- Loitzate Goñi, Ekhi Rojo, Nora Mendia, Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez izan dira Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketako irabazleak, atzo goizean Jokin Campion Iruñeko Udaleko Kulturako teknikariak eta Ander Perez Argote Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak prentsaurrekoan jakinarazi bezala.

Bidenabar, urriaren 27an Biziraute saiakera iaz gailendu zen obraren emanaldia eskainiko dela ere iragarri da. Sarai Robles bertsolariak idatzitako obra egileak berak, Julio Sotok, Sustrai Colinak eta Uxue Alberdik oholtzaratuko dute emanaldian, Miate Berriozabalek aurkezle lanak eginen dituelarik. Egun horretan bertan, saioaren aurretik, aurtengo lehiaketako sariak banatuko dira.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten bertsopaper lehiaketak hiru kategoria izan ditu, adinaren araberakoak. A kategoria 2008an edo geroago jaiotakoak bildu dira. Bertan, Loitzate Goñi izan da nagusitu dena, Xauli izeneko konposizioagatik: txakur bati eskainitako bertsoak “maitasun eta samurtasun handiz” idatzi dituela iritzi dio epaimahaiak. Bigarren postuan egile beraren beste lan bat sailkatu da, Baratzea, tonu umoretsuko lana. Hirugarren saria Ekhi Rojo Rodríguezentzat izan da. Garai berriak lanean, bere bizitzako garai berriei buruz hitz egiten du autoreak.

B kategoria 2004 eta 2007 artean jaiotako parte-hartzaileak bildu dira. Nora Mendia Zabalzak lehen saria irabazi du Barnen/hormez lanarekin, etxeaz ironia ukituarekin mintzatzen den lana. Bigarren lekuan Beñat Astiz Isasiren Kea darion bizitza honi lana sailkatu da, lantegietako bizitzari buruzkoa.

Azkenik, C kategorian (2003an edo lehenago jaiotakoak), Saioa Alkaiza Guallar nagusitu da Habitat lanarekin. Epaimahaiak deskribapenen kalitatea nabarmendu du, baita etxeko sofatik atera behar izan gabe amodioa, genero-indarkeria edo bakardadea bezalako gaiak lantzeko erakutsi duen gaitasuna ere. Eneko Fernandez Maritxalarren Olinpora bidean filmak bigarren saria jaso du, “eliteko kirolaren presioa bezalako gaurkotasuneko gai bati heltzeko moduagatik”.

Nafarroako Antzerki Eskolak (ENT) hartuko du datorren asteazkenean, urriaren 27an, Biziraute saiakera, Saioa Alkaizaren 2020ko lehiaketako lehen sarian oinarritutako bertso emanaldia. Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi bertsolariek hartuko dute parte. Aurkezlea Maite Berriozabal izango da. Musika Itsaso eta Haizea Agirrek jarriko dute eta Maider Alday izango da grafismoaren arduraduna.

Hiru pena mota bertsoak oinarri hartuta, bertso inprobisatuak eta bertso musikalizatuak tartekatuko dira, betiere landu den ardatza kontuan hartuta: pertsonen barne-mundua. Bertso idatzi hauetan, hiru pertsonaia karakterizatzeaz gain (aita deprimitua; ama indartsu bat, oso lanpetuta eta nazkatuta dagoena, eta 30eko hamarkadako krisialditik hurbil dagoen alaba gazte bat), egunerokoan islatzen ez diren barne-zalantzak ikustera gonbidatzen du egileak. Sarrerak 5 euro balio du eta dagoeneko www.laescueladeteatro.com webgunean eros daitezke, baita ENTeko leihatilan ere, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Atzerapena. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Bertsoaroa zikloa datorren urtera atzeratzeko erabakia hartu dutela iragarri zuten atzo. Arrazoia, jada 30 urteko ibilbidea duen zikloak pandemia medio urte hasieran behar zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin bat ez egitea izan da.