2021eko Nafarroa oineza

15.10.2021 | 08:21
Josu Reparaz Leiza

Lizarra Ikastolako txoriak kaiolatik irten dira eta hegan egingo dute, azkenean, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, pandemiak eragindako zailtasun guztiei aurre eginez, sasien arantzak zorrotzak eta hodeiak oso ilunak izan arren.

Ikastolak ohituta daude zailtasunei aurre egiten, momentu zailenetan Euskal Herriaren bultzada eta babesa izan dutelako. Pertsona talde ausart batek 1970eko gau hartan, bizi zen beldur geldiarazlea somatu gabe, euren hizkuntza eta herri kultura berreskuratzeko asmoa hartu zutenetik, etengabea izan da Ikastola aurrera ateratzeko borondatea pertsona asko eta askoren artean.

Lizarra Ikastola kooperatiba proiektu komun bat partekatzen duten pertsonek egin dute sorreratik eta egiten dute gaur. Kooperatibistak aita eta amak dira, irakasle eta langile ez-irakasleekin batera etengabeko hobekuntzan inplikatzen direnak; ez bakarrik haien ikasleei dagokienean, gizarte osoari eragiten dionean baizik. Eta proiektu partekatuak 50 urte bete ditu eta 2021ekoa da ospatzen duen laugarren Nafarroa Oineza.

Lizarra Ikastolak Errepublika garaiko Ikastolaren ideiatako asko bereak egin zituen sortu zenetik. Ia 100 urte geroago, Delors txostenak XXI. menderako planteatzen dituen hezkuntza-erronkak, eskolak bizitzarako eskola izatera gonbidatuz, non ikasleek: izaten ikasi, ezagutzen ikasi, egiten ikasi eta -lagunartean bizitzen ikasiko duten, Lizarra Ikastolak bere hezkuntza proiektuaren ardatz izan ditu azken hamarkadatan.

Nafarroan kalitatezko hezkuntza eskaintzan, Lizarra Ikastolaren sortze, gizarte eta hezkuntza printzipioak aldarrikatzea zilegi da une berezi honetan, lurraldean errotutako eskola eredu laiko, anitz, solidario, ekintzaile, berritzaile eta parte-hartzailea delako, modu demokratikoan parte hartzen ikasten duena eta sarean lan egiteari garrantzi handia ematen diona, familiekin hurbiltasunean eta auzoarekin, hiriarekin etengabeko loturan, gizarte parte-hartzaile bat sortzeko ahaleginean.

Eskola eredu hau, herritik sortua eta herriarentzat lanean diharduena, kooperatiba izaeran ardaztuta dago eta honek bere izaera definitzen du: Gizarte hobeago bat lortzeko lan egiten du, berdintasun, parekidetasun, zintzotasun, gardentasun, elkartasun, ardura eta gizarte integrazio eta eraldatze baloreak sustatuz zerbitzu publiko-kooperatiboa eta kalitatezko irakaskuntza eskainiz.

Lizarra Ikastolak duela mende erdi pasatxo hasi zuen zeregin eder horretan lagundu duten pertsona guztiak gogoan ditugu. Ezin ditugu izendatu, asko dira, asko zarete, milaka! Ekarpen, ahalegin, erantzukizun, ilusio guzti horien, banakako garrantzia azpimarratu nahi dugu. Aurten ere euskaltzaleon laguntza beti bezain garrantzitsua da Ikastolak bere erronka berriei aurre egin diezaion.

Oinez xume bezain berezi honetan Ikastolari ematen diozuen laguntzak etorkizunean oztopo berriak gainditzeko tranpolin ezin hobea bihurtzen dira. Zereginak berrikuntzara irekita jarraitzen du, gure helburua lortzeko: hobeto hezitako gizartea; ikasleek honako aditzak jokatzera ikas dezaten: errespetatu, pertsonak eta ingurumena; elkarlanean aritu, "auzolana" behar partekatu bat eginez eta maitatu, pertsonak, lurra eta bereizten dituzten hizkuntzak eta kultura, modu berezian, gurea!.

1970eko gau ilun batean piztu zen argi izpi hura, gaur egun izarra da euskararen eta euskal kulturaren munduarentzat, Los Llanosetik hasita, Lizarran eta Merinalde osoan.

Egilea Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria da

noticias de noticiasdenavarra