Euskal mitologia idatziz jaso izan ez balitz, agian, gaur ez genuen Torto, Basajaun, Mari edo Patxi Errementariaren ezaguerarik izango. Joxe Miel Barandiaranek egin zuen lan hori, tradizio hori guztia jaso eta zabaltzea. Transmisio lan horrekin jarraitzeko sortu zen bihartik aurrera, hirugarrenez, Ataunen ospatuko den Mitoaldia. Hau da, Jentilbaratza elkarteak eta Barandiaran Museoak antolatzen duten eta “urtez urte sendotzen doan” euskal mitoen nondik norakoak zabaltzeko zazpi eguneko programa.

Figura mitologiko nagusienak, Jentilbaratzako kide Maitane Aizpurua eta Barandiaran Museoko koordinatzaile Amaia Vicenterekin batera, Donostiako Tabakaleran bildu ziren atzo jardunaldien beste edizio bat aurkezteko. “Guretzat mitoak ipuin fantastiko sorta bat baino askoz gehiago dira. Arbasoei buruzko informazioa ematen digute”, adierazi zuen Aizpuruak jardunaldien helburua azaltzeko. Elezaharrek, kristautasuna Euskal Herrira iritsi aurretik, gure arbasoek zituzten sinesmen eta beldurrei buruz hitz egiten digute: “Haien-tzat, mitologia bizirauteko tresna zen”.

Mendeetan zehar kondairek ahozkotasunaren bitartez biziraun dute eta “Joxe Miel Barandiaran, zorionez ohartu zen, horrela jarraituz gero, galdu egingo zirela”. Antropologoak “etxez etxe” jasotako guztiak euskal gizartearentzat “izugarrizko altxorrak” dira: “Gure lana da Barandiaranek ekin zion transmisio lan horri jarraipena ematea. Horregatik, urtero-urtero bere liburuetan sartzen gara, kondaira eta ipuin horiek guztiak astintzen ditugu eta pertsonaiei bizitza ematen diegu”.

Gipuzkoarrek mitologiaz bustitzeko aukera izango dute bihartik aurrera. Publiko zabalari zuzendutako programari Iñaki Perurena harri-jaso-tzaileak emango dio hasiera, hain zuzen ere, harria hizpide duen hi-tzaldi batekin. Harria maitasun istorioa Ataungo Astigarraga atsedenlekuan ospatuko da, 20.00etan; bertan, leitzarra Euskal Herriaren historian harriak izan duen garrantzia eta esanaz arituko da. “Modu poetiko batean harria metafora bihurtuko du”, azaldu zuen Vicentek.

Larunbat goizean, berriz, Ataungo gune esanguratsuenetariko batera, Murkoondora -Barandiaranek hemen zuen etxebizitza edo “kabia”-, ibilaldi gidatu bat izango da Jon Aizpuruaren gidaritzapean.

Igandean haurren txanda iritsiko da. Marimunduko pertsonaiaren eskutik ipuin kontaketa antzeztua eskainiko dute Barandiaran Museoan 11.00etan eta, berriz, 12.30ean.

Uztailaren 8tik 12ra udalekuetako taldeentzat mitologia lantzeko lantegiak antolatu dituzte museoan; bitartean, uztailaren 9an Joseba Aurkenerenak Barandiaran eta mitoak izeneko hitzaldia eskainiko du. “Ziur bere hitzetatik zerbait ikasteko aukera izango dugula”, baieztatu zuen museoko koordinatzaileak.

gau ibilaldi mitologikoak Azkenik, urtero 1.200 pertsona biltzen dituen 8. gau ibilaldi mitologikoa izango da uztailaren 13an.

Barandiaran museoan 20.00etan hasita, parte-hartzaileak Ataungo garai bateko herri bidean zehar ibiliko dira San Martingo plazaraino. Bidean zenbait pertsonaia agertuko dira, bisitariak ipuin eta legenden munduan sartzeko asmoarekin.

Antolakuntzatik gogoratu zuten parte hartzeko sarrerak eskuratzea ezinbestekoa dela -doakoak dira-. Azken sarrerak gaur jarriko dira eskuragarri www.jentilbaratza.eus atarian, 12.00etatik aurrera.

Programa aberats honekin, “mitologiaz blai egin nahi duen orok bere lekua izango du Ataunen”, bukatu zuen Vicentek.