iruñea - Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirena Indart egileek irabazi dute Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen duten Etxepare sariketaren 2018ko edizioa, Cosimoren katiuskakbildumarekin. Epaimahi-kideek atzo azpimarratu zuten bezala, “gogoetarako” tartea ematen duen kontakizuna da saritutako lana: “Testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten dute, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena, xehetasun guztiak harrapatzea nahi baditugu”.

Testuaren zein irudien “indarra” ere azpimarratu nahi izan zuten lehiaketaren epaimahaia osatu duten kideek, Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustra-tzaileak eta Asun Garikano haur bilbliotekariak osatutako epaimahaiak, halaber, testuaren zein irudiaren “indarra” goraipatu zuten. “Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena”.

Cosimo eta parke txiki bat dira ipuinaren protagonistak. Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Egileek Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute.

Aurten 19 lan aurkeztu dira Etxepare sariketara. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2018ko udazkenean eta sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.

Egileak Ez da lehenengo aldia Martirena eta Ibañezek elkarlanean sortutako lan bat plazaratuko dutela. Auto-ekoizpenaren bidetik, izan ere, bi liburu argitaratu dituzte: Hankaz gora du amak mundua (Liburu iletsuak, 2015) eta Jonek Jone izan nahi du (Liburu iletsuak, 2017).

Martirena, Legasan jaioa, kazetaria da ogibidez, eta azken urteotan Euskal Irrati Telebistako albistegietan erredaktore bezala lan egiten du. Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan ere nabarmendu dituzte bere lanak. Kasurako, lehen saria jaso zuen 2015. urtean Astearte hark arrunta behar zuen narrazio laburrarekin.

Elosua, Iruñean jaioa, Arte Ederretan lizentziatua eskultura alorrean. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan. Sariak eta bekak ere jaso izan ditu. Kasurako, eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian.