Arnasa betean dokumentalak emakume zinemagileen ahotsak biltzen ditu. Nondik sor-tzen da filma egiteko ideia edo beharra?

Bertha Gaztelumendi- Jatorria gure historian dagoela esango nuke. Azken finean, Rosa eta biak aspaldiko lagunak gara, elkarrekin lan egin izan dugu. Donostiako Zinemaldian ezagutu genuen elkar, zinema programa bat egiten genuen elkarrekin. Zinema eta feminismoa beti izan dira gure ohiko gaiak, aspalditik maiztasunez hitz egin izan dugu horien inguruan. Bestetik, gure lan honetan beti faltan bota izan dugu, kazetari bezala, emakumeen presentzia. Gizonezkoak aurkitzen genituen beti kameren atzean eta haiei egiten genizkien elkarrizketak. Bagenuen, bestalde, elkarrekin lan egiteko gogoa. Osagai guzti horiek elkartzerakoan, hor atera zen kontua.

Rosa Zufia- Bai, hala izan zen. Ondoren, etorri zen emakume zuzendarien eklosio moduko bat. Emakumeak jaialdietan areagotzen hasi ziren, sariak jasotzen… Pentsatu genuen une ona zela hori guztia ospatzeko eta, ez hori bakarrik, baita atzera begiratu eta orain arte egindako lana, gehienetan ezkutuan egindakoa, kontatzeko. Nondik nora joan garen erreparatzeko. Zinegileekin batera, etorkizuna irudikatu nahi izan dugu ere.

Filmean itsasoa erabiltzen duzue emakume zinemagileen egoeraren metafora gisa. Nola ulertzen da metafora hau?

BG- Metaforaren jatorria da ikusi genuela zinemagileak maiz itsasoa erabiltzen zutela emozioak adierazteko. Bilaketa lanetan ari ginela, itsasoa toki nabarmenean jarri nahi genuela erabaki genuen, eta horretan jarri ginen. Gero, fikziozko atala ere badago dokumentalean: hiru urpekarik emakumezkoen zinemaren historian zehar gidatzen gaituzte, zinemaren mugarri ezberdinetara heltzen laguntzen. Paraleloan gertatzen den ipuintxo txiki bat da, baina oso ongi datorkio kontakizunari, esanahi asko islatzen dituelako.

19 emakumeren ahotsak, desirak eta frustrazioak bildu dituzue dokumental honetan. Ez dakit ideia komunik ba ote dagoen denen artean, baina sentsazio orokorren bat nagusitzen da?

RZ- Hasteko, oso emakume konprometituak direla, oso emakume indartsuak, asko borrokatu dutenak aurrera ateratzeko. Eta batez ere, jendeak uste duena baino zinema askoz ere aberatsagoa egin dutela.

BG- Benetan injustizia izan da, obra izugarri onak egin izanagatik bazterrean gelditu direlako maiz, horregatik bakarrik, emakume batek sinatu dituelako film horiek. Hain harrigarria da, alde batetik, eta hain ohikoa hau gertatzea aldi berean… Harridura hortik dator.

Emakume zinemagileen eklosio bat egon dela aipatu duzue. Aurretik egindako bidearen segida?

BG- Batetik, izan zirelako gara, eta erreferentziak hor daude. Bestetik, emakumeak izan dira oso intelegenteak eta sarean bilatu dute indartzeko modua. Elkartasun horrek bultzatu ditu hainbat ekimen, hainbat aukera. Denok batera askoz errezagoa da helburura heltzea.

RZ- Arlo desberdinetan sortu da sare hori. Alde batetik, elkarteak sortu dira, emakume zinegileen elkarteak, eta presio handia egin dute hartu diren neurriak lortzeko. Eta arlo pertsonalean ere, beraien artean eman da halako lan fluxu bat, non batak bestearen filmetan lan egin duen. Oso lagungarria izan da hori emakumeek zinema arloan aukerak izan dezaten.

Lan egiteko modua edo lana uler-tzeko modua desberdina da emakumeetaz ari garenean?

BG- Galdera hori oso zaila da baina ausarta izango naiz: esango nuke demokratikoagoa dela.

Zer aldatu da zinemagintzan emakumeak agertu direnetik?

RZ- Hasteko, falta zen begirada edo begiradak existitzea. Emakumezko pertsonaia protagonistak sortzen ari dira, lehen gutxitan agertzen zirenak. Pertsonaia oso indartsuak, mundu propioa dutenak eta estereotipoak apurtzen saiatzen direnak. Esperimentazioaren grina ere aurkitu dugu. Gauza asko eta oso desberdinak egiten dira, eta hori da aldarrikatu behar dena, aniztasuna.

BG- Aniztasuna eta bakoitzaren mundu propioa dira legea.