Egun batzuk barru, datorren asteazkenean zehatzagoak izateko, neguan sartu ginela hilabete eginen du. Eta azken egun hauetako eguraldiak ere gogora ekartzen digu urtaro honen barruan bizi garela; zeru grisak Euskal Herria goitik behera estaltzen du. Baina hau ez da aitzakia euskal herritarrentzat. Izan ere, neguak bizirik jarraitzen duen bitartean, euskaldunak kalera irteten dira urtaroa ospatzera.
Hilabete hauen buruan aurrera eramaten diren ospakizunen artean, Zuberoako Maskarada aurkitzen da, Iparraldeko lurralde honetako herriak eta hiriak antzoki bihurtzen dituen inauteri festa. Urtero legez, jaialdia urtarrilaren bukaera aldean hasten da, eta apirila bitarte, igandero, Zuberoatik barrena ibiltzen da karrikak kolorez eta umorez bete-tzen. Aurtengoan, 13 urte igaro ondoren, Larraineko gazteek izanen dute maskarada berriro antolatzeko ardura, eta bihartik aurrera herrialdeko 12 herritan barrena ibiliko dira beren emanaldia eskaintzen.
Baina, zergatik da berezia Zuberoako Maskarada? Euskal Herriko lurralde honetan egiten den an-tzerki mota honetan herritarrak dira aktore, eta beren eskenatokia karrikak dira. Antzezleak bi taldetan banatzen dira: Gorriak eta Beltzak. Lehenengoak, dotorez jantzirik, maila oneko dantzak eskaintzen dituzte. Bigarrenak, berriz, basatiagoak dira eta herritarrak zirikatzeaz arduratzen dira; gaiztoaren papera betetzen dute.
Emanaldiak hiru zati ditu. Lehenengoan, Barrikadan, segizioa bisitatzen duen herriko etxe batetik bestera ibiltzen da, eta hauetan jakiak eta edariak izaten dituzte zain. Bigarren zatia eta hirugarrena, Branlia eta Ofizioarenak, maskaradako dan-tzak biltzen dituzte, hainbat Pastoralekin batera. Euskomedia Fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak argitaratu duten Negua ospatuz lanak biltzen duenez, inauteri festa honetako pertsonaia garrantzitsuenek, txandaka, Jauna eta Anderearen aurrean egiten dute dantza, eta "bitartean, Beltzak saltoka eta txantxetan ibiltzen dira segizioko eta herriko lagunak zirikatu nahian".
Zuberoako Maskaradaren pertsonaiak dira euskal inauteri honetako izarrak, hala nola Zamalzain, jaialdiko zalida; Txerro, zaldi buztana duen makila duena; Manitxalak, Zamalzainen errementariak; Enseñaria, Zuberoako banderaren zutoihaldun; eta Kantiniersa, XIX. mendearen eran jantzitako kantinera, besteak beste.
Aurtengo Maskarada apirilaren 25an amaituko da Larrainen. Ondoren, herriko gazteek festaren lekukoa herrialdeko beste herri baten eskuetan utziko dute, jaiaren tradizioak bizirik iraun dezan.