Baso zabalak eta mendiak han-hemenka agertzen dira, eta Larraun, Leitzaran eta Bidasoako haranak dira erakusle nagusiak. Natur Bideak igaro, mendiak igo, gazta edota eztia jan eta sagardogileen lanaz gozatzea ezinbestekoak dira. Hegaztiak ikusi, Bertiz natur parkea edota kobazuloak igarotzea ere, bertan egin daitezke. Nafarroako mugan izanik, konektagarritasun lurraldea da honakoa. Urtez urte, herritarrek ahalegin handia egiten dute elkarren artean eta lortu dute paisaia humanizatu eta jasangarri bat.

Bidasoa ibaiak ematen dio izena historia handiko eskualdeari, urak elkartzen ditu herriak eta uraren bailara osatzen dute. Zalantzarik gabe izokina da Bidasoako ikurra, jendeak gehien maite duen arraina. Garai batean, izokin-arrantza ekonomiako baliabide garrantzitsua izan zen Bidasoa aldeko herrietan eta egun ari da Bidasoako izokinari indarra ematen eta babesteko neurriak hartzen.

Ibaiez gain, Nafarroako ipar mendebaldean Leurtzako urtegiak daude, Urrotz eta Beintza-Labaien herrien artean. Basoen erdian, sorpresa erakargarri baten antzera, sortzen dira bi mendi-laku horiek. Aisiarako Natur Eremu izendaturik, bainua hartzeko gune ezin hobeak dira, bai eta oinez ibilbideak egiteko. Leurtzan ingurumen eta natur balioak babestuak daude eta herritarren erabilerarekin elkarbizitzen dira: abeltzaintza, baso-lana, arrantza eta ehiza. Horrez gain, aparteko tokia da aisialdirako, natura gozatzeko eta ibilbideak egiteko. Lekuaz gozatzeko hainbat ibilbide daude, horietako batzuk aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egokituta. Arnastu bidearen freskotasuna eta goza ezazu mendi-laku hauetako lasaitasun magikoa.

Bidasoako trena, tren txikito deiturikoa, merkantzia garraiatzeaz gain, herri batetik bestera herritarrak eramaten zituen. Egun, Natur Bidea da, eta ibiltzea edo bizikleta gustuko baldin baduzu, aukera paregabea da zonaldea ezagutzeko. Guztira ia 40 kilometro dira Bertizetik Endarlatsara, Bidasoa ibaia bidelagun dela. Bertako herriak lotzen zituen trenak, eta egun, biztanleak elkartzen ditu ere, oinez edo bizikletaz. Ibilbidean zehar paisaia ikusgarriak ikusiko ditugu eta han-hemenka baserriak dituzten zelai berdeak. Oinez edo bizikletaz, beti izanen da bide erraza eta atsegina.

Sorginen eta mitoen lurraldea da Nafarroako iparraldea, eta, batez ere, Zugarramurdi eta Urdazubi. Akelarre eta sorgina funtsezko hitzak dira bertan. Mugaren bi aldeetara dauden lau udalerrik osatzen dute Xareta lurraldea: Zugarramurdi eta Urdazubi Nafarroan, eta Sara eta Ainhoa Lapurdin. Bertan mugak galdu egiten dira mendien, larre berdeen, erreka liluragarrien eta baso hostotsuen artean. Hain zuzen ere, mugan dauden herrien arteko harremana sustatzeko sortu zen Xareta, eta egun mantentzen da herritarren lanari esker. Xaretako lurraldean herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta auzolana eta elkarlana eguneroko kontuak dira. Hain zuzen ere, lurralde horretako lau herriak lotzen dituen ibiltarientzako bide bat dago, zaldi urdin batekin markatuta dagoena. Larreak eta basoak zeharkatzen dituen ibilbide lasaia da eta tarterik ospetsuenak, Urdazubiko, Zugarramurdiko eta Sarako leizeak lotzen ditu. Bailaren arteko harremanak garatzen dituzte, lankidetza eta elkarlana sustatuz, herri egitasmoen bidez egiten baita lurraldeen arteko saretzea.

Zubietako errota bisitatzea eta errotazainaren lanean murgiltzea izan daiteke beste aukera bat. Ezagutu nola funtzionatzen duen irin errota tradizional batek. Bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen dute bai eta erakusketa etnografikoa eta bertako arto-irina erosteko aukera ere. Horrez gain, errotak aukera ematen du artoa eramateko eta bertan irina egiteko. Errotaren soinua eta usainak ezin konta ahala sentsazio sortzen dituzte.

Natura maite eta errespetatzen duen bisitariari baliabide interesgarriak eskainiz, inguruko herritarren artean bizitzeko modu jasangarriak eta osasuntsuak bultzatzea ere bilatzen du. Aipatutako baliabideek, natur espazioek eta ibilbideek bat egiten dute Nafarroa Ezagutu Sarean. Lurralde garapen iraunkorraren alde egiten du sare berriak, eta guneak babestu eta sustatzeaz gain, landa eremua garatzea eta suspertzea du xede. Argibide gehiago aurkituko dituzue redexploranavarra.es webgunean.

Explora nuestros eventos en espacios naturales,

singulares e itinerarios. ‘Redexploranavarra.es’

TREN TXIKITOAREN BARNA

Garai batean bertako herritarrek Bidasoako trenean egiten zituzten bidaiak herri batetik bestera; egun, oinez edo bizikletaz egin daitezke. Guztira 35 kilometro dira Doneztebetik Endarlatsara, Bidasoa ibaia bidelagun dela. Ibilbidean zehar paisaia ikusgarriak ikusiko ditugu eta bide erraza eta atsegina da.

BASERRITIK MAHAIRA

Gazta, esnekiak, eztia, sagardoa, kiwia edota txokolatea osatzen dute zonaldeko elikagaiak. Nafarroako iparraldeko zaporeak dira, maitasunez eginak eta amalurra zainduz. Dastatu itzazu.

URAREN

BAILARAK

Urak elkartzen ditu Bidasoa, Larraun eta Leitzaraneko herriak. Zalantzarik gabe izokina da Bidasoako ikurra, jendeak gehien maite duen arraina. Horrez gain, Malerrekako eskualdearen bihotzean dago Leurtzako urtegia eta ibilbide sorta polita eskaintzen du.