Bere marka pertsonalaren parte diren ahotsaren erabilera eta gitarra soinu biluzia baztertu gabe, Eneritz Furyakek aurreko lanetatik nabarmen desberdintzen den disko bat ondu berri du. Emandan-en soinu elektronikoek indarra hartzen dute, lehenengo planoan jarri gabe. Interpretazio andana eskaintzen dituzten irudi poetikoz jositako hamar kantuak, hala, argi-ilunez betetako unibertso narratibo batean bilakatu ditu musikari irundarrak.

Disko honekin zure ibilbidean aurrera pauso bat eman duzula dirudi.

-Bai, neurri batean esango nuke berez ibilbide hori aurreko singlearekin hasi nuela, Zaldi zuria eta Maskara kantuak biltzen zituena. Baina egia da oso lan laburra zela eta ahalegin oso txiki bat zela aldaketa hori gauzatzen hasteko. Nik banekien nora nindoan, hala ere. Emadan-en, ahalegin bat egin dut egin nahi nuen horretara gerturatzeko eta, nire mugen barnean bada ere, ahalik eta gehien zabaltzeko, zentzu horretan. Beldur askotatik askatzen saiatu naiz.

Zer nolako beldurrak?

-Ba, adibidez, zuzenekoena: orain arte gitarrak eta ahotsak soilik osatzen zituzten. Orain, sartzen diren sonoridade berriek beste bide bat ematen diote emanaldiari.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Argi zeneukan honekin lortu nahi zenuena edo bidean eraikiz joan den zerbait izan da?

-Ez nekien zehazki zein izango zen emaitza baina norabidea banekien. Banekien ez nituela gitarra eta ahotsa biluzik utzi nahi, giro eta iluntasun minimo batera hurbildu nahi nuela. Lehenbizi gitarra eta ahotsak grabatu nituen eta gero etorri zen elektronika eta beste tresnei zegokien produkzio zatia. Egia da bigarren zati hori oso intuitiboa izan zela, ez zela zehazki aurrez pentsatutakoa izan. Kantuek eraman nezaten utzi nuen, betiere nik sortu nahi nuen giro horien barruan, batzuetan burutan nuen horretatik urruntzeraino ere. Esate baterako, Beltzaile kantuan erabiltzen ditudan soinuak arcade edo bideojoko bateko soinuak izan dira: nik ez nekien horra helduko nintzenik. Baina kantuei beren bidea egiten utzi behar diezu.

Autoekoiztua izatea lagungarri suertatu da prozesua halakoa izateko?

-Bai, eta egia da hautu kontziente bat izan dela azken urteetan nire musika ibilbidean. Estudioetan grabatzeko edo beste artistekin kolaboratzeko aukera eduki dut, baina egia da erosoen sortzen dudan modua bakarkakoa dela. Lotsatia naizela izango da edo dena delakoa... Baina musika sor-tzeak eskatzen duen deshinibizio puntu hori ez dut lortzen taldean. Aldiz, bakarka bai. Gainera, erabakiak, onak edo txarrak izan, nire gain hartzeko aukera ematen dit horrek.

Diskoa xehetasunez eta ñabardurez josita dago, ahotsaren lanketatik hasi eta elektronikaren tratamendura. Soinu neurtuen unibertso moduko bat dela erranen nuke. Horretatik zerbait badago?

-Lehenengo, mila esker, deskribapen hori gustatu zait. Egia da xehetasun horiek ez direla zentzu esperimentalean egin, baizik eta zentzu narratiboan. Hitzak eskatzen zidan giroaren arabera, soinu bat edo bestea sartzen joan nintzen. Agian ere interesgarria litzateke hitzak esaten duenaren kontrako soinua sartu izana, baina kasu honetan ez da hala izan. Egia da kantu batean suaz hitz egin eta euria en-tzuten dela, baina oso kontraesan azalekoa da kasu horretan, ez naiz erotu kontraesan horren bila.

Soinu bandatik baduela irakurri izan dut, akaso honengatik guztiagatik da, narraziotik asko duelako.

-Nire musikan letrek eta ahotsak garrantzi handia daukate eta, kasu honetan, musikak horri jarraitzen dio, narratibotasun hori dauka. Soinu bandarenaren inguruan, egia da asmo bat bazegoela hasieratik eta zen disko oso bat egitearena, ez kantu desberdinen bilduma bat. Osorik entzun ahal izatea, hasieratik bukaeraraino.

Letretan ere nabaritzen da ibilbide hori. Irudi poetiko aunitz eskain-tzen dituzte kantuek baina, akaso, ideiaren bat nabarmentzekotan, inposatutako normaltasunetik ihes egitearen aldarrikapena izanen li-tzateke? ‘Suhartzea’ abestian, adibidez.

-Bai, egia da hasierako asmoa ez zela gai zehatz baten inguruan idaztea baina, kantu hauek idazten joan naizen heinean, egia da gai nagusia hori izan dela. Diskoa osatzerakoan tematika horretatik urrun gelditzen ziren kantuak alderatu nituen. Azkenean mezu hori gelditu da airean, egia den arren kantu bakoitzak norabide bat hartzen duela. Batzuetan, kontraesanean daude kantuen mezuak. Adibidez, kantu batean autosuntsiketa aldarrikatzen dut eta beste batean norbere burua maitatzea... Baina interesgarria iruditzen zaidan ideia bat da, eta iruditzen zait inposatzen ez diren bideak aldarrikatzeak badakarrela ulertzea bizitza edo gizakia ez direla linealak.

Aurkitzen den bertze binomioetako bat, kontrapuntuez ari garela, errealitatearen eta ametsen munduaren artekoarena da. ‘Jaio aitzin’ kantuan adibidez, edo ‘Junco’-n...

-Idaztearekiko dudan jarreran, iruditzen zait egiak fikziotik asko duela eta fikzioak ere egitik. Egiak, nolabait, fikzioa behar duela bere kabuz sostengatzeko. Ametsa baino, fikzioa esanen nuke.

Hain zuzen ‘Junco’ abestia aipatu dizudala, gazteleraz plazaratu duzun lehenengoa da. Badago arrazoi zehatzik erabaki horren atzean edo naturalki suertatu den zerbait izan da?

-Bitxia izan da. Naturalki horrela atera zen arren, ondoren borroka bat eduki nuen nire buruarekin. Ez nengoen ziur gazteleraz kantu bat atera nahi nuen edo ez. Ez da izan nahitaez konpromiso ikaragarri sendoa izan dudala euskaraz argitaratzearekiko baina, aldi berean, hor kokatu nahiz. Kantu hau gazteleraz atera zen eta itzulita ere badaukat, kantatu nezake euskaraz. Baina konturatu nin-tzen hizkuntzaz aldatzea kantuaren kontra jotzea zela. Gauzei diren modukoak izaten uztean datza, politak izan hala ez, nolabait esateko. Hausnarketa hori bazegoen alde batetik, eta bestetik, sonoritatearena. Hizkuntza desberdinetan abestea gustatzen zait, ahotsa aldatu egiten delako. Bi piano desberdin tresna berean edukitzea bezala da. Nire ahotsa ingelesez ez zait sobera gustatzen, adibidez, eta gazteleraz ahalegin berezi bat eskatzen dit soinuetako batzuk gehiegi ez markatzeko, erreak edo eseak bezala. Ahalegin horretan, apalago kantatzera behar-tzen nau, ia xuxurlaka, eta horrek sehaska kantu baten kutsua eman diezaioke berez nahiko iluna den abesti bati. Horregatik, zegoen moduan uztea erabaki nuen.

Kontzeptu berriren bat ere asmatu duzu: ‘Sinkropredazioa’. Taldearen aldarrikapen bat ?

-Xelebrea da hain zuzen ere bakarlari batek kontzeptu hori helarazi nahi izatea, kar kar... Kasu honetan, musika buruz idatzi nahi nuen. Metafora erraza zen itsasoaren irudia erabiltzea: olatuak, uhinak, arrainen mugimenduak... Batzuetan “friki” xamar jartzen nahiz kontzeptuak bilatzerakoan eta honen antzeko hitz bat aurkitu nuen, sinkronizazioa eta “depredazioa” hitzak batzen zituena, nolabait esateko: arrain handi batek jan dezake arrain txiki bat, baina arrain txiki askok defendatu dezakete beren burua arrain handi horren aurrean. Iruditzen zait disko honetan mezu positibo bat botatzen duen kantu bat dela, nahiz eta nahiko utopikoa izan. Hausnarketa, azken finean, zen musikak, beste diziplina askok bezala, balio dezakeela batzeko. Militan-tzia konkretuak oso modu zehatzetan irudikatzen ditugu baina hortik aparte ere badaude elkartzeko eta gure buruak defendatzeko moduak.

Arrainena ez da naturarekin lotutako erreferentzia bakarra, hor daude sua, euria, zuhaitzak, negua, udaberria... Baita erabilitako soinuetan edo azalean bertan ere.

-Ez zen izan aurrez pentsatutako zerbait baina egia da figura asko daudela naturarekin lotutakoak. Asko gustatzen ziat Florence Wlechek, Florence and the Machin taldeko abeslariak esan zuen zerbait, kantuek euren etorkizuna iragartzeko daukaten gaitasunaz. Zerbait mistikoa dirudien arren, azkenean, sortzen duzun zerbaiti gerora topatzen diozu zentzua. Kasu honetan naturarekiko lotura hori kasik inkontzientea izan da baina gerora zentzua topatu diot. Naturaren erreferentzia girotzeko edo nonbait kokatzeko modu bat da.

Elementu elektroniko horiek ere integralak edo naturalak suertatzen dira...

-Bai, niretzat bai. Diskoaren nahasketa egiterakoan, kasu batzuetan perfekziora hurbiltzen saiatu gara, kantuak karratuagoak izan zintezen. Baina kaos pixka bat ere utzi dugu. Ba-tzuetan zaratak izan dira, hor dago gitarraren trasteoa adibidez, soinu perfektutik urruntzen dena. Elektronika ere halako plano batean kokatu nahi izan dugu.

Diskoaren aurkezpenean aipatzen denez, euskal musikako ahots berrien artean zure lekua topatu duzu. Hala da? Leku zehatz batean kokatu zaitezke?

-Esaldi pixka bat tranpatia dela ere esan daiteke. Izan ere, niri beti kosta egin zait leku zehatz batean kokatzea. Esango nuke undergroundetik natorrela, hori existitzen bada; baina aldi berean ez didatela inoiz ukatu beste espazio batzuetarako sarbidea. Aldi berean, Euskal Herrian entzuten den musika zein den kontutan hartuta, zomorro bat naiz. Bi munduren artean nago eta, aldi berean, inon ez. Hamalau urte daramatzat oholtza gainean eta esaldi horrek ez dakit zenbat daukan egitik eta zenbat gezurretik, baina promozioa ere egin beharra da, badakizu.

Lana autoekoiztua izan den arren, behin diskoa plazaratuta Farmway Recordsen taldean sartu zara. Nola eman da hurbilketa hori?

-Diskoa dagoeneko bukatuta neukan Farmway Recordseko Ferminek (Lorente) deitu zidanean, eta une perfektuan azaldu zen. Pandemia egoerarik zurrunenetatik gentorren, hilabeteak eta hilabeteak igaroak genituen diskoan lanean eta ni leher eginda nengoen. Ez nuen nire burua ikusten promozio lanetan edo kontzertuak lotzen. Egia da burugogortasun handiarekin heutsi diodala beti Do It Yourserlf bideari baina bide hori ez dago kontrajarria filosofia horrekiko errespetagarriak diren beste taldeekin kolaboratzearekin. Horregatik eman nion baiezkoa.

19.30ean, O-ko Andre Maria plazan. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta euria eginez eszenatokia Descalzos karrikako Erraldoien Txokoan jarriko da.

‘Kantu eta Hitza’. Iruñeko Udalak antolatzen duen formatu txikiko kontzertu zikloaren eskutik, ostegunero eskainiko dira kontzertuak, ekainaren 24a arte.