Atxaga: nobelagintzaren bidearen amaiera

10.02.2020 | 07:55
Atxaga se despide de la novela con 'Etxeak eta hilobiak'

Bernardo Atxagak amaiera eman zion atzo bere nobelagintzaren ibilbideari Etxeak eta hilobiak izeneko liburuaren aurkezpenarekin. Atxaga: “El Pardoko kuartelean ezagutu nuen mika batek piztu zuen eleberri hau idazteko ideia”

Bernardo Atxagak amaiera eman zion atzo bere nobelagintzaren ibilbideari Etxeak eta hilobiak izeneko liburuaren aurkezpenarekin. Pamiela argitaletxearekin argitaratu duen eleberri hau izango da Atxagaren azkena, izan ere, hemendik aurrera beste narrazio laburrago batzuk landu nahi omen ditu idazle asteasuarrak.

Mugimendua duen errealitatea islatu nahi izan du Atxagak eleberri honetan, eta "bizitza ur hariak harri artean igarotzen diren bezala pasatzen da" metaforaren gainean eraiki du istorioa. "Hori da liburuak biltzen duen ideia poetikoa", azaldu zuen Atxagak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean.

Marcel Prousten madalena edo Tolstoiren kardulatza bezala, Etxeak eta hilobiak idazteko mika bat izan da Atxagaren inspirazio iturri. "Dena mika batek piztu zuen. Txori horrek 40 urte baino gehiago daramatza nire memorian. Madrileko El Pardo kuartelean ezagutu nuen eta harrezkero nire buruan egon da", adierazi zuen Atxagak. El Pardo kuarteleko txoriak bere inguruan gauza asko jasotzen zituela iruditzen zitzaion idazleari.

"Kuartelean jende oso arruntaren artean gertatzen diren gauzak jaso-tzen zituen eta niri jende hori interesatzen zait, tartekoa sentitzen naizelako", nabarmendu zuen.

Orain lau urte ekin zion Atxagak Etxeak eta hilobiak idazteari, eta zailtasun handiak izan ditu bidean. Hasieran ez zizkion kontakizunari "hegoak" ikusten eta izenburua ere ez da hasieran jarri nahi zuen bera. 2015ean idazten hasi zenean, liburuari Francori cabrón deitu zion soldadua izena jarri zion. 22 orrialde idatzi zituen eta ezin izan zuen kontakizunarekin aurrera jarraitu. "Hasieran, buruan jotako mika bat bezala erori zen testua", adierazi zuen.

Bi urteren ostean, berriro ekin zion eleberria idazteari, eta orduan, Pamela izenburua jarri zion. "Ideia honek hego handiagoak zituen eta 44 orrialde idatzi nituen. Baina, berriro ere, mika abaildu egin zen eta ez nion aurrerabiderik ikusten", azaldu zuen. Azkenean, bere bizilekuan, Arabako lautadan, bizi diren mikek gogora ekarri zioten zerbait idatzi behar zuela, eta zorionez, Atxagak laster lortu zuen bere gustuko bidea aurkitzea.

Behin betikoz Etxeak eta hilobiak izena duen nobela, Frantziara frantses ikastaro bat egitera joan eta mutututa itzuli zen Elias izeneko nerabeari buruzko kontakizunarekin hasten da. "Kuartelean nengoenean mutututako mutiko bat ezagutu nuen eta mutiko hori, mika bezala, nire baitan geratu zen urterik urte", esan zuen.

Hortik hasi zen nobela pixkanaka josten eta pertsonaia berriak sortzen, 400 orrialdeko eleberri hau osatu arte. Beste protagonista garrantzitsu batzuk ere biltzen ditu eleberriak, esaterako bikiak diren pertsonaia ba-tzuk. "Bikiek kulturaren historian ibilbide handia izan dute. Bereziak dira eta niri, pertsonalki, asko gusta-tzen zaizkit bikoiztutako pertsona horiek", azpimarratu zuen.

Eleberria sei ataletan banatuta dago eta gai unibertsalak jorratzen ditu. Kapitulu guztietan urteak eta denboraren joan etorria oso markatuta agertzen dira. "Nire Obabakoak eleberrian ez dago inolako datarik eta ez dakigu noiz gertatzen den. Eleberri honetan, ordea, historian zehar garai haietako egunkaritan agertu ziren gauzak ere badaude, eta garaiak kutsatu egiten du atal bakoitza", azpimarratu zuen. Hori da liburu honen ezaugarri nagusia. Atal bakoitza independentea izanik, badaude elkarren arteko loturak ere.

Etxeak eta hilobiak dagoeneko salgai dago 23 eurotan, eta datorren otsailean, Alfaguara argitaletxeak Etxeak eta hilobiak-en gaztelaniazko itzulpena kaleratuko du.

Aurrerantzean, Bernardo Atxaga beste mota bateko narrazioak idazten jardungo da, formatu txikiagoa baina kalitate maila bera izango dutenak. Sorkun-tza berri horien artean, Altsasuko gertaerak literaturara ekartzea gustatuko litzaioke.