Asteburu zirraragarria honakoa Bertsolari Txapelketa Nagusian. Izan ere, gaur Donostian eta bihar Lizarran jokatuko diren lehenengo faseko azken bi saioek finalaurrekoetarako sailkapena argituko dute. Oraingoz, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Haritz Mujika eta Joanes Illarregi dira zuzeneko pasea eskuratu duten lau bertsolariak. Asteburu honetako irabazleak ere zuzenean pasako dira hurrengo fasera, eta beste 13 bertsolari puntuazioz sailkatuko dira. Donostiako Victoria Eugenia an-tzokian izango da gaurko saioa. Kantuan ariko diren bertsolariak Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Eñaut Martikorena Lizaso, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Onintza Enbeita Maguregi izango dira. Gai-emaile lanetan Leire Garatxena Larrabe arituko da.

Saio honetako irabazlea zuzenean igaroko da Irunen azaroaren 5ean jokatuko den saiora, eta bertan aurreko edizioko finalista Sustrai Colina, Gotaine-Iribarneko saioan garaipena eskuratu zuen Nerea Ibarzabal eta puntuazioz sailkatuko diren beste hiru bertsolarirekin batera arituko da. Bihar lehenengo faseko azken saioa jokatuko da Lizarrako Los Llanos aretoan. Bertsotan Aitor Bizkarra Ruiz, Asier Azpiroz Iztueta, Imanol Uria Albizuri, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Maialen Akizu Bidegain eta Unai Gaztelumendi Arandia ariko dira. Saioaren gidari lanetan, berriz, Amaiur Lujanbio Agirre ibiliko da. Saioko irabazleak Durangon azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekorako pasea lortuko du. Han, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta puntuazioz sailkatuko diren beste hiru bertsolarirekin arituko da. Bi saioak 17:00etan hasiko dira; ateak, berriz, 16:00etan irekiko dira.

Donostiako sarrerak, agortuta

Aste hasieran agortu ziren Donostiako saiorako sarrerak eta aforoaren doitzea dela eta, ez da txarteldegirik irekiko. Bertaratu ezinda geratu direnentzat, www.eitb.eus atariak zuzenean eskainiko du saioa 17:00etatik aurrera; baita, www.bertsoa.eus atariak ere.

Lizarrako sarrerak ere agortzear daude. Lizarran, baina, 15:00etan irekiko da Los Llanos aretoko txarteldegia. l

Saioak

  • Victoria Eugenia Antzokian, gaur, 17:00etan. Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita.
  • Lizarrako Los Llanos aretoan, bihar, 17:00etan. Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo ‘Mantxi’, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi.