iruñea - Urtarrilean zehar jokatutako aurre-kanporaketen ondoren, zehaztuta gelditu da jada Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolarien behin-betiko zerrenda. Denetara, 24 bertsolari ariko dira otsailaren 9an Tuteran abiatuko den txapelketaren 44. edizioan. Final handia martxoaren 23an ospatuko da, azken edizioetan bezala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Atzo Barañaingo Kultur Etxean antolatzaileek jakinarazi moduan, zortzi saio eskainiko dira denetara, Nafarroa osoan zehar: lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. “Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri Aranatzera eta Lesakatik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan”.

Guztira, 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan. Lehen aldiz parte hartzen zuten seirek, duela bi urteko sailkapeneko azken seiekin batera, aurre-kanporaketak jokatu zituzten urtarrilean, eta horren ostean bidean geratu ziren sei bertsolari. “Martxoaren 23ra arte, zortzi saiotan ariko dira, Nafarroako geografia anitzean barrena. Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean itsasoratuko dira bide horretako urak”, azaldu zuten atzo Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideek. Bertsolariekin batera, zazpi epailetako taldeak, hamabost gai-jartzailek eta hamarnaka laguntzailek egingo dute posible egitasmoa.

Bertsolaritzan erreferente Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. “Baina ez da bat-bateko lorea”, zehaztu zuten antolatzaileek. “Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Bide horretan, aipatzekoa da Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta tokian tokiko udal eta mankomunitateen laguntzarekin antolatua, urtero 2.400 ikasle baino gehiagorengana iristen dena, eskola orduetan bertsogintza eta ahozkotasuna landu dezaten”.

Halaber, bertsolaritzaren birsorkuntzan ezinbesteko papera izan duen Bertso Eskolen sarea ere gogoan izan zuten atzokoan, hain zuzen bertso eskolak protagonista izan zituen Bertso Egunarekin bat eginez. - M.M.P.

Otsailak 9. Tuterako Musika Eskolan, 17.30ean. Aimar Karrika, Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Joana Ziganda, Mikel Lasarte eta Saatsa Karasatorre. Aurkezlea: Maialen Belarra.

Otsailak 10. Urdazubiko Kultur Etxean, 17.30an. Iban Garro, Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo, Julio Soto, Sahats Aleman eta Saioa Alkaiza. Aurkezlea: Ainhoa Larretxea.

Otsailak 16. Iruritako Gizarte Bilgunean, 17.30ean. Endika Legarra, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi, Xabier Maia eta Xabier Terreros. Aurkezlea: Zigor Gartzia “Zian”.

Otsailak 17. Lizarrako Gazteriaren Etxean, 17. 30ean. Amaia Elizagoien, Diego Riaño, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta eta Sarai Robles. Aurkezlea: Ander Aranburu.

Finalaurrekoak. Martxoaren 3an (Atarrabia), 9an (Etxarri-Aranatz) eta 10ean (Lesaka) izango dira.