- "Koronabirusaren pandemia gure garaiko osasun-larrialdirik garrantzitsuena bihurtzeko bidean da. Bizi garen mundua izugarri konplexua dela erakusten digu, baita haren dinamika sozial eta politikoak ere, pertsona arteko harremanak eta alderdi psikikoak barne. Pasatzen ari garen hau identitate eta kultura guztietatik haratago doa. Kutsaldia ageriko adierazgarria da, ikusarazten diguna noraino bihurtu den gure mundua globala, interkonektatua, korapilatsua oso. Kutsaldi garaietan elkartasun-falta irudimen-falta da beste ezer baino gehiago". Abiapuntu hauxe du Paolo Giordano (Turin, 1982) idazle italiarrak argitaratu eta Erein argitaletxeak bultzatuta euskaraz ere irakurri daitekeen Kutsaldian lanak. Xabier Olarrak eta Fernando Reyk itzuli dute italarriaren liburua, formatu digitalean deskargatu daitekeena.

"Pandemiaren inguruko lehenbiziko liburua" deitu zaio Paolo Giordanoren 'Kutsaldian' lanari. Zer-nolako lana da?

(Xabier Olarra) - Koronabirusaren krisian kokatu eta idatzitako lan xume bat da, egileak berak dioenez. Otsailaren 19an artikulu bat idatzi zuen Corriere della sera egunkarian. Eta ondoren kutsaldiari buruzko hainbat punturi buruzko gogoeta sail bat agertzen jarraitu zuen hurrengo artikuluetan: zer den epidemia bat XXI. mendean, nola hedatzen den, zer eragin duen gobernuen jokabidean, gure portaeran, zer aldaketa ekar litzakeen, eta gogoeta interesgarri batzuk gai horiei buruz.

Zer testu mota da Giordanoren liburuxka hau?

X.O. - Saiakera labur bat da. Gorago aipatutako artikulu horien haritik tiraka egindako hausnarketen bilduma bat dela esan genezake. Elkarrekin lotutako artikulu laburrez osatutako bilduma da, ikasketaz zientzialari den idazle batek egina, fisikaria baita Paolo Giordano.

Fernando eta Xabier, Erein argitaletxeak plazaratu duen lana bion artean euskaratu duzue. Nola ailegatu zen zuen eskuetara eta zergatik iruditu zitzaizuen garrantzitsua gurera ekartzea?

X.O. - Ella Sher agente literarioak, Elena Ferrante idazle italiarraren eta euskal idazle batzuen agente ere badenak, hainbat argitaletxeri eskaini zien liburua argitaratzeko eskubideak erosteko aukera. Azaldu zuen ekimen berezi bat zela, eta hainbat hizkuntzatara itzuliko zela liburua. Interesgarria zen proposamena, baina egoera hain berezia zenez, inprimategiak itxiak eta liburugintzaren kate osoa geldirik bai-tzegoen alarma egoeran, argitaletxe horiek ezinezkoa ikusi zuten argitaratzea. Orduan, Erein argitaletxeak pentsatu zuen agian komeni zela oraingoz e-book gisa argitaratzea eta dena bere onera etor-tzen denean inprimatu eta zabaltzea. Egoera zail horretan, Berria egunkaria izan zitekeen liburuxka zabaldu eta banatzeko bidea. Hari horiek guztiak lotuta, ekin genion itzulpenari.

(Fernando Rey)- Xabierrek hari guztiak mugitu, eta itzultzeko proposamena egin zidan, elkarrekin egiteko eta nik gero azken testuari forma emateko. Monika Etxeberriak ere lagundu digu pixka batean. Denbora bagenuen, birusak gure etxea ere astindu zuen, etxealdian ginen, itxialdian, eta ti-ta egin genuen, ez baitzen luzea, eta bagenuen denbora. Gero, nik azken errepasoa egin eta kitto. Liburua interesgarria da, eta, honetan guztian bada beste gauza bat ona gure sistema literarioari dagokionez: berehalaxe ekarri dugu euskarara, eta euskal irakurleak gure hizkun-tzan irakurtzen ahal du, gaztelaniara edo frantsesera jo beharrik gabe. Otsailaren 29an hasi zen Paolo idazten, eta berak bukatu eta handik laster euskaraz dugu.

Hasieran egileak egiten dituen hausnarketak nola garatzen dira denborak aurrera egin ahala?

F.R. - Esan genezake azalpen zientifikoetatik hasita gogoeta orokorretara lerratzen dela pixkana. Gogoeta eta azalpen desberdinak ageri dira liburuan: birusa kutsa-tzeko dinamikaren azalpena, pandemia baten gakoak eta kutsaldia geldiaraztekoak, pandemiei buruzko azalpen matematikoa, pertsonaren sentimenduak, beldurrak eta esperantzak, munduko errealitatearen gaineko hausnarketak.

Erranen zenukete, orokorrean eta kasuan kasukoak kontuan hartu gabe, gizarte bezala bizi-tzen ari garen sentipen eta hausnarketekin bat egiten duela liburuak?

F.R. - Gauza batzuetan ez. Jendeak lehengora itzuli nahi du, deus gertatu ez balitz bezala lehengo bizimodua berreskuratu. Eta hori ez da posible, eta ez da ona. Krisi honek ekonomian, munduaren pertzepzioan, ekologian eta beste arlo askotan aldaketa sakona egiteko pizgarria izan behar luke. Konfinamendua bukatu, bai baina ez lehen bezala bizitzen segitzeko.

Zein ideia nagusitzen dira Giordanoren lanean? Beldurra, mesfidantza, itxaropena...

F.R. - Nire ustez, denetik dago. Batetik, beldurra, gehienbat ez birusari edo pandemiari, baizik eta berriz lehengo normaltasunera itzultzeko obsesioari. Itxialdia bukatzeko gogoa eta normaltasunera itzuli nahia logikoak dira, baina errealitatean aldaketa sakona egiteko abiapuntua izan beharko luke krisi honek. Zerk ekarri gaitu hona? Zer aldatu behar dugu? Nola bizi beharko genuke hemendik aurrera halakorik gerta ez dadin? Krisi hau bukatutzat eman eta aldaketa sakonik ez badago mundua eta harremanak antolatzeko moduan, amildegira goaz, jai daukagu.

Eta bestetik?

F.R. -Bestetik, itxaropena ere badago. Krisi hau gure pentsamoldea aldatzeko pizgarria izan daiteke eta gauza bat utzi du garbi: denak bat gara, mundua komunitate bakarra da, eta elkarri lotuak gaude, eta denentzako konponbideak behar dira. Giordanok beste gauza positibo bat ere nabarmendu du, esperantza iturri dena berarentzat: norberaren babes hutsa ez baizik eta denen segurtasuna ziurtatzearren zeinen zintzo erantzun eta jokatu duen jende gehien-gehienak itxialdian.

Bizi gaituen errealitate "irreal" hau, etorkizunera begira, literatura lan ugaritarako abiapuntu bihurtuko dela erranen zenukete?

X.O. - Horrelako shock baten ondoren, zaila da horren isla ez agertzea ondorengo literaturan. Hemen bertan ere hasi dira dagoeneko bide horretatik idazle batzuk. Denborak esan beharko du emaitzak iraunkorrak diren, edo pandemia bezala, atzean uzten dugunean, ahazturaren putzu sakonean ahazturik gelditzen diren.

"Jendeak lehengora itzuli nahi du, deus gertatu ez balitz bezala. Eta hori ez da posible eta ez da ona"

"Pandemiaren azalpen zientifikoetatik hasita gogoeta orokorretara lerratzen da lana"

"Horrelako shock baten ondoren, zaila da errealitate honen isla ez agertzea ondorengo literaturan"