-Dagoeneko argitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako 45. edizioaren finalean arituko diren bertsolarien zerrenda. Igandean Leitzan jokatutako azken finalaurrekoan Joanes Illarregik (Leitza, 1999) eskuratu zuen garaipena eta, ondorengoz, finalerako azken pase zuzena. Saioaren ondoren, eta puntuazio bidezko sailkapena kontutan hartuta, Illarregirekin batera Eneko Lazkoz, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Xabier Silveira eta Eneko Fernandez izanen dira azaroaren 28an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finaleko oholtza osatuko duten bertsolariak.

Saio erabakigarria izan zen igandekoa eta nabaritu zen bertako giroan. Izan ere, 500 lagun baino gehiago bildu ziren herriko kiroldegian saioa jarraitzeko. Bertan aritu ziren Illarregi, Silveira, Fernandez, Sarai Robles, Iker gorosterrazu eta Julen Zelaieta. Saio puntuagarriaren ondoren, Saio puntuagarriaren ondoren, bertsolari leitzarrak eskuratu zituen puntu gehien (495,5) eta, horrenbestez, finalerako pase zuzena eskuratu zuen. Haren atzetik sailkatu ziren Silveira (462), Fernandez (461,5), Robles (449,5), Gorosterrazu (429) eta Zelaieta (420).

Final ani-tza izanen da Anaitasunakoa, beraz. Izan ere, dagoeneko azken oholtzara hainbatetan igo diren bertsolariak eta lehenengoz iritsi direnak bilduko dira bertan. Alde batetik, egungo txapelduna, Julio Soto: 2006an sartu zen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, 2009an txapeldunorde izan zen eta 2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019 urteetako txapelduna da. 2009, 2013 eta 2017 urteetan jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere parte hartu zuen. Zuzeneko pasea eskuratuz sailkatu den arren, puntuazioaren arabera ere lehenengo postuan mantendu da gorritiarra txapelketan, indartsu datorrela erakutsiz.

Xabier Silveira izanen da zortzi finalisten artean esperientzia luzeena biltzen duena. 1992an parte hartu zuen lehenengoz Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta zazpitan jantzi du txapela: 1997, 2004, 2005, 2006, 2007, 2009 eta 2013 urteetan. Azken aldian plazetatik aldenduta ibili ondoren, aurten itzuli da berriro txapelketara.

Lazkozentzat zazpigarren finala izanen da aurtengoa eta azken bi txapelketaten txapeldunorde izan da, Sotoren atzetik. Aurten zuzeneko pasea eskuratuz igaro da azken oholtzara, puntuazio bidez hirugarren postuan sailkatu den bitartean. Fernandezentzat bosgarren finala izanen da aurtengoa. 2013an parte hartu zuen lehenengo aldiz txapelketan eta urte horretan bertan laugarren postua eskuratu zuen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartzea lortuz. Aurten, zortzigarren postuan sailkatu da txapelketako finalerako. Joanes Illarregiren-tzat bigarren finala izango da azaroaren 28koa. 2019an laugarren postua eskuratu zuen eta aurtengo txapelketan indartsu datorrela erakutsi du leitzarrak, Zangozako final-laurdenean eta pasa den igandeko finalaurrekoan gailenduz. Puntuazioari kasu eginda, bigarren postuan sailkatu da, Sotoren ondoren. Xabat Illarregirentzat ere bigarren finala izanen da aurtengoa; eta azken oholtzara lehenengoz iritsi dira bai Saioa Alkaiza baita Josu Sanjurjo ere, azkeneko urteetako txapelketetan parte hartu izan duten bi bertsolari.