- Krisiaren astinaldia bizi-tzako sektore guztietara iritsi dela ukaezina da, eta kulturaren arloan arrakala nabarmenak sortu ditu. Bertsogintzan ere, doike. Bertan behera gelditu dira bertso udalekuak eta barnetegiak; Bardoak taldekako bertso ekimena, Sakontze Bertso Eskola, Plazara!, bertso eskolen egunak... Eta beste hainbat ekimen. Halaber, bertsoak ez ditu plazak hartuko udan, aurrez-aurreko saioak egiteko zailtasuna kontutan izanda, hain zuzen bertsolariek lan gehien egiten duten garaian. Egoera zail honen aitzinean, “bertso plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko” helburuarekin, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu ekimen berrietara.

Elkartetik adierazi bezala, proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan dira. “Elkartean ez ezik, bertsolaritza mugimendu osoan eragin nabarmena izan du osasun krisiak, noski. Ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dugula gogoan, egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditugu abian”.

Egoera latzaren aurrean, Bertsozale Elkarteak plaza berriak irekitzeari ekin dio. Alde batetik, hezkuntzaren arloan “baldintza berrietara azkar moldatzeko ahalegina” egin duela nabarmendu du. “Aurreko urteetan, www.bertsoikasgela.eus prestatzen egindako lana oso baliagarria izan da azken hilabetetan. Bertsozale Elkarteko irakasleek Internet bidez eskaini dituzte eskolak, eta modu honetan arituko dira ikasturtea amaitu arte”.

Plazara begira, konfinamendu garaian bertsolaritza mugimenduko hainbat eragilek online saioak jarri dituzte martxan, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere Konfinamenduko bertso saioak egitasmoa abiatu du Nafarroako hainbat irratirekin elkarlanean.

Gaurtik aurrera, internet bidezko bertso plaza aberastuko du elkarteak, “garai honetarako Lankuren bidez hitzartuta zeuden zenbait saio sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta”. Esperimentazioa oinarri izanen duten saio hauek bertsoa.eus ataritik bideratuko dira, eta hiru izanen dira nagusiki: Potokastak, bertsolari gazteei egindako elkarrizketak; Plaza, lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi izan diren saioak, online formatuan eta hartara egokitutako Villabonako Subijana etxean grabatuko direnak; eta Bidaiak, inertziak hautsi eta esperimentatzeko gunea, formatu eta gaitegian berritzailea izateko sena izango duena.