Udarekin batera atera du Esne Beltza taldeak bere lan berria: Esna2. Iragan azaroan argitaratu zuten proiektu honen lehen zatia (Esna), eta azken disko honekin osatutzat eman dute egitasmoa. Disko luzeak jada ez dutela horren ondo funtzionatzen, eta beste bide bat planteatu du taldeak, lan luze bat bi zatitan banatzea, hain zuzen. Hala, disko batean zortzi abesti sartu dituzte eta bestean, zazpi. “Bi diskoak Esna proiektuaren parte izan arren, lan bakoitzak ikuspegi ezberdina du. Lehena intimistagoa da, barruko sentimenduak adierazten ditugu bertan, barrutik esna. Bigarrenean, berriz, kanpora begira jarri gara esna, aldarri bat da”, azaldu du taldeko trikitilari eta abeslari Xabi Solanok. Bere esanetan, “askoz ere erreibindikatiboagoa” da Esna2. Gauzak “argi eta garbi” esan nahi izan dituzte lan honekin eta “kanpora begira esna” egon behar direla aldarrikatuz datoz.
Letrak sortzen, ohi bezala, Jon Garmendia Txuriya aritu da. Hil zuten abestia Iñigo Cabacasi eskaini diote, bere heriotza salatuz. “Ez dela justiziarik egin salatu nahi dugu, gauzak ezin direla horrela geratu. Hala, hainbeste iruzur eta nahasketaren erdian, errugabe bat hil zela aldarri egiteko” egin dute kantua, Solanoren hitzetan. Euskal presoen egoera salatu eta dispertsioaren aurka egin dute Mugitu harriak kantuan. Aurtengo Herri Urrats jairako Jalgi abestia ere sortu zuten, euskararen eta ikastolen aldekoa.
Esna proiektuaren lehenengo zatian bezala, bigarren honetan ere hainbat kolaborazio izan dituzte. “Lagun arteko gauzak gusta-tzen zaizkigu; abesti bat sor-tzen dugunean, pentsatzen dugu ea zer geratuko litzatekeen ondo, noren kolaborazioa litzatekeen aproposa”, kontatu du Solanok. Bad Sound System taldeko Moro eta Glaukomako Juantxoren laguntza izan dute abesti baterako. Aurreko disko batean kolaboratu zuen Oreka Tx taldeak parte hartu du, baina Euskal Herritik kanpoko kolaborazioak ere izan dituzte oraingoan: balkan musika estiloan oso ezaguna den Fanfare Ciocarlia taldeak Hong Kong-en grabatu zuen Herri Urrats egunerako abestia, izan ere, urte osoa pasatzen dute biran munduan zehar. Rap eszenan oso ezagunak diren Ms Maiko-k eta Dj Tillo-k ere parte hartu dute. Lehena, Kanariar Uharteetako rap abeslaria da eta bigarrena Orishas taldeko Dj-a eta Skratch Comandon ibilitakoa.
Ukitu elektronikoa Orain arte, taldea bera arduratu da euren diskoak ekoizteaz; hori dela-eta, nabaritzen da Esna2 beste ekoizle batzuk egindakoa dela, izan ere, ukitu elektronikoa dauka eta lehenengo diskokoa baino azkarragoa da musika. Solanoren ustez, ukitu horiek “kolore ezberdin bat” ematen diete taldearen doinuei, “ikusten da Esne Beltza dela, baina beste kolore batekin”, dio abeslariak. Dubstep estiloa lortzeko, “oso konplikatuak” diren efektuak ere sartu dituzte. Soinu berritzaile horiek sortzeko, batetik, Laurent Dupuy ingeniari eta ekoizle frantziarraren laguntza izan dute. Alpha Blondy zein Raggasonic taldeekin lan egindakoa da hau, eta azken bi urteetan Grammy sari bi irabazi ditu Angelique Kidjo-rekin egindako lanarengatik. Bestetik, Jeremie Garat biolontxelo-jotzaile eta sortzaile zuberotarra ere aritu da lanaren grabazioan.
Orain arte diskoa prestatzen egon diren arren, indarrez beteta dator Esne Beltza udarako. “Inoiz baino indartsuago eta gogo gehiagorekin gaude eta hortaz gozatu nahi dugu”, dio Solanok. Jada hasi dute kontzertu bira, eta gaur bertan emango dute bigarren zuzenekoa, Loiuko jaietan. Uztailean eta abuztuan Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan izango dira: Bidarrainen (uztailak 16), Ermuan (uztailak 23), Gasteizen (abuztuak 6) eta Gernikan (abuztuak 11), besteak beste. Euskal Herritik kanpo ere badituzte pare bat hitzordu, Badajozeko GraniRock jaialdian (uztailak 9) eta Argentonan, Bartzelonan (abuztuak 5).