2019-2020 ikasturterako aurreikusita zegoen estreinaldia osasun krisia medio bertan behera utzi ondoren, azkenean iritsi zaio txanda Jaso Ikastolako musikal berriari. Maiatzaren 14ean eta 15ean, datorren ostiralean eta larunbatean, oholtzaratuko da alzheimerra hizpide izanen duen Ximur musikala, Barañaingo Auditorioan. Bi saioak 19.00etan izanen dira. Sarrerak, 12 euroko prezioan eskuratu daitezke aretoko webgunean bertan, baita leihatilan ere.

Alzheimerraren sintomak nabari-tzen hasten den pailazoa da istorio honen protagonista. Bere pailazo hirukotearekin bizitza artistikoaren azken egunek gaixotasunari lekua nola uzten dioten kontatzen digu, bere kontrolpetik at dauden arazoei aurre egiteko beharra duelarik.

Antolatzaileek aditzera eman bezala, istorio honek bi helburu argi ditu: "Gure nagusiekin izan beharreko errespetua erakutsi nahi da, gizartean duten baliagarritasuna aldarrikatuz". Hala, Alzheimer gaixotasunaren sintomatologia ezagutzera eman nahi da.

"Pandemiaren egoerak asko baldin-tzatu ditu azken urte honetako entseguak eta emanaldiak baina gure musikala osatzen duen lan taldearen gogo eta ilusioa bizirik mantendu ditugu". Hala azaldu zuten ikastolako kideek egunkari honetan plazaratutako artikulu batean. Historio hunkigarri honek, zuzeneko 16 numero musikal, dantza eta akrobazia uztartzen ditu. Zuzendaritza lanetan, aurreko edizioetan bezalaxe, Imanol Janices eta Irantzu Zabaltza irakasleak aritu dira, eta alboan izan dituzte guraso talde zabala.

"Musikalaz gain, musikalarekin batera emanaldi bakoitzeko unitate didaktikoa sortzen dugu eta ikastolei banatzen diegu gaiarekin bat datozen jarduerak jorratu ditzaten". Horrela, Jaso Ikastolaren musikalak, euskararen sustapenean eta aisialdian eragiteaz gain, alderdi pedagogikoan ere eragiten du.

Proiektua gidatzen dutenek aditzera eman dutenez, izan ere, musikala antzezlan bat baino askoz ere gehiago da, alderdi pedagogikoan arreta jartzen duena: "DBH osoa hartzen du, konpetentziak lantzen dira, unitate didaktikoak sortzen dira ikuskizun bakoitzerako eta ikastola guztien eskura jartzen dira ikuskizunarekin batera landu dezaten, baloreak landu eta transmititzen dira emanaldi bakoitzean".