- Urtero bezela, aurten ere ailegatu da bertsoen zurrunbiloa gure eskolara Bertsolaritza Irakaskuntzan programaren bitartez. Urte ugari dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin eta hainbat udalerrirekin elkarlanean, bertsolaritza lantzeko programa hau martxan jarri zuela.

Ikasturte honetan, Estitxu Arozenaren laguntza paregabeaz, gure 5. mailako ikasleak ederki ari dira trebatzen hitzaren kirolak eskaintzen dizkigun baliabide guztietan. Eta proposamenak anitzak dira kasu honetan:

Alde batetik, garaian garaiko bertsolaririk ezagunenetara hurbilduko dira ikasleak, hala nola, Pernando Amezketarra, Bilintx, Txirrita, Basarri, Xalbador, Xabier Amuritza... Luzaroan ezkutuan utzitako emakume bertsolariak, Bizenta Mogel, Joxepa Antoni “Xenpelar, Mikaela Elizegi eta bertze hainbertze. Eta gaur egungo bertsolariak, Maialen Lujanbio, Amets Artzallus, Oihana Iguaran, Julio Soto eta abar luze bat.

Bertze aldetik, bertsoak eskain-tzen dizkigun bitarteko ludiko guztiak aprobetxatuz, ikasleek bertsoen teknika bereganatzen dute, era berean irudimenari, enpatiari, talde lanari... leku eginez. Jolas eta ariketa ezberdinak direla medio, antzerkiak eginez... Ehundaka aukera daude bertsoa eta bertsolaritza lantzeko. Eta nola ikasten da gehien? Ba bai, hasiera hasieratik buru belarri murgilduz bertsoen unibertsoan, bertsolari bihurtuz eta bertsoak osatuz. 2 puntu dituzten bertsoekin hasi eta infinituraino. 2 oin dituzten bertsoekin hasi eta nahi duzunerarte. Hau da, koplekin hasi eta neurririk luzeeneraino. Eta horren adibide, zuen guztion gozamenerako, hona hemen 5. mailako ikasleek osatu dituzten kopla ederrak!

Doinua: Ama begira zazu

Urduri hasi dugu

bortzgarren kurtsoa

ta orain ari gara

botatzen bertsoa

Lesakako eskolak

izena du Irain

denei jarri digute

portaeran bikain

Garazi, Aroa, Aitor,

Martina ta Alaitz

Uxue, Mikel, Kemen,

Eneritz ta Ekaitz

Unai, Oier, Aroia

dira gure izenak

eta maskarillakin

jolasean denak

Gazte aspergarria

nolako klasea

hamekak bortz guttitan

sartzen zait gosea

Hiru saio ta gero

atsedenaldia

eta agertu zaigu

bidean zaldia

Bertsoa kantatzean

hasten gara irrika

klasean eserita

patioan korrika

Ingelesa ta gero

egin dugu mate

eskola bukatu da

aio bihar arte