uskararen Nazioarteko Egunak, aldarrikapenerako ez ezik, hausnarketarako parada ere eskaintzen du urtero. Gero eta anitzagoa den gizarte batean bizi gara, non bizikidetzak eta kulturartekotasunak berebiziko garrantzia daukaten. Sare sozialak eta plataforma digitalak aisialdiko kontsumoaren iturri nagusietan bilakatu dira eta munduak mugarik ez duelaren sentsazioa saltzen digute, erralitateak muga fisikoak nonahi ezartzen dituen bitartean. Erritmoa bizkortu egin da, zentzu guztietan. Dena da orain, dena da hemen eta han, aldi berean.

Zirimola guzti honen erdian, non kokatzen dira hizkuntza gutxituak? Bien bitartean, duela 25 urte indarrean jarri zen Euskararen Legeak Nafarroa hiru zatitan banatzen jarraitzen ustezko errealitate soziolinguistiko baten aitzakiaz. Zein izan da horrek euskararen gain izan duen eragina? Nola garatu da euskararen normalizazioa, eta zein da dauzkagun datuek aditzera ematen dutena?

Euskararen orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko helburuarekin, DIARIO DE NOTICIAS-ek eztabaida topaketa bat antolatu du berriki, Euskarabidearen laguntzarekin. Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik gidatuta, Sagrario Aleman euskaltzaina, Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendaria, Amaia Nausia Eusko Ikaskuntzako kidea eta Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria mahaiaren bueltan bildu ditugu guzti honen inguruan hausnartzeko eta, batez ere, etorkizunera begira euskararen normalizazioak dituen erronka nagusiak marrazteko.

testuingurua

Euskararen egoera

Ezagutza, erabileraren gainetik

Euskararen Egunaren ospakizunak abiapuntu eta fase desberdinak izan ditu bere historian zehar. Eusko Ikaskuntzak 1949an sustatu zuen. Euskaltzaindiak bat egin eta eguna instituzionalizatzea proposatu zuen. Azkenik, Nafarroako Gobernuak 2015ean egin zuen bat egunarekin. 2018an, Euskarabideak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruan egin den azken ikerketaren emaitzak argitaratu zituen, nafar hizkuntzak egun bizi duen egoera paradigmatikoa agerian uzten duena.

Honen arabera, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik azaldu moduan, "gero eta gehiago gara euskal hiztunak Nafarroan". 1991tik 2018 bitarte, euskaldunek Nafarroako gizartean duten pisu erlatiboa etengabeki handitu da, 16 urtetik gorako nafarren % 9,5 ziren euskaldun 1991n eta % 14,1 dira 2018an.

Hizkuntza gaitasunaren bilakaerari dagokionez, aldiz, Euskararen Legeak ezarritako hiru eremuetako (eremu euskalduna, eremu mixtoa eta eremu ez euskalduna) hizkuntza gaitasuna ez da modu berean bilakatu. Eremu euskaldunean ehunekoa bere horretan mantendu den bitartean (%61-a), beste bi eremuetan hazi da: eremu "mixtoan" etengabeki, % 5,2-tik %12,4-era; eta eremu "ez- euskaldunean" % 0,6-tik % 2,6-ra.

Adinaren faktoreari erreparatuz gero, belaunaldi gazteetan igo da gehien euskaldunen ehunekoa: 16-24 adin taldean %10-etik %25-era, eta 25-34 adin taldean %7-tik %21,8-ra. "Hiztun gehienak belaunaldi gazteenetan biltzen diren arren, beraiek dira, halaber, hizkuntza gutxien erabiltzen dutenak. Zergatik haustura hau? Gizarte bezala, zer egin dezakegu euskara nafar guztion ondarea dela barneratzeko eta bere etorkizuna bermatzeko?".

Alemanen aburuz, "triste xamarra dirudi ezagutza baino frankoz ere txikiagoa izatea erabilera, baina matematikoki ere hori normala izan daiteke". "Ez da batere harritzekoa. Azken batean, gazte gehienek eskoletan ikasi dute euskaraz, eta horietan hartzen duten gaitasuna oso formala da. Gazte horiek kanpoan erdal munduan murgidurik bizi dira". Euskaltzaleen Topagunek Nafarroako arduradunak ere bat egiten du euskaltzainaren iritziarekin, nahiz eta Euskararen Legearen itzalak Nafarroako eremu zehatz batzuetako biztanleengan duen eragina ere atzeman. "Euskara urriagoa den lekuetan, legearen ondorioz, urruntasun kultural eta soziala areagotu egin da. Kezkatzeko gaia da, elkarbizitzan eta elkar aitortzan eragina duelako".

Euskararen aurrerakada nabarmenagoa izan da, datuen arabera, Nafarroako hiriguneetan eta herri handienetan. Nausiak gogoratu duen bezala, "belaunaldi batetan, aldaketa handia ikusten dugu Tafallandean, Lizarraldean... Aipatzekoa ere Iruñerriak eta zonalde mixtoak hartu duen indarra. Horrek talka egiten du hainbat diskurtsorekin, erraten digutenean errealitate soziolinguistikoari kasu egin behar zaiola, adibidez. Kuantitatiboki, euskal hiztun gehien daukagun zonaldea mixtoa da, Nafarroan".

Gure lurraldean dagoen errealitatea, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko jarrerari dagokionez, etsigarria da: Nafarroako %60ak ez dauka inongo harremanik euskararekin. Horren aurrean, zein da gainontzekoek hartu beharreko jarrera? "Pazientzia", dio Reparazek. "Uste dut eman diren urratsak benetan urrats sendoak izan direla. Niri hunkigarria iruditzen zait Tuterara, Lodosara edo Vianara joaten naizenean, euskarak irabazi duen zentralidadea herrietan. Zerbait gaizki ikusia egotetik, zerbait erabat integratua izatera igaro da". Hezkun-tzak Nafarroan euskararen normalizazioan izan duen papera erabakigarria izan dela azpimarratzen du Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, are gehiago gaur egun: "Pandemia batetan murgilduta gaude eta honek erakutsi digu nolako ahuldadea duen oraindik ere gure hezkun-tzak. Ikasleak euren etxeetan egon direnean eta euskara ez denean etxe horietako hizkuntza izan, bueltatu direnean ikusi dugu zer nolakoa izan den galera, bai erabileran eta bai erraztasunean".

oraina

Gizarte aniztasuna

Enpatia, gehiengora iristeko gako

Duela urte batzuk Eusko Ikaskuntzak Nafarroako gizarte aniztasunaren inguruan ikertzeko proiektu bat abian jarri zuen "Gizarte aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan" izenburupean. Azken urteotan, herritar foroak antolatu dira proiektuaren baitan Nafarroako herri desberdinetan, ideologia, jatorri eta adin desberdinetako pertsonez osatuak. Nausiak gidatutako proiektu honetan nabarmendu den gatazketako bat euskararen kudeaketarena izan da: "Egia da horretan gatazka bat dagoela, baina uste dugu ez dela ona gatazka hori alde batera uztea, modu demokratiko bat kudeatzen jakin behar dugu".

Baina nola egin aurre horri? Nola sustatu euskararen aldeko jarrera Nafarroako biztanleriaren %60ak ez duenean inolako harremanik hizkun-tzarekin? Azken urteotan, gainera, euskararen sustapenaren kontrako jarrerak gora egin du herritarren artean, Eusko Ikaskuntzako kideak aditzera eman duenez. "Askotan, egietan oinarritutako gauzak esan ez badira ere, sentimendu hori hor dago eta oso zaila da horri aurre egitea". Euskararen aldeko borroka, 80eko hamarkadara atzera eginez, identitatearen eraikuntzarekin lotu izan zen. Orduko belaunaldi gazteek hizkun-tzaren aldeko borroka horretan oinarritzen zuten euren identitatea, hizkuntza eskubidearekiko borroka militantzia kontua zen. Egungo gazteen artean, aldiz, nazio auziak indarra galdu duela adierazi du Nausiak, ikerketan ondorioztatu ahal izan dutenez. "Gazteak gaur egun beraien identitatea eraikitzerakoan beste elementuetan eta arrazoietan oinarritzen dira: izan daiteke generoa, izan daiteke aldaketa klimatikoa, arrazakeriaren kontrako borroka, klase kontua...". Horrek nazio auziari eta hizkuntzaren zentralitateari indarra kendu badio ere, Nausiaren iritziz aukera berriak sortu ditzake: "Enpatiak sortu daitezke beste gizarte eragile eta mugimenduekiko. Erronka eta aukera moduan ikusten dugu egoera".

Jarreraren lan hildoan aurrera egiten ez badugu, ez dugu ezer egitekorik. Ideia horrekin bat egiten du Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak, azpimarratuz Nafarroaren biztanleriaren gehiengo bat euskararen sustapenaren alde jarri ezkero, bidea askozaz ere emankorragoa izanen dela. Nola egin ulergarri euskara garrantzitsua, beharrezkoa dela Nafarroan? "Erabilera eskatzen dugu, behin eta berriz, baina gure konplize izatea nahi dugun horiengana hurbiltzen jakin behar dugu, enpatiaz jokatu behar dugu, ulertu behar ditugu euren arrazoiak".

eskubideak

Normalizazioa

Norbanakoaren edo administrazioaren ardura

Euskarabideko zuzendariak gogoratu bezala, hizkuntza eskubidea onartutako eskubide bat da, baita Europa mailan ere. Nafarroan bi hizkuntza dira ofizialak, nahiz eta horietako bat hegemonikoa eta bestea gutxitua den. Egoera, begibistan dagoen bezala, ez da orekatua. Nola bermatu euskaldunen eskubideekiko errespetua? Nori dagokio euskararen normalizazioaren ardura? Alemanen aburuz ardurak partekatu izan behar dira, nahiz erakunde publikoek edukiko luketen ardura horren zama handiena: "Banakoen eta herri mugimenduen aldarrikapenak segitu behar duela uste dut. Baina ematen du azken aldian administrazioen aldetik eskubideen defentsa hori norbanakoaren gain uzten dela. Eta egia da hori beharrezkoa dela, baina ez da inondik-inora aski. Administrazioak jakin beharko luke bere egitekoa dela legea kudeatzea, zer esanik ez Nafarroako kasuan". Euskararen Legea aldatzeko "oso pauso gutxi" eman direla azpimarratu du "bai eskuineko bai ezkerreko partidu politikoen aldetik". "Munduan ez dago lurraldea modu honetan zatitzen duen inolako legerik. Astakeria bat da".

Berdin iritzi dio Zapatak ere, alde horretatik: "Hizkuntza eskubideak baditugu, eta norbanakook lana egin behar dugu baina administrazioak bermatu beharko ditu eta elkarbizi-tzaren izenean, gainean. Eta hain zuzen ere, kontrako diskurtsoak elikatzen dituzte euren jarrerarekin, ezaxola diren horien diskurtsoak indartuz". "Noizbait, gaur bihar baino hobe, benetan gizarte demokratiko, moderno eta aurreratu bat lortu nahi badugu herri honetan, Europa iparraldera begiratu beharko genuke, non elkarbizitza kulturala hizkuntza guztien integraziotik eraiki den eta ez bazterketatik eta komunitate baten edo bestearen ukaziotik".

etorkizuna

Erronkak

Hiztun konprometitu gehiago

Euskarak hiztun gehiago behar ditu Nafarroan biziraun eta osasuntsu jarraitzeko, normalizazioa errealitate bat izateko. Horretarako, Arregik adierazi bezala, "hezkuntzak ardura handi bat dauka, oinarrizkoa da hiztun berriak irabazteko, baina eskolak bakarrik ezin du. Ibilbideak erakutsi digu hizkuntza eskolatik kanpo ere eskaini behar dela". Zentzu horretan, egungo hezkuntza sistemak dituen erronkak eta aukerak anitzak eta zabalak dira. Nola lortu garapen sendoago bat? "Lehenengo apustua argia da", azpimarratu du Reparazek, alde horretatik: "Ikasleak euskalduntzeko dagoen eredu bakarra murgiltze eredua da".

Hala ere, eskola barruan egiten den lanketak handik kanpo eraman behar direla ere adierazi dute bai Alemanek baita Zapatak ere. "Geletan irakasten den euskara formalegia delakoan nago", dio euskaltzainak, "ikasleek ez dituzte nahikoa baliabide barnera-tzen ondoren erdal mundura atera-tzen direnean euskaraz aritzeko". Alde horretatik, ikastolak azkeneko urteetan planteamendu komunikatiboagorantz bideratzen ari dira euren proiektua, NIEko zuzendariak argitu bezala. "Azken urteetan ikasle konpetenteak nahi ditugula aipatu izan dugu, argi daukagu ere mundu globalizatu batetan gaudela, baina gure apustua sendoa da, euskara dugu ardatz eta beste adar batzuk izango dira mundura ateratzeko baliatuko dituzten beste hizkuntzak. Ikasleak hizkuntza horretan komunikatu ahal izatea lortu behar dugu".

Guzti hori, bestalde, ezin da lortu "alderdi afektiboa kontutan hartu gabe". Reparazen erranetan, ikastolen egungo erronketako bat euskaraz ez dakiten familiak euskarazko murgiltze ereduetan izena ematera animatzea da, eta ez hori bakarrik, baita euskararekiko atxikimenduan motibatzea ere. "Erronka handiak daukagu alde horretatik, eta hizkuntza politikak ezinbestekoak dira familien beldur horiek desegiteko eta euskaldun konprometituak lortzeko".

Alde horretatik, oinarrizko hezkun-tzarekin batera, paper erabakigarria izan du helduen euskalduntzeak azkeneko hamarkadetan. Esfortzu eta konpromiso handiarekin egindako ibilbidea izan da euskaltegiena, Alemanek, Arturo Campion euskaltegiko sortzaile, zuzendari eta irakasle izandakoak, aski ongi ezagutzen duen errealitate bat. "Euskaltegiak euskal hiztun berriak erdiesteko zutabe garrantzitsua izan garen arren, oraindik ere gizartearen zati txiki batera besterik ez gara iristen. Kanpainak egin beharko genituzke, ez arras kontra dauden horiengana iristeko, baina bai ezaxolak diren horiengana. Eta horretan administrazioak parte hartu beharra du, bai edo bai, euskalgintzako beste taldeekin batera. Jendeak euskara beharrezkoa duelaren sentsazioa sortu behar dugu, eta nola sortuko da administrazio lanpostuetarako euskara meritu bezala ere ez bada baloratzen?". Alde horretatik, Alemanen iritziz erronka nagusia jendea motibatzea da, eta horretarako ekintzak beharrezkotzat ematen ditu.

Gezurretan oinarritutako diskurtsoak deseraikitzea, besteen errealitateetara hurbiltzeko enpatia tresna nagusitzat erabiltzea, gure lurraldeko aniztasuna kontutan izatea, intersekzionalitatearen begirada edukitzea, sinergiak bilatzea... Guzti horiek aipatu izan dituzte lau hizlariek euskararen etorkizunera begirako erronkak marraztu eta hauei aurre egiteko moduak bilatzerakoan. Azken batean, hizkuntza batek bizirauteko behar duen gauzarik garrantzitsuena indartzean datzalako afera: hiztun konprometituak erdiestea. Jarrera delako, azken finean, gakoa. Alemanek gaineratu zuen bezala, Axularren hi-tzak gogora ekarriz, euskara prest dagoelako etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta euskaldunak garelako, izatekotan, prestatu beharko garenak.