Iñigo Legorburuk onartu du etxean pilatzen ari zaizkiola literatur sarien garaikurrak. Ez da harritzekoa, azken bi hamarkadetan 95 inguru irabazi baititu, eta argi dago hainbeste trofeo gordetzeko apal asko behar direla. 2020 arraroaren ostean, zeinean sariketa asko bertan behera utzi dituzten, hasi berri den urtean jarri du soa, sari gehigarria izango den 100. lehiaketa irabazteko desirarekin. "Herri literatura" egiten duela dio, hau da, ez da CAF bezalako erakundeek antolatzen dituzten lehiaketetara aurkezten, baina udaletxe ezberdinek eta erakunde txikiek sustatzen dituzten txapelketetan ohiko partaidea da: "Euskal Herria ezagutzeko modu bat ere bada".

Covid-19ak baldintzaturik bertan behera utzi dituen txapelketez harago, probetxuzko urtea izan da Legorbururentzat: hamasei literatur sariketara aurkeztu eta horietatik hamar irabazi ditu. Are gehiago, Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia lehiaketan marka hautsi du: 1983. urtean txapelketa antolatu zen lehenengo alditik, Legorburuk egin duena ez du beste inork lortu: hiru genero literarioetan -bertsopaperean, narratiban eta poesian- gailentzea, alegia.

Ipuin laburrak, mikro-kontakizunak, bertsopaperak, poesia, aforismoak, idazlanak... Legorburuk ez du arazorik, genero guztietan sentitzen baita eroso; hori bai, formatu "motzean". Idazteko orduan "sprinterra" dela dio, formatu laburrean nabarmentzen da bere gaitasuna. Nabari da, erreportaje honetako titularra ere bere proposamena baita, kazetariak, borobila iruditu zaiolako, aise onartu duena: "Literatur sariak ehuntzen". Hain zuzen ere, XXI. mendearen hasieratik hona, hori delako "sortzaile" honek egin duena, hitzak josi gerora sariak ehuntzeko.

Bere etxeko apaletan hamaika txapel eta errekonozimendu pilatu arren, Legorburuk ez du bere burua idazletzat. "Idazlea hitza handiegia da; egiten dudanarekin ondo pasa-tzen dut baina ez naiz liga horretan ikusten", dio umil. Horren ordez, "sortzaile" bezala definitzen da. Bere ogibideak, bestetik, ez du literaturgintzarekin zerikusirik, galdaragilea da, baina gauzak oso argi ditu, "sormena, sormena da" eta "autodidakta" izanik ere, "idazten eta idazten" hobetu egin duela uste du. Emaitzek arrazoia eman diote, dudarik gabe.

Gaztetan Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolan hasi eta bertan ekin zion bere lehen bertsopaperak idazteari. 2000. urtearen bueltan hasi zen sariak ehuntzeko prozesu horretan, baina, onartu duenez, urtean pare bat lehiaketetara aurkezten zen soilik, zerbait "soltea zen"; gerora, ordea, genero ezberdinak lantzeari ekin zion. Azken bosturtekoan, aldiz, erritmoa asko bizkortu du. 2020an hamar sari irabazi bazituen ere, goia orain hiruzpalau urte jo zuen, hamabost sari irabazita.

Lortutako guztien artetik Errenteriako Mariasun Landa sariaz hitz egin du -urtero, herriko emakumeek egindako ekarpenaren berri ematen duten idazlanak saritzea helburu duena-, "oso kuttuna" omen duelako. Berezien artean badu beste bat: EHUk eta Donostiako Euskara Zerbitzuak antolatu izan duten Oihenart Aforismoen lehiaketa; hau "pare bat" aldiz irabazi duela azpimarratu du.

Euskal Herriko txapelketa zirkuituan Iñigo Legorbururen izen-abizenak -askotan errepikatzen diren beste batzuenak bezala- ohikoak bilakatu dira. Gauzak horrela, Zumarraga-Urretxuko Iparragirre Saria lauzpabost aldiz irabazi du Bertsopaperen kategorian. Hondarribiko Bordari eta Satarka lehiaketari dagokionean, 2013. urtetik hona Poesia sailean urtero izan da garaile. Ez hori bakarrik, edizioren batean lehenengo eta bigarren sariak ere irabazi ditu.

LIBURURIK EZ

Garaile izandako obra guztiekin noizbait liburu bat osa-tzea du buruan Legorburuk. Halere, bestelako libururen bat egitea kosta egingo zitzaiola uste du; sor-tzaileak lehiaketek behartzen duten amaiera data bat behar baitu testu batekin aurrera egiteko, "estimulu" hori behar du. "Helbururik gabe idazteak ez dit inoiz funtzionatu", aitortu du.