Ruper Ordorika, gitarra eskuan, publikoari bere errepertorio luzearen ale berezienak eskaintzen. Halaxekoa izanen da igande honetan musikari oñatiarrak Baluarteko eszenatokian eskainiko duen emanaldia. Kontzertu baten bertsio oinarrizkoena, primitiboena, baita tranparik gabekoena ere: musikaria, entzulea, musika. Guzti hori eta besterik ez, eta hori asko da.

Igande honetan izanen zaitugu hemen, Iruñean, Baluarte antzokian. Beti ongi hartu zaituen lekua bada Iruñea, zein aldarterekin zatoz?

–Beste hiriburuetan udazkenean arituko naiz baina egokia iruditzen zitzaidan bertan udaberrian egitea, diskoa zabaltzea. Iruñean jotzea beti beharrezkoa da.

‘Bakarka bi’ diskoa aurkeztera zatoz. Bakarka, ahots eta gitarra hutsez grabatutako diskoa, 12 kantuz osatua. Zerk eskatzen zizun diskoa hala egitea?

–Bigarren hau, izenak aditzera ematen duen bezala, lehenengoaren jarraipena da. Duela 10 urte nire buruari esan nion bakarka emanaldi bat antolatu behar nuela, baina ongi egindakoa. Kantuak biltzen eta moldatzen hasi nintzen horretarako, eta disko hauek, bai lehenengoa bai bigarrena, horren ondorio dira. Nahiz eta askotan taldearekin ibiltzen naizen, bakarka ere bai, eta kantuak beste era batera gauzatzen dira hor. Lehendabiziko diskoak harrera ona izan zuen. Horretaz aparte nik, entzule bezala, horretarako zaletasun handia dut: normalean beste testuinguruetan entzuten ditudan musikariak bakarka ikustea asko maite dut. Pentsatzen dut egongo dela ni bezalakorik…

Bakarka aritzerakoan kantuak eraldatu egiten dira, baina aldi berean nolabaiteko jatorrira itzulera bat ere bada.

–Bai, eta kantu batzuek gutxiago eta beste batzuek gehiago sufritzen dute aldaketa hori. Niretzat ikasbidea da hau. Zenbait kantu, nahiz eta urte asko izan, etorkizunera mintzo direla dirudi; beste batzuk jendeak hautatu ditu, famatu ditu. Beste batzuk bazterrean gelditzen dira, eta berregokitzapen horretan beste bide bat hartzen dute. Badut sentipena aurrera egitea dela, niretzat. Hau esanda, entzulea emanaldian beste modu batera sartzen dela ere uste dut. Ikuskizunetik harago, beste harreman bat dago kantuarekin berarekin, batzuetan exijenteagoa ere bada entzulearentzat. Ikuskizun handi batean euskarri desberdinak dituzu, eta nahiz eta urrun sentitu musikatik, bildu egiten zaitu beste bide batzuetatik. Kasu honetan, beste harreman bat da.

Aldi berean, intimotasun handiago bat dauka.

–Bai, hala da, hurbilagoa da eta desberdina da. Baina hau horrela egitearen arrazoia ez da hainbeste joera orokorretik ateratzeko behar bat izan, baizik eta berezkoa dudala, nire hastapenarekin ere lotzen da.

Disko honetarako 12 kantu aukeratu dituzu, aurrekoan 10 ziren… Zein irizpide jarraitu duzu kantuak aukeratzerakoan?

–Ez doa norabide bakarrean, baina kantuak bere aurreko bertsioari zerbait gehitzen diolaren sentipenari jarraitzen diot. Adostasun bat da nire buruarekin, kantua behartua ikusten ez dudanean gertatzen dena. Argazki zaharretan bezala, errebelatuz doazen heinean agerian gelditzen dira abestiak, horrelako sentipen bat izan beharra dut. Ez du gauza taktiko handirik... Beharbada bazterrean gelditu diren batzuk hobeak zintezkeen, baina badakizu, azkenean disko batek une bat harrapatzen du. Bi diskoen artean, ongi erakusten dut egiten dudana, nire ustez.

Bada zure ibilbidearen erradiografia moduko bat ere, ezta?

–Nik uste dut baietz. Ez da inolaz ere hasierako asmoa izan, honaino ekarri nau duela hamar urte hasitako ibilbide horrek.

Oholtza gainean nola bizi duzu bakarka jotzearena?

–Kar-kar-kar. Badakizu, ni plazara heldu naiz nire zaletasunak bultzatuta, ez dut berezko doairik horretarako. Sentsazioa asko aldatzen da taldearekin jo ala ez. Beste modu batera behar dut dena ikustatu. Baina ez da sentsazio zehatz bat, zuzenekoa asko aldatzen da egunaren arabera, egokiera, tokia… Askotan, jendeak salbatzen zaitu. Jendeak ematen dio zentzua kantuari. Oso eztabaida zaharra da hau, baina nik badut uste musika gerta dadin, musikariak edo kantariak egon behar duela, baina baita entzuleak ere, hor ixten delako zikloa. Gauza oso oinarrizko batez ari gara: gizakiak beti egin du kantuan eta beti egon da entzule bat aurrean. Hor ez dugu deus asmatzen, akaso forma eta baldintzetan bai baina, funtsean, oinarrizko gauza bat da, mendeetan zehar errepikatu dena.

Gaur egun akaso ikuskizun handietara sobera ohitzen ari gara?

–Beste komunikazio asko daude gaur eta bai, izan daiteke. Nire sasoiko musikari dagokionez ere, deitu diezaiokezu rocka nahi baduzu, oso lotuta dago taldearen ideiarekin, konjuntoa esaten zen horrekin. Eta bai, gure belaunaldia horrela hasi zen, horri erantzunez gehienbat. Baina pittin bat atzerago begiratzen baduzu, nik orain proposatzen dudana beti gertatu da.

Erran dugun gisan, gitarra hutsez jotako abestiak dira hauek. Badakigu musikariek harreman berezia izaten duzuela gitarrekin, akaso badelako konposiziorako tresna ere, abestiaren sorburuan egon ohi den lagun hori. Zein harreman duzu zuk zure gitarrekin?

–Ba oso estua, bistan denez, kar-kar. Baina ez pentsa, oraindik zuzenekoetan hor nabil, frogak egiten. Duela gutxi Nafarroa Beherean eman nuen kontzertu batean hor agertu nintzen, lau gitarrekin, eta esan zidaten: “Beharrik ez duzun toki gehiago autoan, ze bestela denak ekarriko zenituzke”. Batzuetan, gure gauzak, gure tresnak ongi probatu behar ditugu eta horretan ibiltzen naiz. Baina baditut pare bat beti nirekin atxikitzen ditudanak.

Beraz zuzenekoetan gauza berriak probatzen aritzen zara?

–Bai, eta nik uste orain badaukadala set bat aski ona, kontent naiz daukadan jokoarekin. Baina atea beti irekita dago.

Abantailatxo hori ere ematen dizu bakarka jotzeak, ezta?

–Bai, hori da. Kantuen zerrendan ere aldaketan egin ditzakezu, batzuetan sartzen duzu kantu bat momentuak bultzatuta... Eta hori ez da hain erreza taldean ari zarenean, nahiz eta nire ohiko taldearekin urte asko daramatzaten eta badugun non hautatu. Baina bakarka, badakizu, zein herri edo tokitan zauden, horrek eskatuta aurretik pentsatu gabeko kanturen bat jo dezakezu.

Disko honek badauka erranahi berezi bat, Jonan Ordorika anaiarekin grabatutako azkena izan delako. Nola sentiarazten zaitu horrek?

–Esan gabe doa gauza hauek ez direla inorentzako errazak. Kasu zehatz honetan, nire anaiak lotura handia du, ez bakarrik diskoarekin, baizik eta zuzenekoekin ere, urte luzez kontzertuoro berarekin joan izan naizelako. Nik pentsatzen ez nuen neurri bateraino eragiten nau. Badut aldaketa sentsazio bat, uste nuena baino handiagoa dena. Anaitasunaz gain, hor dago urte askotako lankidetza bat, eta lotura berezia sortzen du horrek.

Dagoeneko bidearen zati bat egin duzu disko honekin, nola joan da orain artekoa?

–Ongi, ikasten ari naiz. Niretzako ikasbidea dira kontzertu hauek, baina oso pozik nago bere denboran erabaki hau hartu izanaz, bakarka aritzearena. Zeren nire zaletasunen atal bat betetzen du, jendaurrean bete gabe neukana. Horren harira ari naiz ikasten. Badu beste alde on bat, izan ere, formatu honi esker joan naiteke beste modura sekula ezagutuko ez nituzkeen herrietara. Antolaketaren aldetik, aukera handiak ematen ditu. Herri txikietan aritzen naiz eta horrek asko betetzen nau.

Polita da nork eta zuk, Ruper Ordorikak, ikasten jarraitzen duzula aditzea.

–Kar-kar… Bai, badakizu, batzuk ez gara lehendik ikasiak eta halaxe behar izaten dugu.

Igande honetan Baluarten izanen zara, eta hemendik aurrera badituzu beste data batzuk lotuta dagoeneko, hurrengoa Artzibarren eta gero Ortzaizen. Udara nola aurreikusten duzu?

–Udaberrian baditut kontzertu batzuk Nafarroan: Otxagin, Erronkarin eta beste batzuk, hemen eta han. Udazkenean talderaekin kontzertu pare bat eginen ditut, eta hiriburuetan ere egonen naiz, antzoki handietan. Hori ere aldaketa handia izaten da, ez baita berdina Ortzibarreko plazan edo Arriagan jotzea. Baina niretzako oso aberasgarriak dira biak, eta pozik nago horrekin.

HURBILETIK

‘Bakarka bi’: 2023ko udazkenean plazaratu zen ‘Bakarka bi’ diskoa, 2018an argitaratutako ‘Bakarka’ lanaren jarraipena. Azkarateko Mamia estudioan grabatua, Jonan Ordorika anaiarekin, 12 kantuz osatzen da lana: Erruduna, Alberto Caeiroren bisita, Zaldiak negarrez, Artista baten istorioa, Mila gau, Zaindu maite duzun hori, Haize goxoarena, Egin kontu, Zure ate ondoan, Aingeru guardakoa, Izen zaharrak eta Done ezer ez da ezinezko.