ertolt Brecht idazle alemaniarraren obra nagusietakotzat hartzen den Ama Kuraia antzezlana Iruñeko Gayarre Antzokiko oholtzara ailegatuko da gaur. Gerraren eta merkataritzaren harreman ezinbertzekoan murgiltzen den obrak mugarri bat ezarri zuen XX. mendeko alemaniar antzerkigintzan eta mundu osoan zehar egokitua eta eszenaratua izan zen. Orain, Bilboko Arriaga Antzokiaren eskutik eta María Goiricelayaren zuzendaritzapean dator euskarazko bertsioan, Kepa Errastiren itzulitako testuarekin. Taula gainean, eskarmentu handiko aktore taldeak gorpuztuko du obra: Itziar Lazkano, Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Mikel Martinez, Gabriel Ocina, Alfonso Díez, Idoia Merodio, Aitor Borobia eta Adrián Garcia De Los Ojos. Ana Fierling obrako protagonistaren papera, hain zuzen Ama Kuraiarena, Ione Irazabalek eginen du. Emanaldia arratsaldeko 19.00etan izanen da, eta gaztelerazko azpitituluekin lagunduta emanen da.

"Gizadiaren desgraziaz" hitz egiten duen obra dela azaldu du Goiricelayak. Identifikatu gabeko lekuan kokatzen den gudu batean, Ana Fierling protagonistak bizirautea izanen du helburu. Gerraren kontra ager-tzen bada ere, gerra du bizibide, eta bando bat zein bestea zerbitzatuko ditu bere seme-alabek lagunduta. "Bizirautea izanen du helburu, bai, baina horretan dagoela gehien maite duen hori galduko du. Gerrak eragiten duen miseria eta gorroto garaian, gizakiak bere okerrena ateratzen duela erakusten digu an-tzezlanak".

Brechten jatorrizko obra Ama Kuraia eta haren seme-alabak (Mutter Courage und ihre Kinder) izenburupean estreinatu zen, Paul Dessauren musikarekin. 1933an nazien Alemaniatik ihes egin ondoren, Brechtek bost astetan idatzi zuen lana Lindingo uhartean, Suedian, 1939an, Finlandiara eta Estatu Batuetara Errusiatik ihes egin aurretik. 1941ean Zurichen estreinatu zen lehenengoz, eta 1949an Berliner Ensemblerako berrikusi, ekoitzi eta zuzendu zuen egileak. Alemaniar antzerkigintzako mugarrian bilakatu zen obra, eta munduko eszenatoki nagusietan oholtzaratu izan da.

Pertsonaia nagusia XVII. mendeko Grimmelshausenen eleberri pikareskotik aterata dago eta 30 urteko gerran kokatu zuen Brechtek. Jatorrizko obran, Anna Fierling saltzaile ibiltari maltzurra da, eta bizirik irauteko, katolikoen eta protestanteen arteko desberdintasunak trebetasunez saihesten ditu, Suediako armadari bere karromatoarekin jarraituz, gerrari eta giza minari etekina atereaz. Irabaziak lortzen ditu, baina hiru seme-alabek ordaindu beharko dute: Eilif, Schweizerkas eta Katalina.

Goiricelayak Arriaga Antzokiaren-tzat egindako bertsioan, gudua ez da leku zehatz batean kokatzen. "Mundu distopiko batean gertatzen den gerra bat da, ez-leku batean". Hala, mezua "eguneratu" duela ere argitu du zuzendariak: "Gerrak nola kon-tsumitzen ditugun irudikatzen du, nola komunikabideen bidez ikusten dugunarekiko sentiberatasuna galdu dugun. Gerrak irudien bitartez kontsumitzeak disoziazio moduko bat eragin digu".

Hala, obrako protagonista bera antzezlanak sinbolizatu nahi duen guzti horren "frisoan, isladan bilakatzen da". Zuzendariaren hitzetan, "bera muga baten erdian dago, ekilibrista moduko bat da. Gerra gorroto du eta aldi berea, behar du. Gizakiaren egoera prekario hori sinbolizatzen du, non balio materialak giza-baloreen gainetik ezartzen den".

Zuzendariarentzat erronka handia izan da obra hau eszenaratzea, aitortu duen bezala. "Baina erronka polita izan da, eta bereziki arro nago lehenengo emakumea izateagatik obra hau egokitzen. Izan ere, estatu espainolean zein Euskal Herrian ez zen oraindik ere hori gertatu". Lehenengo emakumea, eta lehenengoz euskaraz. Izan ere, Bertol Brechten obra hau Kepa Errastiren "lan xeheari" esker datorkigu orain euskaraz. "Ez gaude ohituta klasiko handiak euskaraz ikustera, eta uste dut hori ere aldarrikatu behar dela. Izan ere, jende gaztearentzat oso garrantzitsua da klasiko handiak euskaraz kontsumitzeko parada izatea ere".

Noiz. Gaur, Gayarre Antzokian, 19.00etan.

Ekoizlea. Arriaga Antzokia.

Zuzendaria. María Goiricelaya

Egilea. Bertolt Brecht.

Euskarara itzulpena. Kepa Errasti.

Antzezleak. Ione Irazabal, Itziar Lazkano, Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Mikel Martinez, Gabriel Ocina, Alfonso Díez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrián Garcia De Los Ojos.