazorik izan al zenuten?

-Haiek gazteleraz hitz egiten dute haien hizkuntz propioa Kaqchikel izan arren. Guk ez genuen hizkuntza hori ulertzen, noski. Hitz batzuk ikasi genituen.

Eskoletan hemen ditugun gauza guztiak al dituzte?

-Eskolak ez dira gureak bezalakoak. Han eskola gehienak egurrezkoak dira. Arbelak ere badituzte. Ordenagailuren bat ere ikus daiteke. Patioa ikaragarria zen, zuhaitzez beteta zegoen, material birziklatuarekin egindako txirristak eta hainbat gauza gehiago zuten. Ideia asko ekarri genituen aurrerago gure patioan horrelako zerbait egiteko.

Ze jokuetara jolasten dute han?

-Kanikekin asko jolasten dira. Haien erritualak eta arauak dituzte, asko gustatzen zaie horretan ibiltzea. Futbolean oso gutxitan aritzen dira. Asko jolasten dute naturan, arearekin, zuhaitzetara igotzen, gurpilekin, oreka mantentzeko haiek sortutako jolasak, marinba musika tresna ere asko erabiltzen dute.

Zenbat eskola dago han?

-Eskola asko dago han baina gu Kaqchikela hizkuntza berreskura-tzeko zer egin dezaketen ideiak ematera joan ginen hiruzpalau eskoletara.

Zenbat ikasle dago eskola bakoi-tzean?

-Ba, tamainaren arabera banatzen dira. Hemen bezala gertatzen da. Iñaki eta biok ikusi genuen txiroenetako bat eta han bakarrik 25 ikasle zeuden. Beste eskola batzuek ehun eta piko ikasle dituzte. Lehen esan dugun bezala, hemen egoera antzekoa gertatzen da.

Ongi pasa al zenuten?

-Ez dago hitzik deskribatzeko. Oso hunkigarria izan zen eta nekagarria. Gauza desberdinak bisitatzeko aukera izango genuela uste genuen baina ez ziguten aukerarik eman. Goizeko 6etan jaikitzen ginen eta jo ta ke arratsaldeko 7ak arte...oso nekatuta bukatzen genuen eguna, gaixotu egin ginen ere.

Hango haurren izenak arraroak al dira?

-Kaqchikelez zituzten izenak oso bereziak ziren, ez arraroak, batez ere bereziak, desberdinak. Askok gure izenen antzekoak dituzte, Juan Carlos, Antonio David, Luis? Colonen eragina dago haien izenetan.

Ze metodologia erabiltzen dute han?

-Erabiltzen duten metodologia beraiek sortzen ari dira eta orduan hona etortzen dira guk gurea nola lantzen dugun ikustera, haiek ere gauzak ikasteko eta praktikan jartzeko. Gureak kalitatea bermatzen duela ikusi da, orduan beraiek saiatzen ari dira hezkuntza mota hau haien eskoletara eramaten. Ipuin batzuk eraman genituen hara. Guk azaldu genien, hemen ikasleak 3 urtekin, euskara jakin gabe sartzen direnean, ipuinak ulertzen dituztela eta zaila egiten zitzaien sinistea. Mimika asko erabiltzen da eta bukatu zuenean galdetu zien ea zer ulertu zuten eta gehienek ipuina gutxi gora-behera ulertu zutela esan zuten. Metodo hau erabiliko dutela erabaki zuten.

Zerbait ikasi al duzue haiengandik?

-Gauza asko ikasi dugu. Adibidez, gutxirekin asko egin dezakegula, gauza politak egiteko ez dela behar diru asko, Lurrarekin eta inguruarekin harreman estua izan behar dugula, Natura zaindu behar dugula berak zaintzen gaituelako? Haien ardatza Natura da. Naturarekin zuten harremana ikaragarria da. Konturatu ginen haien hizkuntza berreskuratzeko duten gogoa oso handia dela, hemen batzuetan gogo hori galtzen ari gara.

Ze motatako kultura dute han?

-Beraien kultura dute, Maiak dira eta lehen esan duguna, Lurrarekin eta Kosmoarekin asko konektatzen dira. Eguna, gaua... janaria ere asko zaintzen dute, janari hotza, beroa? Kantak, dantzak, balore asko eta desberdinak dituzte.

Nola janzten dira han?

-Kolore asko erabiltzea gustatzen zaie. Guatemala da lurralde bakarra janzkera hainbeste zaintzen duena. Emakumeak beti gona altuekin doaz. Lotura handia du bakoitzaren identitatearekin.

Nolako alfabetoa daukate?

-Maia kulturatik datorren alfabetoa dute. Marrazkien bidez egiten dute. Kaqchikelak ez du guk daukagun alfabetoa.

Guk daukagun teknologia badute?

-Hainbat eskoletan ordenagailuren bat bazuten, baina ez dute inolaz ere guk daukagun teknologia.

Zenbat herritar dira?

-Gu herri txikietan egon ginen . Hala ere, handiak ziren. Han ez dago, hemen dagoen bezala, autobusetan eserlekuak kontrolatuak, hau da, 20 eserleku egon arren, jendea autobusa bete arte sartzen zen. Pertsonak toki guztietan esertzen ziren, eserlekuetan, pasabidean, autobusaren goikaldean? Tuk-tuk batean eraman gintuzten. Motor bat da, estalpe bat duena eta pertsona bat gidatzen. Isa beti kopilotoz joaten zen. Bi pertsona gehiagorekin joan ginen eta Iñaki atzean zihoan.

Neskek eta mutilek eskola berdinean ikasten al dute?

-Ba, zorionez bai.

Ingelesa ikasten al dute?

-Bai baina hemen baino gutxiago. Hemen baino ordu gutxiago ikasten dute ingelesa eskoletan.

Zenbat denbora pasatzen dute eskolan?

-Guk baino lehenago hasten dituzte klaseak, batzuk han geratzen ziren eguerditan, beste batzuk ere arratsaldeko laurak arte geratzen ziren? Eskola bakoitzean ezberdina zen. Oso goiz argitzen du han baina oso goiz iluntzen du ere, orduan ordutegia ezberdina zen. Eskola bakoitzak bere ordutegia zuen.