urreko astean jarri zidaten txertoa, tronboen inguruko lehenengo berriak bueltaka zebiltzan ordurako, baina txertaketa eten gabe zegoen artean. Nire lanbidearen inguruko xehetasunik ez dizuet emango, baina lasai, zegokidanean hartu nuen eta ez naiz polizia. Hartu bezperan, koadrilako batek bidali zidan albistea. Danimarkan AstraZeneca txertaketa etena zuten. Eta nik eskerrak bidali nizkion bueltan, animoengatik. Egia esan ez zidan gehiegi eragin, eta berdin-berdin txertoa hartzeko asmoa nuen. Miguel Bosé eta konpainiak izutu ez baninduten, entzundako estatistika eta datu horiek gutxiago.

Letretako ibilbidea egin genuenok, garai batean behintzat, latina emanda ere ez genituen matematikak gainetik kentzen, eta agian horregatik ikasi genuen estatistikak irakur-tzen. Zientzitakoek esango dute gureak matematika apalak zirela, eta nik erantzungo gaztelaniaz iletrado tontoaren parekoa dela. Baina goazen datuen irakurketara. Hamazazpi milioi txerto jarriak ziren alarmak pizterako, eta horrekin lotuta egon zitezkeen tronbosi kasuak Europa guztian dozena pasatxo. Agian baikor samarra izango naiz, baina ez zait zifra oso altua iruditzen.

Berdin zuen, zurrunbiloa martxan zen. Negazionistek eta beldur zaleek bazuten bazka. Ezagutzen dut atzera bota zenik, momentuz behintzat, eta baita txertoa hartu genuenoi inozo deitu zigunik ere. Segidan etorri ziren zalantzak eta baita Europa ia osoan txertoa etetea ere. Akabo, pozoia barruan genuen. Beharrik azkar samar etorri zela berriz ere martxan jartzeko agindua, eta mesfidantza apur batekin bada ere, badirudi berandu baino lehen aurreko bidetik jarraituko duela txertatzeak.

Estatistikekin jarraituz, telebistan entzun nuen injekzioa jaso genuenen artean ehuneko batek soilik sentitzen genuela albo kalterik hartu osteko hurrengo orduetan. Bada, edo nire ingurukoei sorta txarrekoa eman digute, edo hori gezur biribila da. Lanean hamar bat pertsonari jarri badigute, sei-zazpi inguruk izan ditugu txertoak eratorritako ondoezak, baita sukar punttu bat baten batek ere. Ez saiatu iruzur egiten, batez ere gure baitan konprobatu ahal izango dugun aferetan behintzat.

Dena beltza jartzen dutenak gustatzen ez zaizkidan bezala, dena zuritu nahi dutenak ere ez. Eskatuko nieke beraz, eta bereziki denon osasuna jokoan dagoela sentitzen dugun honetan, gu ez engainatzen saiatzea. Gezurrak hanka motzak ditu, eta bat inozoa balitz bezala tratatzea ez da estrategiarik eraginkorrena artaldea gidatzeko. Gauzak argi eta agerian. Txerto honek albokalteak baditu, atera mahai gainera, bai tronbosiak bezain larriak, edo ondoeza bezain arinak badira ere. Alarma sortzea ez bada ona, dena arrosa kolorekoa dela esatea ere ez. Informazioak emango digu ezagutza, eta ezagutzak erabakitzeko eskumena. Nekez ekarriko du iluntasunak argia.