Eraikuntzaren funtsa geometrian/forman eta funtzionaltasunean kokatu zuen XX. mende hasierako Mugimendu Modernoak. Erraza izango zaizue arkitektura manifestu horren eraikinak identifikatzea: bolumetria kubikoak, zuriak, leihate luzeekin eta dekorazio elementurik gabea. Iruditeri abstraktuaren erreferentzia hau dela eta, askok esango duzue hoztasuna transmiti-tzen duela espazio mota honek. Gizatasuna diseinu prozesuan ezabatzerakoan, erabiltzaile eta hiritarrak urruntasun sentsazio bat du arkitekturarekiko.
Herbereetako Aldo van Eyck (1918-1999) arkitektoak, Mugimendu Modernoaren aurrean, arkitektura humanizatu behar zela zioen. Hiria eta espazioa, pertsona unibertsal batentzat diseinatzerakoan eta objektu abstraktu bat bezala pentsa-tzerakoan, arkitektoa gizartearen errealitatetik urrundu egin zela salatzen zuen Van Eyck-ek.
Arkitekturak errealitate zehatz baten gain eragiten du beti. Testuinguru horri hiria deitzen badiogu, arkitektura hirian dauden hainbat fenomeno sozial, ekonomiko eta fisikoen josketa lan bat dela esango genuke. Hiriaren eraikuntza, baina, auzo berriak egin eta errotonda eta plazen hiritartzea baino konplexuagoa da.
Lehenik, inguratzen gaituen testuingurua ulertu eta berarekin harremanak ezarri behar dira. Harremanak aukera potentzialak besterik ez dira, denborak eta hiritarrak garatuko dituenak. Van Eyck-ek saretze hau Amsterdameko bukatu gabeko tokietan eragiten burutu zuen. Hiriak utzitako eta erabilerarik gabeko guneetan haurrentzako jolas-parkeak eraiki zituen. Operazio honekin hiru helburu erdietsi zituen. Alde batetik, diru-inbestitze handirik gabe hirian ahaztutako guneen aukerak agerian utzi zituen. Bestetik, haurrak eta hiriaren arteko loturak azaleratu zituen. Haurraren berezko izaera esperimentatzearena da, eta hiriko espazioek horretarako bide ematea lortu zuen. Etorkizuneko hiritar hauek hiriaren gaitasun hau bizi eta ulertzea posible egin zen bide batez. Eta, azkenik, funtzionaltasunaren aurrean, haur-parkearen erabilera-espontaneotasunarekin lan egiteko aukera erakutsi zuen. Jolasa erabilera poten-tzial bat bezala pentsatua izan da, hau da, ez dago jolas mota baten aurreikuspenik -funtzionaltasunak aldarriko lukeen bezalaxe-, irekia uzten da haurraren iruditeriari.
Gure artean, Aldo van Eyck-en ibilbidearekin harremanean den arkitekto talde gazte bat aurkitu dugu: Iñigo Berasateguik eta Ane Arcek osaturiko Bear arkitektura taldea. Ez da kasualitatea, arkitekturaren funtzio soziala berreskuratzeko, Bear-ek haurren espazioen inguruan hausnarketa egin eta lan egin izana. Bear-en aldarrikapen manifestuan irakurri daiteke hiritarraren papera arkitekturaren eraikuntzan barneraturik dagoela, eta abiapuntu horretan espazioaren gaineko heziketak berebiziko garrantzia du, haurretatik hasita. Bestalde, hiriko espazioen berreskurapenean zehazten dute arkitekturaren helburua, hiriaren hainbat egituren gainean, hiria josten jarrai-tzeko irmoa, alegia.
MALLABIAKO PROIEKTUA
Haurrekin lan-saio eta proposamen teorikoekin hasi dute bide profesionala, baina berriki proiektu erreal bat jarri dute abian: Bizkaiko Mallabia herriko anfiteatroaren berreraiki-tze soziala, herriko pieza gisa berreskuratzeko asmoz. Operazio arkitektoniko horretarako, erabilera aniztasuna txertatu dute berezko anfiteatroan. Mallabiako adin desberdinetako pertsonak bilduko dituen espazioak herriak aberastu egingo du, giza harremanak sor-tzeko aukerak biderkatuko dituelako. Eliza ondoko gunearen antolaketa berri baten lanak proposatu dituzte. Adinduentzako osasun-parke bat kokatuko dute, aire libreko gimnasio modura, eta anfiteatroaren behealdean gazteentzako lur biguna kokatuko da, guraso eta zaintzaileak harmailetan esertzeko aukera eskainita. Gune hau, gainera, egur laminatuzko egitura batez estali egingo da, diseinuaren argitasuna eta euri zein haize gogorretatik babesteko bermea helburu izanik. Hau da, arkitekturaren diseinua -forma, geometria, materialitatea-ez dago arkitektoaren ideia abstraktu batean oinarritua, baizik eta Mallabiako herriaren gune baten ezaugarriak indartu eta herritarren bizi kalitatean eragiteko nahian.
Holandako eta Euskal Herriko adibide hauek agerian jartzen dute arkitekturaren -eta hiriaren- geruza sozialak errealitate fisikoarekin duen harremana.