erriki izan zen. Lehengusina batek galdetu zidan ea zer gertatuko den ikasturte honekin. Konfinamenduaren nahasmen honetan ea nola ebaluatuko ditugun gure ikasleak eta ea kurtsoa errepikaraziko diegun. Bera ez da hezkuntza munduko langilea eta seme-alabarik ere ez du, horregatik, urrunekoak zaizkio kontu hauek.

Galdera haien atzean zegoen duela urte asko, bizimodu gogor xamarra izan zuen neska beldurti hura. Aita etxetik falta zuena eta bere ahizpa txikia eta bera hazi eta hezteko, ordu luzez etxetik kanpo lan egiten zuen amaren alaba. Zegokiona baino arinago haztea tokatu zitzaiona eta bere premiak ikusten jakin ez zuen hezkuntza sistema baten biktima. Bere behar emozionalak ase gabe, ikasketetan arrakastarik lortu ez zuen eskola-porrotaren aurpegia. Oinarrizko ikasketak juxtuan amaitu eta lanari ekin ziona, tabernetan, zaintza lanetan eta etxe-garbiketan.

- Zorionez, gaur egun, ikasle batek kurtsoa errepika dezan erabaki-tzeko, ez diegu azterketen emaitzei soilik begiratzen -Halaxe bota nion pentsatu ere egin gabe eta harritu egin zela ikusita, azalpenekin jarraitu nuen- Kurtso erdia daramagu ikasleekin lanean eta dagoeneko, irakasleok badakigu zeintzuk diren beraien premiak, gaitasunak, ezintasunak, zailtasunak, puntu fuerteak... Irakasleok liburu eta curriculumetatik altxa ditugu begiak eta ikasleei begira gaude. Pertsonen garapen integrala bila-tzen dugu eta horrek ebaluazioa integral bat eskatzen du.

Ez nion azalpen gehiago eman, ulertu zuen irakasleon begirada aldaketa zertan zetzan eta poztu egin zela uste dut. Hala ere, irakurtzen hasi zareten horiei, ebaluazio integralari buruzko azalpen txiki bat emateko lizentzia hartuko dut.

Ebaluazio integralak, haur eta gazte bakoitzaren arrakasta lortzeko tresna izan behar du. Norberaren beharrak edota gaitasunak identifikatu, zuzendu (behar izatekotan) eta onartzean datza. Horretarako, ez da nahikoa azterketa baterako ikastea. Etengabeko prozesu bat da, haur eta gazteen motibazioa piztu behar duena eta bere autoirudia eta autoestimuaren zaintza oinarrian izan behar duena.

Ebaluazio integralak, hainbat aspektu hartu behar ditu aintzat.

1. Funtzioa:

- Funtzio ziurtatzailea: Ikasketa prozesu baten amaierako emaitza baloratzen da, hezkuntzaren historia luzean ia esklusiboki egin den bezala. Oraindik ere egiten da, baina, horretaz gain, ikasketa prozesua ere baloratzen da.

- Funtzio hezigarria: Ikasleak egin dituen aurrerapenak, bere gaitasunak, zailtasunak, egoera pertsonalak eta erritmoak aintzat hartuta.

2. Denbora:

Tradizionalki, ikasketa prozesuaren amaieran egin izan da ebaluazioa. Dakienak badaki eta ez dakienak, baleki! Hor konpon! Zorionez, ikuspegi hori ere errotik aldatu da.

Hasierako ebaluazioa egiten da. Ikasleek landu beharreko gaiaren inguruan dituzten ezagutzak eta interesak identifikatzen saiatzen gara. Horrela, badakigu nondik hasi behar den prozesua eta gutxi-gora behera nondik bideratu behar dugun ere bai.

Prozesuko ebaluazioa ere egiten da. Akatsak eta zalantzak ez dira zigor-tzen, ikasteko aukera berritzat har-tzen dira. Akats horiek erakusten digute irakasleoi ikasle bakoitzarekin jarraitu beharreko bidea.

Eta noski! Mundu guztiak nahi du bere lanaren emaitzaren balorazio bat jaso. Amaierara iristean, kontuan izango dugu nondik abiatu garen, prozesua nolakoa izan den eta horren arabera ebaluatuko dugu ikasle bakoitzaren amaierako lana.

3. Ebaluatzen duen pertsona:

Irakaslea ez da ebaluatzen duen bakarra. Autoebaluazioak bultza-tzen dira, bakoitzak bere lanaren inguruko gogoeta egin dezan eta norbera izaten da sarritan epailerik zorrotzena.

Koebaluazioa ere egiten da. Ikasleek elkarri egindako iradokizunak, zuzenketak, gomendioak... balio handikoak izaten dira. Besteengandik ikasteko aukera bikaina dudarik gabe.

4. Testuingurua:

Sarritan ahaztu egiten duguna, baina ikaskuntza prozesu arrakastatsu baterako, eskaintzen diren materialak, espazioak eta denborak egokiak eta anitzak izan behar dute. Pertsona bakoitzak modu desberdinez ikasten du eta aukera desberdinak eskaintzen saiatu behar dugu irakasleok.

Eta testuingurua osatzen dugun helduok, zer? Familien eta irakasleon jokaerak, harremantzeko moduak, komunikazioak... eragin izugarria dute ikasleengan. Konfian-tzazko giroa behar-beharrezkoa da pertsona baten garapenean, beraz hori ere aztergai garrantzitsua da eta etengabe gogoan eduki beharrekoa.

-Zorionekoak zure ikasleak! Ni ere begirada horrekin ikusi izan banindute€- Horrela borobildu zuen gure lehengusinak elkarrizketa. Zorionekoak gure ikasleak, bai! Eta zorionekoak gu! Haiei begiratu eta etorkizuna ikusten dugulako!